Aranzadik K.o. I. mendeko baskoien aldare bat topau dau Larunben
2024-06-17 07:45 KultureaAldareak latinez idatzitako testu bat dau, eta emakume batek, Valeria Vitellak, Larrahe jainkosa baskoiari eskainitakoa jasoten du.
2022an topau eben, putzu baten barruan, Doneztebeko Erdi Aroko monasterioko indusketa arkeologikoetan, Arriaundi mendian (Larunbe). Erromatarren garaian jainko eta jainkosa indigenen gurtzearen testigantzea da pieza hau.
Diziplina askotako talde batek, Aranzadi Zientzia Alkarteko arkeologoek koordinauta eta Euskal Herriko, Bartzelonako, Burgoseko unibersidadeetako eta Université de Pau et des Pays de l’Adourreko ikertzaileek parte hartu dabe prozesuan eta erromatarren garaiko aldarea topau ebena. Pieza hau apartekoa da bere inskripzinoagaitik baita berreskuratu zan posizinoagaitik be, izan be Valeria Vitella deituriko emakume batek Larrahe jainko baskoiari eskaintzea jasoten dau, latinez idatzita.
Aranzadi Zientzia Alkarteak 2010etik aurrera eta auzolanean arkeologia-talde bat koordinetan dau, Larunbeko 50 boluntario baino gehiagogaz batera, Doneztebeko Erdi Aroko monasterioaren (XI. mendea) aztarnak azaleratu eta sendotzeko. Monasterioa Arriaundi mendiaren tontorrean dago (942m).
Aztarna erromatarren gainean eregitako Erdi Aroko monastegiaren inguruetan ibili dira bilakaerea ezagutzeko aztarnategi bikaina da, hainbat fase batzen baititu: erromatar garaian, Antzinaro Berantiarrean zein ia Erdi Aro osoan zehar jarraitu eta Aro Modernora heltzen baita. Gainera, kokalekuaren ezaugarriek, hego-ekialdeko eremutik erraz defendiduteko eta menderaezina dan muinoa izateak zein Iruñerrira sartzeko bide nagusietako baten kontrol bisualak, erlijino gune eta leku erakargarri bihurtu eben hainbat garaitan.
Iruñeko Erresumearen politiken testuinguruan, XI. mendearen amaieran, Donezteberi eskainitako monasterio bat eregitea agindu eben, aztarnategiaren erdigunea zehazten dauena, eta hari jagokoz gaur egun arte konserbautako eraikuntza aztarna garrantzitsu gehienak. Larunbeko bizilagunen boluntariotza-lanari eta Aranzadiko koordinazino arkeologikoari esker, monasterio horren aztarnak topau eta konsolidau zituen, ordura arte ezezagunak ziranak, hiru absideko burualdea dauen jatorrizko oinplanoa azaleratuz.
Baina ezusteko pieza bat egoan lurraren azpian. 2022ko kanpaina arkeologikoan, monasterioa eregi baino 1000 urte lehenagoko pieza bat berreskuratu zan: K.o. I. mendeko aldare bat, latinez idatzia eta jainko edo jainkosa baskoi bati eskainia. Pieza hau ez da bere jatorrizko kokalekuan topau: zutik egoteko, behatzeko eta irakurteko moduan diseinautako aldarea baita. Aldiz, monasterioari atxikitako Erdi Aroko putzuaren hondoan egoan, inskripzinoaren aldea beherantz jarrita. Ez dakigu leku horretan nahita jarri edo bota eben.
Arriaundiko aztarnategian erromatarren garaiko material arkeologikoak, zeramikazko zatiak, sandalien tatxetak eta txanponak, dokumentau diran arren, aldarea topeteak aurrerapen nabarmenak ekarri ditu baskoien sinismenei, Larrahe jainkoaren gurtza-eremuari eta mundu erromatarraren eta baskoiaren arteko sinkretismoari jagokenez.
Hispanian, aldareetan jasotako testu gehienak latinez idatzita dagoz eta gurtzen dan jainko edo jainkosaren izena eta dedikazinoa egiten dauen personearen izena agertzen dira.
Aldare erromatarrak harrizkoak izaten dira. Erdialdean gorputza dabe eta hor idazten da eskaintzea. Oinarria eta goikaldea gorputzetik urteten dira eta goiko partean focus izeneko zulo txiki bat dauen koroa izaten dabe. Focus horretan egiten ziran sakrifizioak, hau da, ardaoa botaten zan edo barruan intzentso edo lurrun muetearen bat erreten zan eskaintza lez.
Larunbeko aldarearen kasuan, Valeria Vitella izeneko emakume batek Larrahe izeneko jainko edo jainkosa baskoiari emondako boto bat beteten dela adierazoten da.
Jainko edo jainkosa honen izena Arga ibaiaren arroan eta Gesalatz ibaiaren ibaiadarrean dagozan baskoien lurraldean kokatutako beste hiru aldaretan baino ez da topau: Muruzabal Andionen (Mendigorria, antxinako Andelo), Iruxon eta Errezun. Larunbekoa ezohikoa da, iparralderen eta altuera handienean agertu dan piezea baita, eta esku-hartze arkeologikoaren testuinguruan berreskuratutako bakarra. Horrek orain arte jainkotasun horrentzat ezaguna zan gurtze-eremua handitu egiten dau. Beraz, Larrahe jainko baskoia da, teonimoaren azken zati bat baitau, -he atzizkia, datibo baskonikoaren formea dauena, hau da, norentzat galdereari erantzuten deutsona: Larra jainkoarentzat. Izen baskonikoa, gaur egungo euskereagaz dauen lotureagaz, larreakaz edo laborantza-lurraldeagaz zerikusia dauen jainko edo jainkosa lez interpretetea dakar.
Larunbeko aldarea iparraldera zabaltzen dan baskoierazko jainko izen eta idatzizko lekukotasuna da eta ondorioz, orain arte ezagutzen zan lurralde-dimensinoa areagotzen dau. Agertzen dan lekua baskoien lurraldearen mugen barruan dago, eta bertako bizilagunak, segurutik, barduluak izango izan. Aldarearen lekukotasunak lurralde hori apur bat bat gehiago mugatzen deusku eta K.o. I. mendearen amaieran jainko eta jainkosa baskoien gurtzeko gunea adierazoten deusku Ondorioz, aldare hau baskoierearen eta euskerearen jatorrian eta bilakaeran sakontzen laguntzen dauen beste lekukotasun bat da.
Aldarea ekitaldi instituzionalean batean aurkeztu da Larunbeko San Bizente eleizan eta bertan izan dira Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko burua; Ana Ollo, buruordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskerako kontseilaria; Floria Pistono, Itzako alkatea; Jokin Otamendi, Aranzadi Zientzia Alkarteko burua, Juantxo Agirre, Aranzadi Zientzia Alkarteko idazkari Nagusia eta Larunbeko aztarnategiko arkeologo zuzendaria; eta Javier Velaza, Bartzelonako Unibersidadeko Epigrafia Latindarreko katedraduna.
Ekitaldian gainera Larunbeko aldareari eta Arriaundiko aztarnategiari buruzko monografía bi, aurkikuntzeari buruzko erreportaje-dokumental bat eta Iker Uribe muralisteak Larraheri eskainitako mural bat aurkeztu dira.
Ekitaldi honen bidez, Aranzadik irailaren erdialdean amaituko dan Nafarroako indusketa arkeologikoen denporaldiari hasierea emoten deutso. Testuinguru horretan, baskoien epigrafiaren oinarrizko beste pieza bategaz lotuta, Irulegiko Eskuagaz hain zuzen be, Aranzadik bisita gidatuak eskaintzen ditu Irulegiko aztarnategira, baskoien bihotzean dagoan herrixka hori ezagutu nahi daben herritar guztientzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!