Bagilaren 20an eta 21ean KulturGest Bilbao Kongresua egingo da
2024-06-19 08:01 KultureaKultureak eta ondareak garapen inklusiboa eta iraunkorra sustatzeko daben zeregina azpimarratzea da helburua.
Bagilaren 20an, KulturGest Bilbao: Artea, Kulturea eta Ondarea: Kudeaketa eta jasangarritasunerako praktika egokiak kongresua hasiko da Bilbon. Kongresuaren helburua kulturearen eta ondarearen esparruan, iraunkortasunaren arloan, maila lokalean, estaduan eta nazinoartean, sortzen dabizen beharrak, erronkak, ikuspegiak eta estrategiak identifiketea da.
Bilboko Udalaren laguntzeagaz Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) batzorde zientifiko batek atondutako kongresua da. Zuzendariak Alazne Porcel, Arte Ederretan doktorea eta Patxi Juaristi Soziologian doktorea dira. Eurekaz batera, Arantxa Elizondo (Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadea, UPV/EHU), Enara Artetxe (Arte Ederretako Fakultadea, UPV/EHU), Estibaliz Sáez de Cámara (Iraunkortasunaren eta Gizarte Konpromisoaren arloko zuzendaria, UPV/EHU) eta Miren Ibarluzea (Kultura Arloko Zuzendaria, UPV/EHU) dira batzorde zientifikoko kideak.
Azken urteotan, gizarte eta giza zientzietan, asko eztabaidatu da arteak eta kultureak Garapen Iraunkorreko Helburuei (GIH) egin leikiezan ekarpenei buruz. Ondokoa antzemon da: kulturearen eta ondarearen arloa ezin dala errealidade horretatik kanpo itxi eta garapen inklusibo eta iraunkorra bultzatzeko zeregin garrantzitsua jokatu leikiela. Artearen, kulturearen, ondarearen eta iraunkortasunaren arteko alkarrekintza etorkizun bidezkoago eta bizi garan planeteagaz armoniatsuago baterako bidea da. Komunidadeak batzen dituan elementua da, inklusinoa eta bardintasuna sustatuz eta uri eta uri-ingurune bidezkoagoak eta jasangarriagoak sortuz. Hau guztia kontuan hartuz atondutako kongresua bagilaren 20an eta 21ean izango da Bilboko Bizkaika Aretoan-UPV/EHU eta aurrez–aurre zein online zuzenean jarraitu ahal izango da.
Kongresuan konferentzia bereziak izango dira, 2030 Agendak zehaztutako testuingurua eta kultureari eta ondareari loturiko sektoreak jasangarritasunaren inguruan sortutako paradigma barrian dauen erantzukizuna ulertzen lagunduko dabena; eta, bestetik, hiru gai honeen inguruan komunikazinoak aurkeztuko dira: Kultura Ondarea eta jasangarritasuna; Sormen prozesuak eta jasangarritasuna; eta Kudeaketa kulturala eta jasangarritasuna.
Lehenengo egunean, kongresua 9:30ean hasiko da Estibaliz Sáenz de Cámararen aurkezpenagaz eta hainbat adituren eskutik arratsaldeko 17:30ak bitartean hamaika berbaldi eta mahai-inguru izango dira egun osoko jardunaldi mamitsuan eta, besteak beste, kultureak eta ondarearen kudeaketak jasangarritasunagaz dituen harrtu-emonak jorratuko ditue.
Bigarren egunean, Kongresua goizez izango da, 10:00etatik 13:30era eta hor hainbat barriketaldi eta mahai-inguru izango dira artea, sorkuntzea eta jasangarritasuna aztertuz.
Hizlari eta berbaldiei buruzko programa zehatza eskuragarri dago uik.eus atarian. KulturGest Bilbao-UPV/EHU Uda Ikastaroak, kulturaren orainaz eta etorkizunaz eta haren kudeaketaz hausnartzeko espazioa.
1999tik, UPV/EHUk atondutako udako jarduera akademiko baten eszenatokia izan zan Bilbo, arte eta kultura topaketea, hain zuzen be. Topaketa horreek 2016ra arte egin ziran, erakunde propio bategaz. Topaketak unibersidadeko egoitzan bertan egiten ziran (UPV/EHU-BBK Etxean), baita uriko kultur etxeetan be, besteak veste, Campos Eliseos Antzokian edo Juan Crisostomo de Arriaga Musika Konserbatorioan. 2016an, Unibersidadko Errektoretzek Bilboko ikastaroak Donostian eta Gasteizen atontzen ziranakaz koordinetea erabagi eban. Dinamika horretan sortu ziran KulturGest Bilbao-UPV/EHU Uda Ikastaroak. Bilboko Udalaren eta UPV/EHUren Uda Ikastaroen ekimena da eta kulturearen orainaz eta etorkizunaz eta haren kudeaketaz hausnartzeko sortu zan, Bilboko eta, oro har, Euskadiko kultura-bizitearen eragile diran persona eta erakunde arduradunei zuzenduta.
2022an eta 2023an 6 ikastaro egin ziran eta 2024an egingo dan kongresua batzen ditu egitasmoak; helburuen artean dagoz artisten eta kudeaketa-arduradunen artean beharrizanak eta erronkak eztabaidatzea; daukagun azpiegiturea aztertzea; egungo eta etorkizuneko publikoa eta kulturea zabaltzeko bitartekoak eta metodoak aztertzea, 2030eko Agendan ondasun unibersal lez ulertuta.
Kongresuari esker hiru urteko proiektu mamitsua borobilduko da
Aurtengoa KulturGest Bilbao proiektuaren hirugarren eta azken edizinoa da. Lehenengoa orain urte bi egin zan, 2022an, eta hiru egunetan banatutako ikastaroa izan zan. Lehenengo jardunaldian urietako kultur politikak jorratu ziran, kultur kudeaketearen iraunkortasunari, aniztasuna txertatzeari eta publiko ezbardinen parte hartzeari begira. Bigarren jardunaldian kulturea formatu teknologiko barrietara eraldatzea jorratu zan, baita ondarearen kudeaketan zentrau zan eredu eta ikuspegi barriak be, genero ikuspegia esaterako.
Bigarren Uda Ikastaroa igaz egin zan, eta lehenengoak bezela, hiru eguneko iraupena izan eban eta Ondarearen kudeaketea eta Belaunaldi aldaketea kultur sektorean lako gaiak jorratu zituen. Helburua Euskadiko egoerearen diagnostikoa eskaintzea eta kultur kudeatzaileek gaur egun bizi dituen esperientzia errealak aurkeztea zan. Horrezaz gan, kultura-politikearen aukerak kultura-konsumoaren eta sorkuntzearen bidez zabaltzeari buruz eztabaidatu zan, baita osasun mentala eta digitalizazinoaren erabilerea lako alderdietan dauen eragina be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!