Euskaltzaindiak euskerea sustatzeko hainbat egitasmo bideratuko ditu Nafarroan

Bizkaie! 2024-06-18 13:07   Euskerea berbagai

Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak 2024ko lankidetza-hitzarmena sinatu dabe gaur.

Euskarabideak jorratutako hitzarmen honi esker, besteak beste, erakusketak, argitalpenak, ikerketa-lanak eta toponimia-proiektuak egin ahal izango dira.



Andres Urrutia (euskaltzainburua): aurrekoetan lez, ekimenetarako hitzarmena dogu hau, hain zuzen, Nafarroan hainbat egitasmo eta lan bideratzeko, euskerea sustatzeko eta gorentzeko. Euskaltzaindia aholku-emoile ofiziala da Nafarroan euskereari jagokonez, eta Akademian bertan be indar nabarmena dabe euskaltzain nafarrek.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren burorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskerako kontseilariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak 2024ko lankidetza-hitzarmena sinatu dabe gaur Iruñean. Akordioren zenbatekoa 200.000 eurokoa da guztira eta Euskaltzaindiak Foru Komunidadean euskerea lantzeko, aztertzeko, ikertzeko eta sustatzeko egiten dituen jarduerei jarraipena emotea izango dau helburu.

Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bidez finantziauko ditu Euskaltzaindia eta Nafarroa eta Blas de Fagoaga Ariztia irakaslea eta euskaltzainaren aleen edizinoak; Onomastika Batzordean jasotako konsulten txostenak eta izapideak egitea; musika-emonaldi bat (Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae obrearen gainean Danserie taldeak atondutakoa) eta hiru erakusketa ibiltari (Euskara ibiltaria, Pirinioetako hizkuntzak eta Euskara Ezkabarten); eta, era berean, oikonimiaren analisia diruz lagunduko da, hau da, Ollarango etxeen izena aztertzeko egitasmoa.

Ana Ollo kontseilaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua pozik agertu dira gaurko ekitaldian eta biek azpimarratu dabe erakundeen arteko alkarlana ezinbestekoa dala Nafarroan euskereari hauspoa eta ospea emoteko. Sinatzeko ekitaldian izan dira Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria eta Jagon sailburua eta Paskual Rekalde euskaltzain osoa.

Gogoratu behar da Nafarroako Diputazinoa Euskaltzaindiaren sortzailea izan zala 1918. urtean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiakaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu