Igor Areitiobiritxinaga: 'Urteak daroadaz artzain izateko gogoz'

Andoni Mugica Lopez 2024-06-24 08:00   Barriketan

Igor Areitiobiritxinaga eta Ane Gartziandia (Gomiztegi Baserria).

Artzain Eskoleak ardi eta ahuntzen sektorean artzainak trebatzeko hogeita zazpigarren ikasturtea zarratu dau. Betiko lez, ikasketak amaitu dituen 7 ikasleei diplomak eta makilak banatu jakez ekitaldian.  Guztira, Arantzazuko Gomiztegi baserritik 300 ikasle baino gehiago pasau dira.

Eskolea erreferente bihurtu da estaduan ardi eta ahuntzen irakaskuntzan, izan be, hezkuntza-eredua, barrikuntza pedagogikoan eta ingurumenagaz arduratsuak diran produkzino-prozesuei aplikautako teknologietan oinarritua, oinarri izan da beste leku batzuetan antzeko esperientziak garatzeko.

Halanda ze, Gomiztegi baserriko ikasle Igor Areitiobiritxinagagaz eta Ane Gartziandia eskolako arduradunagaz egon gara.

Igor Areitiobiritxinaga

1.- Zerk eroan zaitu ikasketa horreek egitera? Betidanik izan dozu gogoko?

Bai, urteak daroadaz artzain izateko gogoz. Barrutik etorri jat bizi eredua aldatzeko beharra. Beraz, lantegiko lana itxi eta etxean produkzino propioko ortua jarri genduan martxan.

Horrezaz gan, botika naturalak eta ingurumariak ikasi dodaz. Oraintsu, bizi eredu horri tira egin nahi izan deutsot.

2.- Ikasturtea amaituta eta ofizialki artzain titulua jasota, zer da gehien gustau jatzuna? Eta gitxien?

Gehien erakarten nauena ardiakaz egotea da. Jagoletza horretatik, esnea eta gaztaia egitea. Gitxien, barriz, burokraziagaz sortzen diran zailtasunak kudeatzea.

3.- Gazte batentzako lanbide hau ez da ohikoena. Halanda be, 30 urte baino gitxiagoko 5 ikasle egon dira aurtengo ikasturtean. Akaso, aldatu egin da perzepzinoa?

Ez naz onena galdera honi erantzuteko, izan be, 49 urte dodaz [Barreak]. Hori bai, Aitor Urien artzainagaz egon barri naz eta harek komentau eustan Artzain Eskolan egon zanean bataz besteko edadea aurtengoa baino baxuagoa zala. Beraz, ez dakit jokerak aldatzen dagozen...

4.- Zelakoa da artzain baten egun arrunt bat?

Garaiaren arabera. Ardi-esnea eratsiten zagozanean, goizean-goiz altzau, ardiei jaten emon eta esnea atara behar jake. Horreezaz gan, hiru egunetik behin gaztaia egiten dogu. Bazkal ostean, barriz, komenidu da siesta txiki bat egitea, merezidutakoa [Barreak].

Arratsaldean, barriro be ardiei jaten emon eta esnea ataraten deutsegu. Tarteka, ardien hanka-minak jagon eta osatu eta bestalako lanak be egin behar dira: esaterako, batzuk bedarra mozteko erabilten dabe denpora hori. Halanda be, mendian adi egon behar zara ardiak jagoten, izan be, non dagozan jakin behar dozu.

5.- Sakrifizino asko eskatzen dauen lana da. Halanda ze, denporarik bai beste gauza batzuetarako?

Garrantzitsua da oso bizi eredu hau gustetea, baita norberarentzat denporea izatea. Neure denpora librea, euskeraz irakurteko eta geure kulturaz disfrutetako erabilten dot.

 Ane Gartziandia

1.- Artzain Eskoleak hogeita zazpigarren ikasturtea zarratu dau. Zelan joan da aurtengo urtea?

Bai, amaitu da. Ganera, aurten, jatorri askotako ikasleak euki doguz. Baina ondo egokitu gara, bai eskolea baita ikasleak be. Bederatzi hilebeteren ostean, hilaren 18an defendidu eben proiektua eta merezidutako deskantsua hartuko dabe orain.

2.- Egokitu aitatu dozu. Beraz, klaseak gaztelaniaz egin behar izan dozuez?

Bai. Lehentasuna beti dabe bertakoek, baina ikasturte hasieran lekua gordeten dogu kanpotik datozenentzat. Horrek, hizkuntzeari jagokonez, asko mugatzen gaitu.

Klaseak gaztelaniaz egin arren, euskeraz berba egiten genduanok, normala danez, geure artean euskerea erabili dogu.

3.- Azken 27 urteetan gauzak asko aldatu dira. Zer izan da gehien aldatu dana zeuen sektorean? Teknologia, esaterako, sektore guztietan aldatu da...

Teknologia egokitzen joan da, sektore gehienetan bezela baina, esentziari eutsiz. Horrezaz gan, sistemea ez dala gehiegi aldatu esango neuke. Halanda be, instalazinoetan eta gaztaigintzan gauzak aldatu egin dira, izan be, lehen dana eskuz egiten zan eta gaur egun, makinaria erabilten dogu. Elikatzeko modua be, horren ondorioz, aldatu egin da. Baina funtsean, betiko sistemeari eusten deutsagu.

Produktuei jagokenez, geure kulturan indar gehien dauen gaztaia Idiazabal da, duda barik. Baina, azken urteetan dibersifikazinoa igarri izan dogu, besteak beste, auntzearen produktuak gero eta gehiago produziduten baitira.

Eskoleari jagokonez, lehen  landa eremutik etorten ziran ikasle gehienak; oraintsu, kalekoak eta mundu honegaz zerikusi handirik ez euken ikasleak erakarten doguz.

4.- Leku askotako ikasleak izan dozuez, Kataluniatik, Andaluziatik edo Argentinatik. Erreferente bihurtu zarie estadu maialan?

Ez dakit erreferente berbea egokia dan, baina egia da estadu mailan urte gehien daroazan eskolea garela. Hori, sano garrantsitzua da.

Gaur egun, gero eta eskola gehiago dagoz: Katalunian, Aragoin, Andaluzian edo Kanariar Ugarteetan. Halanda ze, eskola bakotxak tokiko eta eguneko beharrei erantzun behar deutsee. Beraz, eskola eta toki danek berezitasun propioak ditue.

5.- Posible ikusten dozu errelebo generalazionala? 30 urte baino gitxiagoko 5 ikasle izan dira aurtengo ikasturtean...

Errelebo generazionala ez da bakarrik adinari finkatuta dagona. Euskal Herrian, lehen instalazinorako laguntzinoa 40 urtetik beherakoek eskatu leikie. Oraindino be gaztetzat hartzen diranak!

Ez da horrenbeste edade, baizik eta lan horri aurre egiteko dagoan gogoa. Geure ikasleen batez beste 28 urtekoa da, beraz, ez da baxua. Ikasle asko euki doguz, gurasoak jubilau, enpresea itxi ta geure eskolako ikasketak egin dituenak familiakoek egindakoari jarraituz. Hori be, erreleboa da.

6.- Mezu berezirik?

Animertan dodaz nahi eta gustuko daben gazteak animau daitezala. Ez da lan eta egoera erraza, baina merezidu dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu