17 euskal federazino atxiki jakoz EKFBk eta EJk kirolean euskerea sustatzeko sinatutako hitzarmenari

Bizkaie! 2024-06-24 07:50   Euskerea berbagai

Gu Geu, Kirola Euskaraz kanpainea be aurkeztu dabe.

Euskerearen erabilerea normalizetako, ezinbestekoa da gure hizkuntzea gaur egun modu ez-formalean erabilten dan arloetara be heltzea, berbarako aisialdira. Horregaitik, Euskal Kirol Federazinoen Batasuna-Unión de Federaciones Deportivas Vascas (EKFB-UFDV) alkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren arteko lankidetza hau behar-beharrezkoa da kirolean euskerearen erabilerea normalizetako, kirola gune estrategikoa baita hizkuntzearen erabilerea finkatzeko, belaunaldi barrien arlo akademikoaz kanpoko jarduerea baita, eta eskolearen eta kalearen arteko zubi. Ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiria, EKFB-UFDVko buru Angel Gurrutxaga eta 30 kirol federazinotako ordezkariak.

2022tik gaur egunera arte, dagoeneko 17 federazino (alkartekide guztien % 35) atxiki jakoz euskerearen erabilerea sustatzeko hitzarmenari: Errugbia, Txirrindularitzea, Gimnastikea, Surfa, Plotea, Arrauna, Karatea, Mahai-Tenisa, Xakea, Halterofilia, Neguko Kirolak, Eskubaloia, Ugerketea, Patinajea, Atletismoa, Saskibaloia eta Judoa. UFDV-EKFBk erronka horreetan federazinoei laguntzeko martxan jarritako ekintzen artean, honako honeek ditugu: euskerearen diagnostikoak eta planak egitea, entrenatzaileentzako eta eskola kiroleko monitore laguntzaileentzako prestakuntza ikastaroak, hizkuntza estrategiei buruzko trebakuntzea, informazino txatalak, kontzientziazino kanpainak egitea eta bestelakoak.

Gure erronketako bat euskerarako espazio barriak irabaztea da. Aisialdiarena, eta zehatz esateko kirolarena da horreetako bat. Kirola, gazteei jagokenez, eskolearen eta kalearen arteko zubia da, arlo formalaren eta ez-formalaren arteko bidea; beraz, arlo hori oinarrizkoa da bihar-etzi euskerearen erabilerea sendotzeko eta, horretarako, kirola eta euskerea buztartzen dituen eragileei tresna egokiak emon behar deutseguz, erabilerea bultzatzeko, adierazo dau Bingen Zupiria Gorostidik, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak.

Kirolean euskerearen erabilerea eta normalizazinoa bultzatzeko federazinoek daben inplikazinoa aurrera doa baina pausuak emoten jarraitu behar dogu. Garrantzitsua da federazinoetan ekintzak bultzatzen jarraitzea eta, aldi berean, kirolean euskerea sustatzea; eta horixe dau helburu, hain zuzen, -Gu Geu, Kirola Euskaraz- kanpainea, azpimarratu dau EKFB-UFDVko buru Angel Gurrutxagak.

Gu Geu, Kirola Euskaraz

EKFB-UFDVk Gu Geu, Kirola Euskaraz publizidade kanpainea aurkeztu dau. Kanpainearen helburua da alkarteak batzen dituan 48 kirol erakundeen artean ez eze, Euskal Herrian kirol federatua egiten daben persona guztien artean ere euskararen erabilera sustatzea.

Horren helburua da animazino iragarki baten bidez kirol komunidadea suspertzea. Iragarki horretan erakusten da sano garrantzitsua dala kirolariak, arbitroak, jokalariak, entrenatzaileak, zuzendariak eta bestelakoak ume eta gazteentzat erreferente izatea, euskerea erabili eta sustatzeagaitik, sasoi batean Jose Angel Iribar Bilboko Athletic Clubeko atezain ohia izan zen bezela. Berak aurkeztu dau, erreferentziako beste kirolari batzuekaz batera (Julen Goia eta Iñi Vicens, besteak beste), kanpaina hau, gaiari keinu txiki bat egiteko asmoz.

Mezu emozional bat sortzen saiatu gara, hurbiltasunetik kontzientzia sortzen dauena eta kirolean euskerea sustatzeko aldaketa positiboa bultzatzen dauena, adierazp dau Angel Gurrutxagak, EKFB-UFDVko buruak.

Gu Geu. Kirola Euskaraz kanpainea bagilaren 21etik abuztuaren 31ra egingo da. Ikus-entzunezko zenbait pieza ditu eta sare sozialetan (Facebook eta Instagram) ikusi ahal izango dira #gugeu traoleagaz, bai eta kanpainarako berariaz sortutako webgunean be: www.gugeu.eus. Hor, kirolean euskerea sustatzeko jardunbide egokiak konsultau daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu