Agustinak Zentroa inaugurau dabe
2024-06-20 09:09 KultureaKultura eta sormen industrietako proiektuak sustatzeko erreferentziazko gunea.
Martxan da Agustinak Zentroa. Inaugurazino ekitaldian izan dira erakundeetako ordezkariak eta kultura zein sormen industrietako eragileak. Oarsoaldean kultura eta sormen-industrietako proiektuak sustatzeko gune barria ezagutzeko aukerea izan dabe bertaratu diranek. Kultura eta sormen industriari lotutako personak, eragileak, erakundeak, alkarteak, heziketa zentroak, profesionalak, enpresak eta hedabideak izan dira bertan, zentroak dinamizau nahi dauen ekosistema osoaren erakusle.
Idoia Lizeaga bitxigile artisau eta lore-maisuak emon deutso hasierea ekitaldiari. Sortzaile lez, afizinoa ofizio bihurtzeko egin dauen ibilbidea azalduz eta bide horretan Agustinak lako Zentro baten laguntzak eskaintzen dauen babesa azpimarratuz.
Erakundeen ordezkaritza zabala egon da ekitaldian, besteak veste, Aizpea Otaegi, Errenteriako Alkate eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren burua; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Esti Susperregi Zentroaren zuzendaria; Mikel Arruti, Lezoko alkatea; Joana Mendiburu, Oiartzungo alkatea; eta Teo Alberro, Pasaiako Alkatea. SPRI taldeko ordezkariak be bertan izan dira, izan be, udal baliabideez gan, Eusko Jaurlaritzako Berpiztu programearen laguntzea be izan dau proiektuak. Horrezaz gan, kultura sailak miloe bat euroko laguntzea bideratu dau eta SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak 700.000 euro.
Errenteriako Agustinak auzoan kokatutako Agustinak Zentro erabarrituak, ikastetxe zaharra zanak edegi ditu ateak, bertan kokatu da sormen zein kultura industrien sustapenerako erreferentziazko zentroa, kultureak eta sormen industriak Errenteriaren eta Oarsoaldearen eraldaketan eta garapenean dauen estrategikotasuna eta potentziala jorratzen jarraitzeko.
Agustinak Zentroa kultura eta sormen-industrien (KSI) arloko proiektuak sustatzeko gunea da. Proiektuen jasangarritasun ekonomikoa indartzeko baliabideak eskaintzen ditu, ekintzailetzailerako ekosistema oso bat eta sektoreko proiektuakaz saretzeko aukerak be bai; holan sektorearen ahalduntzea eta balioan jartea bultzatzen ditu, kultura eta sormen industrietako langileek euren ofizioetatik bizi ahal izateko aukerea izan deien. Ekintzaileei, kultura eta sormen industrietako proiektuei edo sektoreko eragileei edegitako zentroa da eta Oarsoaldean kokatuta badago be inguruko lurraldeei edegita dago. Formakuntzea, topaketa profesionalak, lanerako espazioak eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dira bertan. Horretarako proiektu bakotxaren egoera zehatza eta aukerak aztertzen ditue bertako arduradunek, arreta personalizatuan eta hurrekoan oinarritutako ibilbide-orria eskainiz. Hau guztiau, gure hizkuntza eta kulturearen aurreko konpromiso berezi bategaz, zerbitzu guztiak bere osotasunean euskeraz jaso daitekezalarik. Gaur egun, Agustinak Zentroan dabizen enpresa-proiektuek diziplina ugari hartzen ditue: modea eta argazkigintzea, bideojokoak, multimedia, interaktibidadea edo informazinoaren eta komunikazinoaren teknologia. Askotariko eta alkarlaneko giro horrek aukera parebakoa eskaintzen dau sektoreko ekintzaileentzat eta profesionalentzat. Hemendik aurrera be, ekintzaile eta proiektu barrietarako dago Agustinak Zentroa; informazino gehiago eta eskabideak hemen.
Erakundeen arteko lankidetzearen emoitzea
Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren eta Oarsoaldeako 2025 Plan Estrategikoaren barruan irudikatutako proiektu honek 2,6 miloe euroko inbersinoa izan dau eta, beraz, udal baliabideez gan, Eusko Jaurlaritzako Berpiztu programearen laguntzea be izan dau proiektuak. Kultura sailak miloe bat euroko laguntzea bideratu da eta SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak 700.000 euro. Oarsoaldea Garapen Agentzia arduratuko da proiektuaren kudeaketaz.
Eraikinaren izakera eraldatzeak, eraikina bera kalera eta herritarrakana edegitea ekarri dau. Orain arte itxita egoan lorategia auzora edegi da, aisialdi-gune lez eta taberna bat be izango dau laster (lizitazino prozesua edegita dago). Era berean, plaza bat be badau eraikinak; bertako erabiltzaileen eta bisitarien arteko topagunea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!