Europako hizkuntza minorizatuen topaleku bihurtuko da Bilbo
2024-06-18 12:36 Euskerea berbagaiZemendiaren 8tik 10era.
Oraintsu, Euskalgintzearen Kontseiluak ELEN–Europako Hizkuntzen Bardintasunerako Sarearen (European Languages Equality Network) zuzendaritza batzordearen bileran parte hartu eban, Bartzelonan, besteak beste, hizkuntza minorizatuek
Europako egungo testuinguruan daben egoerea aztertu eta hizkuntza bardintasun eta askatasunean aurrera egiteko bideak eta lkarlanaren noranzkoa arakatu eta adostu eben.
Zuzendaritzeak hartutako erabagi aitagarriena 2024. urteko Batzar Nagusia Euskal Herrian egitea izan zan, zemendiaren 8tik 10era Bilbon. Kontseiluaren ardurea izango da 25 herrialdetik gorako ordezkariak batuko dituan batzarraren antolaketea eta daborduko martxan dago erakunde publiko eta gizarte eragileakaz hartu-emonen errondea, lankidetzearen emoitza izan daiten.
ELEN Europako lurralde-hizkuntzak sustatzeko eta babesteko lan egiten dauen nazinoarteko erakundea da. Gaur egun 175 erakunde kide ditu, 25 estadutan 50 hizkuntza ordezkatzen dituenak, baita Iberiar Peninsulako hizkuntza guztiak be. Oro har, ELENeko kideek hizkuntza horreetako 50 miloe hiztun baino gehiago ordezkatzen ditue, Europar Batasuneko biztanleriaren ia % 10, eta gobernuen eta nazinoarteko erakundeen aurrean hizkuntza horreetako hiztunen ahotsa izatea dau helburu. Euskalgintzearen Kontseilua sareko buruordea da, eta hasieratik da euskerearen aldeko eragileak ordezkatzen dituan erakundea.
Batzar Nagusia da erakundearen bilgune gorena eta ikerketa eta lan arlo barrien aurkezpenerako, eztabaidarako, zein Europa mailan hizkuntza gitxituen bizibarritze eta normalizazinoan eragiteko proposamen eta politika barrien adostasunak lantzeko espazioa izaten batzarra. Aurten, besteak beste, honako gai honeek landuko dira: hizkuntza gitxituak eremu digitalean, harrera politika eraginkorrak, Europa mailako ofizialtasuna eta nazinoarteko legedia hizkuntza-eskubideen txaropenerako deia.
Batzarraren biharamunean, hizkuntza minorizatuek hezkuntza arloan dituen erronkei buruzko eta hizkuntza-eskubideen bermearen inguruko goi-mailako konferentzia egin eben, ELENek berak CATESCO –Unescoren Kataluniako adarra– eta Òmnium Cultural alkarteagaz atonduta. Besteak beste, Nicolas Levrat Minorien gaineko NBEren kontalariak, Petra Roter Europako Kontseiluko Gitxiengoen Babeserako Aholku Batzordeko presidenteak, Eva Pons legelariak zein Xavier Vila soziolinguistikan katedradun eta Kataluniako Gobernuko Hizkuntza Politikarako arduradunak hartu eben parte.
Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia hezkuntza arloari buruzko mahainguruan izan zan solaskide, katalanaren, bretainiarraren, gaelikoaren, galizierearen, okzitanierearen eta frisierearen ordezkariakaz batera. Hezkuntza-sisteman euskerea sartzeari jagokonez, lurraldeen arteko aldeetan eta euskerearen normalizazinoan dakarzan emoitzak nabarmendu zituan Eskisabelek.
Jardunaldiko hizlarien ekarpenek argi itxi eben hizkuntza minorizatuak egoera larrian dagozala, batetik, globalizazinoaren egungo aldaereak ekarritako aldaketa eta erronka handiakaitik eta, bestetik, estaduek, oro har, hizkuntza komunidade honeen babes juridikoa oztopatzen dabelako. Edozelan be, azken berbaldian, Elin Haf Cruffydd Jones ELENeko buruak itxaropenerako deia egin eban, azpimarratuz hizkuntza minorizatuei eustea mundu hobe baten alde egitea dala, eta «esperantzearen lanketa» egungo testuinguru
politikoan ariketa garrantzitsuenetako bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!