2024ko Bai Euskarari Sariak Kide Aholkularitza, Izarkom eta Ulma Taldearentzat
2024-06-21 09:53 KultureaEuskerearen erabilera areagotzeko lan handia egiten ari dira hiru entidadeak.
Euskerearen erabilera areagotzeko lan handia egiten ari diran hiru entidade saritu ditu Bai Euskarari Alkarteak: Kide Aholkularitza, Izarkom eta Ulma Taldea. Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan egin da sari banaketea. Dorleta Kortazar ipuin kontalariak egin ditu aurkezpen lanak eta ekitaldi intimo eta goxoa izan da, Txinparta bizia euskerearentzat lemapean, izan be, euskerea lan munduan biziarazoten daben txinpartak dira Bai Euskarari Saria jaso dabenak.
Sarituak
- Kide Aholkularitza
Leitzan eta Donostian ditu bulegoak Kide Aholkularitzak eta 2013tik daukate Bai Euskarari Ziurtagiria. Lantalde osoa euskalduna da eta euskaraz lan egiteko hautua egin eben.
Euskerea ez da zerbitzu eta lan hizkuntza soilik; motorra da, motibazino iturri. Ahaleginak egin ditue, urtez urte, eskaintzen daben zerbitzuan hobekuntzak egiteko. Sektore oso erdalduna da, eta erabiltzen diran programa, aplikazino eta dokumentuak, sorrerean, ez dagoz euskeraz. Inbersinoa egin dabe, denporean eta diruan, bezeroei ahalik eta zerbitzu gehien eskaini ahal izateko euskeraz. Eta horretan jarraitzen dabe.
- Izarkom
Izarkomek euskeraz bizi eta lan egiteko hautua egin dau. Beraientzat ez da zerbitzu edo lan hizkuntzea soilik, izaerearen oinarrian dagoan zerbait baizik.
2021ean hasi eben lanketea Bai Euskarari Ziurtagiriagaz. Izarkom euskeraz bizi nahi dauen ekimena da, hizkuntza lehenetsia euskerea izanez, bai zerbitzuei baita arreta komunikazinoei jagokenez be. Euskal Herri osoan emoten ditue zerbitzuak.
- Ulma Taldea
Oñati eta Ulma edo Oñati eta euskerea banandu ezin diran bezala, ezin dira Ulma, Oñati eta euskerea banandu. Ulmaren parte da euskerea eta urte asko dira euskera plana dabena. Horreen langileen hizkuntzea eskubideen alde egiten dabe euskeraz lan egiteko aukerea emonez.
2006an hasi eben lanketea Bai Euskarari Ziurtagiriagaz.
Euskerearen erabilerea areagotzeko eragiten ari diran hiru entidadeei autorpena egiteagaz batera Bai Euskarari komunidadea osotzen daben alkargune be izan da urteroko hitzorduan. Bertan izan dira Ziurtagiria daben entidade, erakunde publiko eta alkarte askotako kideak be.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!