Artea Ikasbide Bilbon

Bizkaie! 2024-06-18 07:50   Kulturea

2024ko bagilaren 17tik irailaren 15era.

Sei eta hamabi urte bitarteko 98 ikaslek, Euskal Autonomia Erkidegoko sei ikastetxetakoek, irudimen eta espontaneotasun handiko artelanak sortu ditue, Artea ikasbide hezkuntza programan egindako lanaren emoitza diranak.

Joanaren arrastoak paisajean, ingurumena jagotea, naturearen prozesuak eta animalien bizi-zikloak dira programan aztertutako gaietako batzuk. Gainera, ikasleek hausnarketan jardun dabe alkarren arteko lotura, ezbardintasun, taldeko kide izatearen sentimendua eta elikadura osasungarriaren garrantziaren inguruan.

1998tik, 3.868 ikasle igaro dira hezkuntza-programa honetatik. Programearen helburua da beren irudimena eta sormena sustatzea, esperimentetan laguntzea eta, aldi berean, eskola-curriculumeko ikasgaiak indartzea.

Udagoiena aditzera emoten dauen eskala handiko instalazino bat adar eta hosto bereziakaz, argiagaz sortutako lanak, jagon behar dan guztia irudikatzen dauen baratze batean inspirautako mural bat, pop up teknikearen bidez egindako animalien ebagigarriak, gelako umeen hainbat gorputz-atalez osotutako erretratu kolektibo bat dira Artea Ikasbide programearen edizio honetan parte hartu daben lehen hezkuntzako artisten irudimen handiko proposamenetako batzuk.

Artearen bidez sormena eta jakin-mina indartzen dira, eta eskola-curriculumeko ikasgaiei heltzeko begirada berriak sortzen dira. Aurten, ikasleek gizarte eta natura-zientzien ikasgaiak indartu ditue, besteak beste, ondoko gaiakaz lotutako proiektuak jorratuz: joanaren arrastoak paisajean, ingurumena jagotea, animalien bizi-zikloak, taldeko kide izatearen sentimenduak eta elikadura osasungarriaren garrantzia. Era berean, taldean lan egiten ikasi dabe eta hori sano garrantzitsua da parte hartzen daben eskoletako batzuen aniztasun kulturala kontuan hartuta.

Hezkuntza-proiektu honi amaierea emoteko erakusketa bat aurkeztuko dabe bagilaren 17tik irailaren 15era Museoko Hezkuntza-gunean. Museoak ingurumenaren jasangarritasunagaz dauen konpromisoaren harian, gai hori proiektu batean baino gehiagotan aztertzeko ez eze, material ekologikoagoak probetako be balio izan dau erakusketeak, besteak beste, zerrategiko azpiproduktuetatik datozen zuntzezko taulak eta toxiko eta kutsatzailerik bakoko pinturea.

Erakusketearen diseinuak ekonomia zirkularreko erispideek erantzuten deutse, erakusketea amaitutakoan museografiaren parte izan diran material guztiak birziklau eta berrerabilteko helburuz.

Aurten 26 urte beteten dituan Artea Ikasbide programea Guggenheim Bilbao Museoak bultzatutakoa da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordetzearen Ikaskuntzearen eta Hezkuntza Barrikuntzearen zuzendaritzearen babesari esker. 26 urte honeetan, Euskal Autonomia Erkidego osoko 3.868 ikaslek, 34 artistak eta 151 ikastetxek hartu dabe parte.

Elssie Ansareo, Ibon Garagarza, Zaloa Ipiña, Nerea Lekuona, Maider López eta Manu Muniategiandikoetxea artistek, Guggenheim Bilbao Museoko Hezkuntza eta Programa Publikoen Zuzendaritzeagaz eta Euskal Autonomia Erkidegoko sei ikastetxetako irakasleakaz lankidetzan, edizino honetako sormen-proiektuak diseinau eta dinamizau ditue. Zaloa Ipiñak adierazo dauenez, esperientzia ederra bizi izan dogu Sodupeko Eretza Berri ikastetxean. Ikasleen eta irakasleen parte-hartze aktiboak bideratu dau proiektu osoa. Naturatik hartutako hainbat elementu txikiga handitasuna sortzea lortu dogu, bai gure ekimenari jagokonez, bai esperimentazinoari jagokonez be. Naturearen boterea eta aldaketak lantzeaz gan, oso garrantzitsua begitantzen jat ikusleek ulertu izana ezer gitxi behar dgula sorkuntzan ibilteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu