XVI. BizkaIdatz Literatura Lehiaketean izena emoteko epea zabalik

Bizkaie! 2024-06-17 09:51   Kulturea

Irailaren 6ra arte.

Gonzalo Arranz, BegoƱa de Ibarra eta Elena Fernandez . | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak hamaseigarren aldiz egingo dau BizkaIdatz Literatura Lehiaketea. Ekimen horren helburua da herritarren artean literatura-sorkuntzea bultzatzea eta sustatzea. Begoña de Ibarra, Kulturako zuzendari nagusiak, lehiaketearen edizino barria aurkeztu dau, kontakizunei hasierea emon deutsen idazleekaz.

Parte-hartzaileek istorio bat jarraitu beharko dabe idazle batek proponidutako hasiereari eutsiz, planteautako pertsonaietara eta egoeretara egokituz. Aurten, Gonzalo Arranz Ayalaren Los preparadores, gaztelaniaz, eta Elena Fernández Alonsoren Egizu Match, euskeraz, dira inspirazino-iturri. Kontakizun bien azalak Mikel Apodakak diseinau ditu.

Kontakizunek, gitxienez 12 orrialde eta gehienez 15 izan behar ditue, eta 2024ko irailaren 6ra arte aurkeztu ahal izango dira Laguntza, erregistro eta herritarren arretarako bulegoan (Diputazino kalea 7, 48008 Bilbo). Horrezaz gan, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu  daitekez, baita Administrazino Publikoen Administrazino Prozedura Erkidean jasotako moduetan be (erregistro publikoak, posta-bulegoak, etab.).

BizkaIdatz, Esta Historia la escribes tú/Jarraitzeko prest? Orain zure txandea da, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen dau, Lurralde Historikoan literaturearen eta arte-sormenaren esparrua indartzen daben kultura-ekimenak sustatzeko.

Egileei buruz

Gonzalo Arranz Ayalak (Bilbo, 1993) komunikazinoaren esparruan egiten dau lan eta hainbat bitarteko eta proiektu soziokulturaletan kolaboretan dau. Lehen kontakizunak, Montevideoko (Uruguai) literatur tailer batean idatzi zituan. Ordutik, erritmo sakon eta bizkorreko estilo propioa landu dau, erreferentzia moduan herri musikea eta kulturea hartuz.

Los preparadores Julen bidaiari amorratuari buruz egiten dau berba. Munduan zehar abentura ugari izan ondoren etxera bueltetea erabagiten dau. Itzultzean galduta eta jota sentiduten da, baina uste dau erantzunak soziedade misteriotsu batean topauko dituala: La Escuela de Preparadores. Prestatzaileen Eskola.

Elena Fernández Alonso Oinarrizko Hezkuntza Orokorrean diplomaduna da, eta Hizkuntza eta Literaturako gradua egiten dabil. Hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, BizkaIdatz. Esta Historia la escribes tú/Jarraitzeko prest? Orain zure txanda da 2014an, eta Gora Gasteiz 2015 arrazakeriaren aurka lako aitamenak jaso ditu euskeraz. Bere argitalpenen artean dagoz Un zortziko para saciar el hambre eta Gerezi mingotsak, Inpostorea eta Olatu hilda elebarriak.

Egizu Match kontakizunean, euskerako kontakizunagaz jarraitzea erabagiten dabenek hasierako ezbehar batean kokatu beharko dabe euren burua, izan be, lagun bila dagoan emakume batek beste batzuekaz alkartzeko hitzorduen app batera joten dau, bere bizitzea muturreko egoera batean jokoan egongo dala igarri barik

BizkaIdatzi

2008an sortutako BizkaIdatz Literatur Lehiaketearen helburua da bizkaitarren talentua eta literatur sorkuntzea suspertu, bultzatu eta sustatzea eta ondoren zabaltzea. Azken hamalau urteetan 636 kontakizun baino gehiago aurkeztu dira.

Aurreko edizinoetan parte hartu daben egileen artean Miren Agur Meabe, Nerea Riesco, Unai Elorriaga, Maria Eugenia Salaverri, Irati Jiménez, Oscar Alonso, Katixa Agirre, Alex Oviedo, Goizalde Landabaso, Juan Carlos Márquez, Yurre Ugarte, Esther Zorrozua, Ana Urkiza, Iván Repila, Aixa de la Cruz, Jasone Osoro, Alejandro Fernández Aldasoro, Karmele Jaio, Bernardo Atxaga, Itziar Mínguez, Sonia González, Pedro Ugarte, Idoia Barrondo, Juan Infante, Alaine Agirre, Mikel Santiago, Gotzone Butron, Mikel Alvira, Jabi Elortza eta Begoña Elorrieta dagoz, gehi aitatutako Gonzalo Arranz Ayala eta Elena Fernández Alonso.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu