86 antzerki eta kaleko ikuskizun Kaldealdia jaialdian

Bizkaie! 2024-06-12 13:31   Kulturea

Toño Valdiviesok El Jardín del Bilboko Kalealdia instalazinoa aurkeztuko dau.

Bilboko Udalak urtero atontzen dauen Kalealdia Antzerki eta Arte Jaialdiaren 25. edizinoa garagarrilaren 1ean, astelehena, hasiko da. Hilaren 6ra arte izango da, beraz, sei egunetan zehar disfrutetako aukerea eskainiko dau jaialdiak.

Programearen aurkezpenean, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Pedro Ormazabal Kalealdiko zuzendariak parte hartu dabe.

Kalidadezko programazinoa da, urtez urte nazinoarte eta Estadu mailan sendotzen dan jaialdia eta sei egunez Bilbo arteen eta kaleko antzerkiaren erdigunean jartzen dauena, adierazo dau Kultura eta Gobernantzako zinegotziak.

Europako hainbat herrialdetatik datozen zazpi konpainia izango dira jaialdian, eta normalean urian ikusten ez diran ikuskizunak erakutsiko deutsee bertaratzen diranei: Compagnie Allégorie; Los Putos Makinas; La Triochka y la Cie; Underclouds; Teatro Do Mar; Hippana; Maleta; eta Soon Circus Company hain zuzen be.

Estaduko konpainien ordezkaritzea, barriz, zortzi taldek osotzen dabe: Bewis de la Rosa; eia Zirku Konpainia; Pau Palaus Cía.; Joan Català; Jean Philippe Kikolas; Nacho Vilar Producciones & Yllana Producciones; Jimena Cavalletti Cía; eta, Truca Circus.

Horreezaz gan, jaialdian parte hartuko daben artistak ondokoak dira: Dab Dantza Konpainiak; Euskorleans Band; Kukai Dantzak; Ganso & Cía.; Hortzmuga Teatroa; Kamikaz Kolektiboa; La Glo Zirko eta Dantza; Deabruak & Zozongo Produkzioak; Lque kke | Olatz De Andrés; Loratzen Dantza Taldea; Toño Valdivieso; Cía. Maite Guevara; Orain-Bi Zirko-Teatro; Osa + Mujika; Rojo Telón; Teatro Gorakada; Teatro Panta Rhei Antzerkia; Estefanía de Paz Asín konpainia.

Emonaldi guztiak doban izango dira, Jean Philippe Kikolasen Duelo izan ezik. Sarrerak 3 eurotan erosi beharko dira www.bilbokokalealdia.eus webgunean. Ikuskizunaren diru-bilketea Itsas Salbamendu Humanitarioa (Aita Mari) alkarteari emongo jako. Ikuskizuna Arte Ederren Museoan izango da ikusgai, garagarrilaren 5ean, barikuan, eta 6an, zapatuan, 21:30ean.

Ganera, Estefanía de Paz Asín-en Olvido Flores. Las maravillas de Júpiter, Maite Guevara konpainiaren Susto; eta Pau Palaus konpainiaren Zloty ikuskizunak webgune honetan erreserbau egin behar dira.



Jaialdiaren koprodukzinoak

Toño Valdivieso artista lokalaren Casilda Iturrizar Parkerako bereziki sortutako dekorazinoa izango da betiko lez protagonista jaialdian. El Jardín del Bilboko Kalealdia instalazinoari esker, Casilda Iturrizar parkea arte eszenikoez disfrutetako lekua bihurtuko da, burdinaz, egurrez, ehunez eta abarrez egindako piezak dagozen ingurune naturalean.

Valdiviesoren instalazinoaz gan, jaialdiak ikuskizun bi koproduzidu ditu:

  • Perspectivas, Bizkaia Aretoa-UPV/EHU, garragarrilaren 3an, 22:30etan.
  • Susto, Maite Guevara konpainia. Casilda Andrearen Parkeko Pergolan, garagarrilaren 4an eta 5ean, 22:00etan.

Estreinaldiak

Kalealdiak zazpi estreinaldi programauko ditu, horreetako bat absolutua, lehen aitatu dogun Toño Valdiviesoren El Jardín del Bilboko Kalealdia instalazinoa. Garagarrilaren 1etik 6ra bisitau ahal izango da, 17:00etatik aurrera, Casilda Iturrizar parkean.

Estaduko estreinaldiak, honeek izango dira: LOOking fOr, Compagnie Allégorie taldearena; Cie Underclouds konpainiaren Inertie; eta TopDown.

Euskadiko estreinaldiak, barriz, ondokoak dira: Soon Circus konpainia suediar-catanoaren Gregarios; Tunnel, Hippana.Maleta konpainia germaniar-irlandarrena; eta eia Zirku Konpainiaren Nuye.

Bost gune

Jaialdia bost espaziotan disfrutetako aukerea izango da, garrantzitsuena Casilda Iturrizar Parkean. Beste ikuskizunak Arriaga Plazan, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan eta Plaza Biribiletik Arenalera doan ibilbidean egingo dira. Horrezaz gan, emonaldi ibiltari bi eskainiko ditue.

Programazino osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu