Guka, euskaltzaleon plaza librea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2024-06-14 10:22   Euskerea berbagai

Proiektu ugari egingo ditue euskereak presentzia gehiago izan daian urian.

(Argazkia: @gukabilbon). | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko hainbat herri mobimentuetako eta eragileetako euskaltzale aktibistak osotutako taldea da Guka. Urte luzez hizkuntzearen normalizazinoan lan egindakoak, hain zuzen be: Bira espazioa, Berbaizu euskera alkartea, Zenbat Gara alkartea, auzoetako euskara-taldeak, Bilboko euskaltegiak, jaietako eragileak, ume eta gazteen aisialdi-taldeak, mobimentu sozialetako aktibistak, baita nazino mailako eta maila lokaleko proiektu komunikatiboetako zein Euskalgintza nazionaleko kideak be.

Topaguneraren helduburua da Bizkaiko uriburuan euskaldunen eskubideak aldarrikatzea eta euskerea sustatzea. Horretarako, egiteko bi ditue:

  • Bata, lan atontzailea: Bilbon, gero eta eremu gehiago euskalduntzeko lan egingo dabe; gaztelaniaz diranak euskeraz izan daitezan lan egin, euskerearen alde dagozenen bidea erraztu, pilotajeak jarriko ditue martxan eta erreferenteak diran proiektuak sendotu eta erreproduzidu.
  • Bestea, lan aldarrikatzailea: burruka ideologikoa egingo dabe, euskerearen alde.

Kontuak kontu, Bilbon mobimentu bat sortzen dabiz, holan, Bilbo bere osotasunean hartzeaz gan, Bilboko auzo guztietan eragiteko. Dagoeneko, lan baldintzak beteten dituen hainbat eremu dagoz, beraz, leku horreetan, lanketa propioak hastera doaz: ume eta gazteen aisialdia, kulturea, jai herrikoiak, jatorri eta kultur aniztasuna helduen euskalduntzea, merkataritzea eta zerbitzuak.

Ikasturte amaierea izan arren, euskerearen aldeko lanak ez dau etenik. Halanda ze, bilboko jai herrikoietan euskerea sustatzeko eta eukaldunon eskubideak aldarrikatzeko kanpaina bat jarri dabe martxan.

Guka, Bilboko euskaltzaleon plaza askea

Sakabanatuta eta leku askotan lanean ibili diran euskalgintzako kideak, orain batu egin dira. Bilboko ehunka euskaltzalek egindako lan ikaragarriaren ondorio eta ondorengo. Alkarregaz, eskuz esku, euskalgintzan Bilbok behar dauen prozesua irudikatu eta gaur egungo jentarteak dituan erronkei aurre egiteko prest dagoz, izan be, egiteko, eragiteko eta eginarazoteko sortu dira.

Euskerearen kontrako ofensiba ideologiko, politiko eta juridiko bete-betean gagoz eta zapaldu, bazterreko zein bigarren mailako hiztun izateari itxi nahi deutsagu geure urian. Euskaldunon alde egingo dauen urian bizi nahi dogu. Bazterrak bizigarriago eginez, erdigune izatera goaz!, adierazo dabe arduradunek.

Guka parte-hartzailea, kolektiboa eta herrikoia dan mobimentua da. Bilbon euskeraz biziteko benetako aukerea eskaini nahi dabe, gero eta bilbotar gehiagok euskeraz egin deien. Halanda ze, euskerearen aldeko burrukea, justizia kontua be bada; mundua minorizautako hizkuntz komunidadeon kontra dogu, baina geure burua eta geure hizkuntzea munduaren alde dago.

Geratzeko jaio dan mobimentuaa gara, Guka gara, Bilboko euskaltzaileon plaza librea!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu