50.535 forma jasoten ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak
2024-06-14 12:44 Euskerea berbagaiGanera, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren erabilerea hobetu da.
Azken sei hilabeteotan, Euskerearen Akademiak 1.103 forma barri jaso ditu hiztegian (386 sarrera, 434 azpisarrera eta 283 ohiko lexia). Ganera, 2.524 forma egokitu edo findu ditu. Eguneratze horregaz, 50.535 forma jasoten ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak, 68.198 adiera, 111.193 adibide eta 519 esaera zahar.
Euskaltzaindiak etenbarik osotzen eta barrikusten dau hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu barrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atara ebenetik egiten dau holan, eta 2024ko lehen urte-erdian eginiko lanaren emoitzak jasoten ditu orain sareratu dan eguneratzeak.
Gogorarazo behar da, ganera, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren erabilerea hobetu egin zala 2023an: batetik, bilatzaile barria jarri zan martxan, erabilgarriagoa, bilaketa-aukera barriak eskaintzen dituana; bestetik, berbak topatetako bide gehiago emoten ditu orain bilatzaileak eta, beraz, zehatzagoa da.
Hiztegia etenbarik barrikusten da
Forma barriak landu dira, bai, baina hiztegiko arduradunek sarritan azpimarratzen daben legez, bestelako lanak be garrantzia handia dau, esaterako, lehendik dagoana txukuntzea, eguneratzea edo adiera batzuk egungo erabileren arabera berrantolatzea. Hiztegia, argiagoa, erabilerrazagoa eta egungo beharretara egokitua izateko derrigorrezko lana.
Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak behin eta barriz gogorarazoten dau kontu hau: Egiten dogun lanak erakusten dau hiztegia ez dala berba bat behin jaso eta aurrera. Forma barriak jasoten dira, eta hala behar dau, baina horreen erabilereari erreparatzeko garaia be bada: berben konbinazinoak, testuan nola erabili erakusten dabenak, adiera barriak edo egungo beharrei erantzuten deutsen adibideak. Helburua, hiztegi egokia eta beharrei egokitua izatea da; kalidadezkoa, kantidadea baino garrantzitsuagoa baita.
Oraingo eguneratzean landutako formen kopurua handia da (1.103 forma barri). Esaterako:
- Corpusetik eskuratuak: flexo, fobiko, enpaste, biorritmo, adimen artifizial, arrain urdin, arrain zuri, hezurrak hautsi, korronte alterno, lasaitua hartu, gaupasa egin, greba egin…
- Azken eguneratzean hasitako bidetik, ohiko lexiak sartu dira hiztegian (forma konplexu gardenak, definizino barik ulertzen diranak, definizinorik behar ez dabenak, baina berben konbinazino egokia adibide bidez erakutsi nahi dabenak). Adibidez: arrautza(-)gorringo, arrautza(-)zuringo, irratia piztu, irratia itzali, telebista piztu, betaurrekoak jantzi, gol(-)zaparrada, kreditua eskatu edo kreditua emon.
- Exonomastika Batzordeak barrikusitako arauetatik jasotako Espainiako Erresumako eta Frantziako Errepublikako herritarrak: aragoiar, huescar, zamorar, landestar, perpinyar edo proventzar.
Baina askoz gehiago zuzendu, osotu edo egokitu dira, esaterako:
- Definizinoa: haginak erakutsi (lehen: Hortzak erakutsi, orain Norbaitek, erasotzen deutsonari, aurre egiteko prest dagoala adierazo).
- Adiera barria: polar (4 adj. Jantziez mintzatuz, forru polarrez egina. 5 iz. Forru polarrez eginiko jaka.)
- Oharra: ziur izan (da ad.-lok. (Perpaus osagarri bat hartzen dauela. Zalantzarik ez izan.)
- Erabilera-marka: euskalkia (arotzeria Heg., zirkindu batez be bizk.), erregistroa (euli-kaka izan beh.), jakintza-arloa (atzegoardia mil., pastoral antz.)
- Garai batean aditz-mota barik jasoten ziran azpisarreretako aditz-lokuzinoak osotzen jarraitzen dabe. Eguneratze horretan 515 landu ditue. Adib.: arnasa bota du ad.-lok.
Aldaketa guztiak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!