Olatz Salvador: 'Gure ofizioak sentiduarazoten gaitu handi eta beste batzuetan txiki'
2024-06-17 07:55 BarriketanBagilaren 15ean, Sondikan, Herrian Jaialdiaren barruan kantau ondoren, 20an: Donostian izango da Salvador Miramar Gauak Jaialdiaren barruan eta garagarrilaren 17an, barriz, Gernikako Haziberri Jaialdian izango da eta Gorka Urbizuk be jaialdi horretan joko dau.
Ezustekorik ezean, irailaren 25ean plazaratuko dau hirugarren diskoa Olatz Salvadorrek.
Diskografiari erreparauta, Zarautz Zuzenean grabau ondoren, Zintzilik argitaratu eban eta 2021ean Aho uhal diskoagaz agertu zan. Hirugarrenaren zain gagoz baina irailera arte ez ei da agertuko.
1.- Hirugarren aurrerapen kantua ezagutu dogu orain egun batzuk: Azken eguzki printzak. Musikeari jagokonez, igarriko ete dogu alderik Basan eta Gerorik balego horreetatik hirugarrenera?
Onena jenteak, entzuleek erantzutea izango litzateke eurak diralako gure lanaren jarraitzaileak baina aurreratuko deutsut diskoan badagozala ezustekoak.
Ganerakoan, erritmoari jagokonez, gogorragoetatik motelagoetara alderik ete dagoan dinostazu eta baietz esango neuke, badagoala aldea. Elementu eta berezitasunetan dagoz aldeak, bakotxak bereak ditualako. Hiru kantuen artean badago haria baina entzuleak ezustean harrapetea gura izan dot; onena irailean kaleratuko dogun disko osoa entzutea izango da eta hortik aurrera bakotxak egitea balorazinoa.
2.- Egun eguzki printzak kantuak udako egun sargoritsuak dakarskuz gogora ala bestelako idea batzuk erabili dozuz?
Irudiak eta musikea sano irudikatzaileak dira, alaitasuna, kolorea eta berotasuna nabarmendu dodaz. Ezkutuan gordetako ideak be badagoz eta apropos egin dot hori, entzuleek be zeozelan parte hartu deien, misterioa, sekretua erakargarriak dira eta hor dago aukerea entzuleek be olgau deien.
3.- Bakarkako hirugarren diskoa irailaren 25ean plazaratuko ei dozu. Jentea gogotsu dagoala jakinada, zergaitik itxi dozu horrenbeste denpora?
Ez da nire erabagia izan. Aukeran lehenago atarateko gogoa neukan baina badakit disko bat plazaratzeko gauza asko hartu behar dirala kontuan. Diskoa zuzenean aurkezten eta promozino lanak egiten udagoienean hasiko gara eta gogotsu gagoz. Sikeran Sondika, Donostia eta Gerniikako kontzertuak hor dagoz eta barruan dogun guztia atarako dogu.
4.- Kolaborazinoen harian, Rozalén, Ivan Ferreiro eta Gata Cattana nabarmendu daitekez. Rozalen euskeraz entzutea gozamena da eta nork ez ditu ezagutzen Zea Mays eta Xalbadorren Heriotzean kantuak. Zelan sortu zan aukerea Rozalen euskeraz kantetan ikusi eta entzuteko?
Albaceteko jaialdi batean ezagutu neban Rozalen, nor nazen, zer egiten dodan azaldu eta nire diskoa erregalau neutson; euskeraz zirala kantuak esan eta ez ebala ezer ulertuko aurreratu eta oso jator erantzun eustan. Euskeraz zeozer egiteko asmoa baebala autortu eta bideari ekin geuntson. Ura Bere Bidean orkestreagaz alkarregaz kantau genduan eta esperientzia hunkigarria izan zan.
Rozalenek berak esan izan dau euskerea maite dauela, berezia dalako, klasikoa, zaharra. Gauza politak baino ezin neikez esan Rozalenen ganean [barreka]
5.- Olaia Inziarteren Behe klasekoa diskoan be kolaborau zenduan. Proposamena nork egin eban?
Olaiak berak esan eustan eta nik ez neutson ezetzik esan. Kolaborau ez arren, lehendik ezagutzen ginan eta esperientzia polita izan zan, beste pausu bat gure arteko hartu-emonetan.
Beste alde batetik, Olaia Iker Lauroba, Leire Letu, Urbil Artola eta Llillena Susselegaz ebilen Beste Urtaroak proiektuan eta oso oker ez banago, pozarren ebizan.
6.- Xoel López edota Christina Rosevinge lako artisten kontzertuetan hasierako saioak egin izan dozuz. Gustora ibili zara holakoetan?
Bai. Miresten dozuzan artistakaz jotea aberasgarria da eta asko ikasten dozu. Gure ofizioak handi sentiduarazoten zaitu eta beste batzuetan txiki. Xoel eta Cristinagaz oso gustora ibili naz, ibilbide profesionalean aurrera egitea izan da niretzako.
7.- Skakeitan taldean bizitakoak ahaztu dozuz?
Ez. Hori ez dot sekula ahaztuko. Gaur egun hartu-emonetan jarraitzen dogu, alkar babesten saiatzen gara eta hor ikasitako guztia eta bizitako esperientziak ez dodaz ahaztuko. Proiektuaren amaierea be holakoa izan zan, zintzoak izatea gure buruagaz, inori kalterik egin barik.
8.- Zelako esperientzia izan zan Herrian (BBK Live) Sondikako kontzertua?
Oso gustora ibili nintzan, esperientzia ederra izan zan El ultimo vecino, Sal del coche eta Cala Vento entzutea eta Maria Escarmientoren aurretik neuk kantetea. Beste leku bitan be izan ziran kontzertuak eta, besteak beste, Yogurinha Borova, Korrontzi eta Xsakara izan ziran; kultura eta estilo ugari eta doban izanda, jente asko hurreratu zan.
9.- Donostian eta Gernikan emongo dozuzan kontzertuen ondoren, badozu berbatutako bestelako hitzordurik?
Miramar Gauak Jaialdiaren barruan joko dot Donostian eta Gernikan, Haziberri Jaialdian joko dot eta horrexek dira udarako hitzorduak, bereziak izango diralakoan nago. Edozelan be, leiteketeana da beste hitzordu batzuk sortzea.
10.- Hemengoak eta kanpokoak gogoan hartuta, ze musika entzuten dozu? Kontzertuetara joatea gustetan jatzu?
Zelan ez. Kontzertuetan eta musikea entzuten asko disfrutetan dot. Euskal musikearen luze-zabalean, Merina Gris, J Martina, oraintsu gauza barriak argitaratu dituan Eneritz Furyak, Izaro, kolaborazino baten bitartez ezagututako Eire, Belako, Gorka Urbizu, Amaia Miranda eta ahaztu ditudan asko. Kanpoko musikarien artean, asko entzuten nabil Mac DeMarko, Bon Iver, Phoebe Bridgers eta bizi dodan egoerearen arabera aukeratzen dodaz musikariak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!