Indarrean dago Bilboko Emisino Gitxiko Eremuen araudia
2024-06-18 08:05 Pil-pileanHasi dira dagoeneko legedia apliketan.
Bilboko Emisino Gitxiko Eremuen araudia indarrean dago. Nora Abete alkateorde eta Mobikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak ekitaldi sinboliko batean parte hartu dau, hain zuzen be, seinale bertikaletako bat danen bistan jarriz, gidariei ohartarazoteko Emisino Gitxiko Eremu batean sartzera doazela.
EGEaren sarrera guztietan seinale bertikalak egongo dira, DGT MOV 21/3 instrukzinoaren arabera ibilgailu kutsagarri eta oso kutsagarrietarako sarbidea mugatuta dagoala adierazoten dabenak.
22 seinale bertikal dira EGEra (Emisino Gitxiko Eremua) sartzeko puntuetan jarritakoak, eta lama-seinale bat Maurice Raveletik urira sartzeko arkupe batean. Ganera, Emisio Gitxiko Eremua hurbil dagoala ohartarazoteko, 39 seinale bertikal eta informazino-seinale gehiago jarriko dira. Seinale horreekaz batera, lainoaren sinboloa daben 30 seinale egongo dira asfaltoan margotuta zeharretara.
Hasi dira dagoeneko legedia apliketan, izan be, ibilgailu oso kutsatzaileek murrizketak izango ditue Bilboko Emisino Gitxiko Eremuan sartzeko 07:00etatik 20:00etara lanegunetan. DGTko (Trafikoko Zuzendaritza Nagusia) B pegatinak dabenak hain zuzen be.
Ordenantzan jasoten dan lez, lehen hiru hilebeteetan, ez da multarik jarriko araudia ez beteteagaitik. Baina arau-hausleak jakinarazpen bat jasoko dau etxean, egindako ez-betetearen barri emoteko, araua errespetetako kontzientzietako helburuagaz.
Informazino kanpainea
Informazino eta publizidade-kanpaina baten bidez, Bilbok ondoetorria egin deutso Emisino Gitxiko Eremu barriari. Eremu horren helburua da trafikotik datozen emisinoak murriztea eta, holan, uriko airearen kalidadea jagotea.
Arauaren aplikazinoaren zehetasunak, eraginpean izango diran kolektiboak, salbuespenak eta luzamenduak zeintzuk diran deskribiduten dira kanpainan; era berean, herritarren eskura izango dira bulego bat, webgunea eta aplikazinoa. Kanpaina horretan adierazopen-bideoak, infografia digitalak, informazino-liburuxkak, kartelak eta InfoBilbaoren edizino berezi bat banatuko dira, araudiaren funtzionamenduari buruzko zehetasunakaz.
Gainera, ZBE - Bilbao EGE izeneko aplikazinoa sortu da. Bertan, izapide bi kudeatu ahal izango dira: hirugarren personentzako gonbidapenak eta baimenak, eta sarbide puntualak justifiketakoak.
Airearen kalidadea hobetzea
Bestalde, Nora Abete alkateorde eta Mobikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak nabarmendu dauenez, Bilboko EGEk uriko airearen kalidadea hobetzea dau helburu, ibilgailuen trafikoak eragindako inpaktuan eraginez. Funtsezko proiektua da klima-aldaketearen kontra burrukatzeko eta geure herriko airearen kalidadea eta osasuna hobetzeko. Ganera, seguru dago arau hori Bilboko uri-eraldaketarako aukerea be badala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!