'Topalekuak', Arte garaikidea eta Eduardo Chillidaren obrearen arteko buztarketea
2024-06-21 09:01 KultureaEsperientzia jakintzara bideratzen da. Pertzepzinoa, barriz, jakitera.
Zentroak sorkuntza garaikideagaz dauen konpromisoaren harian, erakusketa honen asmoa da artista donostiarraren obrearen oinarrizko gaien inguruan bestelako ikuspegiak esploretea. Chillida familiagaz, Chillida Leku Museoko lantaldeagaz eta Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazinoagaz lankidetza estua oinarrizkoa izan da erakusketa hau egiteko, izan be, Eduardo Chillidaren obrak, idatziak eta artxiboa gertutik ezagutzeko ezinbesteko aukerea izan da. Holan, Soledad Gutiérrez komisarioaren eta ikertzailearen gidaritzapean, Donostiako Tabakalerak diziplina askotariko artistak, hemengoak eta nazioartekoak (7), gonbidau ditu Eduardo Chillidaren (Donostia, 1924 - 2002) obra artistikoan sartu eta haren lanagaz hartu-emonak izan deiezan. Ondoko artista honeen lanak dagoz ikusgai erakusketan: Elena Aitzkoa, Josu Bilbao, Laia Estruch, Sheroanawe Hakihiiwe, Juf (Bea Ortega Botas eta Leto Ybarra), Christian Salablanca Díaz, Marianna Simnett eta Eduardo Chillida berarenak ere bai.
Topalekuak izenak, alde batetik, gogora dakar Eduardo Chillidak 1964 eta 1974 artean egindako Lugar de encuentros seriea; esegitako hormigoizko pieza handiek osotua. Nabarmentzekoa da Chillidak ezker eskuagaz marrazteko metodoa erabilten ebala bere trebetasun eta aurretiko ezagutzearen menpean egotea ebitetako; Chillidak inoan: Esperientzia jakintzara bideratzen da. Pertzepzinoa, barriz, jakitera. Esangura horretan, jakintzaren metaketea dudan jarten dauen idea horretan inspiratuak dira, hain zuzen, erakusketa honetako proposamenetako asko. Eta horreekaz batera Chillidak igeltsuz egindako pieza txiki bi dagoz erakusketan.
Tabakalerak jarduera programa zabala atondu dau erakusketearen inguruan, besteak beste, garagarrilaren 11n egingo dan bisita gidatua Chillida Leku Museoko zuzendari Mireia Massaguégaz (19:00); garagarrilaren 20ko bisita gidatua Chillida Leku Museoko garapen-zuzendari Mikel Chillidagaz (12:00); eta urriaren 4an, arratsaldeko 19:00retan, Sokasalto piezea aktibauko dau Jufek (Bea Ortega Botasek eta LetoYbarrak).
Topalekuak
2024ko bagilaren 21etik urriaren 6ra.
Ordutegia: martitzenetik domekara, 12:00-14:00 / 16:00-20:00.
Donostiako Tabakaleran (Erakusketa-aretoan (lehenengo pisuan).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!