Ikerketa eszenikoko lau proiektu aukeratu ditue

Bizkaie! 2024-06-24 11:30   Kulturea

Artistak Egoitzan programean, sorkuntza eszenikoari laguntzinoa emoteko helburuagaz.

Bilboko Udalak, BilbaoEszenako Baliabide Eszenikoen Zentroaren bitartez, "Artistak Egoitzan" sorkuntza eszenikoari laguntzeko programean hautatutako lau proiektuak jakinarazo ditu. Lau proposamenak, dramaturgia barrien eta jantza garaikideen barruan kokatzen dira.

Programeak 28 eskaera jaso ditu, gehienak diziplina performatiboetan eta dramaturgia eszeniko barrietan oinarrituak. Hemen aukeratutako proiektuak:

  • El último baile. Eva Guerrero Konpainia eta Doos Kolektiboa.
  • Torcidxs. Las Nenas (Ane Sagües Abad eta Cristina Tomás Olaya).
  • Hezetasun erlatiboa. Katastrofen Teatroa.
  • Entre mi cuerpo y yo. Llorona llévame al río. Olaia Valle.

Artistek garagarrila eta urria bitartean egingo ditue egoitzak. Lehenengo proposamen biek 2.000 euroko laguntzinoa jasoko dabe, hasierako fasean dagozen proiektuak diralako, eta beste biei, garapen-fasean dagozenez, 4.000 euroko laguntzinoa emongo jake. Proposamen bakotxak espazio bat eta BilbaoEszenaren laguntza teknikoa izango ditu proiektua garatu ahal izateko.

Garapen fasean dagozen proposamen biak, Hezetasun erlatiboa eta Entre mi cuerpo y yo. Llorona llévame al río, sormen prozesua publikoaren aurrean estreinatzeko aukera izango dabe, BAD Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikidearen Jaialdiaren hurrengo edizinoan, urriaren 17tik zemendiaren 27ra bitartean.

El último baile

El último baile Eva Guerreroren proiektu berria da, egoitza honetan egindako ikerketea bategaz hasten dan prozesua. Testuak eta zuzeneko musikea izango dituan jantza garaikideko ikuskizuna izango da, 2024ko garagarrilean adineko pertsonei egindako alkarrizketa ugarien zatiekaz eginak. Eva Guerreroren jantza garaikideko ikuskizunak eta beste proiektu batzuk produziduten dituan Bilboko DOOS talde artistikoaren bidez egingo da.

Torcidxs

Torcidxs antzezlan eta performatikako tresna da, umorez egina eta Z Belaunaldiaren hizkuntza postironikoa erabili eta indarkeria estetikoko egoerak antzezten ditu. Ane Sagües Abad eta Cristina Tomás Olaya sortzaile eta interpretatzaile dituan Las Nenas antzerki-proiektu performatikoak proponiduta, piezearen soinu-espazioa ikertzea dau helburu. Soinuaren eta ahotsearen distorsino-tresnak erabiliz, esperientzia estetikoa ugaritu nahi dabe, gorputzearen eta ahotsearen arteko disoziazinoa aztertuz.

Hezetasun erlatiboa

Hezetasun erlatiboa euskerazko lana da eta BAD jaialdiaren hurrengo edizinoan estreinatuko da. Komedia garaikideko antzerkia da, adoreari, adiskidetasunari eta entrenau ezin diran gauzei buruzkoa, munduko kirolik zailenari buruzkoa. Katastrofen Teatroaren lan barria da, Leire Olaranek eta Jone Garciak osotutako konpainia.

Entre mi cuerpo yo. Llorona llévame al río

Entre mi cuerpo yo. Llorona llévame al río jantza garaikideko piezea da, zuzeneko musikeagaz. Olaia Valle Lópezek sortu eban, Ana Laguna konserbatorio profesionalean jantza garaikidea ikasi eta hainbat sormen proiektu eta konpainiagaz alkarlanean ibilitakoa. Azken urteotan, interprete-lana eta sorkuntza propioak buztartu ditu. Pieza BAD Jaialdiaren hurrengo edizinoan estreinauko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu