‘Egungo euskal albuma’, 2001tik 2022ra doazen hamabi testuren eta ilustrazioen analisia

Bizkaie! 2024-06-12 07:55   Kulturea

Xabier Etxaniz eta Karla Fernandez de Gamboa izan dira egileak.

Karla Fernández de Gamboa eta Xabier Etxaniz. Argazkia: Nuria González. | Ikusi handiago | Argazki originala

Albuma berbez eta irudiz osotutako objektua da: kode bi (berbea eta irudia) erabilten dira istorio bat kontetako eta horreek alkarren menpekoak dira, ezin dabe funtzionau era independentean, azaldu dau Xabier Etxanizek, UPV/EHUko irakasle eta ikerlaria eta liburuaren arduraduna Karla Fernandez de Gamboagaz batera.

Gitxi dira nazinoarte mailan albumari buruzko ikerketak eta gitxiago euskeraz, izan be, hau da euskeraz eginiko lehenengo ikerketa sakona: lan honen bidez irakurlea albumen mundura hurreratzea nahi dogu, argitu dau Etxanizek. Ganerakoan, liburu ilustratutik albumera dagoan eboluzinoa ikusi, albumen lanketan dagozan faktoreen barri izan eta ume txikien artean zein helduen artean be gero eta presentzia handiagoa dauen literatura mueta honek dituan ezaugarriak, aztertu doguz adierazo dau Karla Fernandez de Gamboak. Horretarako, LAIDA ikerketa taldeko kideek hamabi testuren eta irudiren azterketa egin ditue: 2001ean plazaratutako Marraztuidazu gutun bat albumetik 2022an argitaratutako Zarata Do Maiorren biolin eta pianorako berba bako albumera.

Joan dan mendaren 60ko hamarkadan albumaren oinarriak ezarri baziran be, esan daiteke mende honen hasiereagaz batera hasi zala euskal albumaren ibilbidea: liburuan aurreko bizpahiru hamarkadetan egon dan iraultzearen nondik norakoak ikusi ahal izango da liburuan, baita kanpoko lanen itzulpenak zelako eragina izan dauen be. Azken hogei urteotan aurrerapauso handiak emon dira arlo honetan. Itzulpen lanak dira nagusi eta eskaintzea gero eta zabalagoa eta aberatsagoa da, azaldu dau Xabier Etxanizek. Urte honeetako garapen eta barrikuntzea nabarmena da eta horretan guztiz garrantzitsua izan da Etxepare saria, Nafarroako toki-erakundeek eta Pamiela argitaletxeak bultzaturiko saria, gehitu dau Etxanizek, izan be, haren ustez, sariak euskal sortzaileak albumak egitera bultzatu ditu.

Liburu hau UPV/EHUren LAIDA ikerketa taldea azken urteotan egiten dabilen Egungo euskal literatura barria proiektuaren barruan sartzen da eta horretarako Eusko Jaurlaritzearen laguntzea izan dau. Ale hau berezia da albumak euskal literaturearen ikerketan izan dauen tradizino urriagaitik eta azken urteotan dauen garapen eta barrikuntzeagaitik: obra hau urratzailea da literaturearen ikerkuntzan, osogarria euskal literaturearen panoramikan eta erabilgarria albumaren mundura hurreratu nahi daben guztientzat, zehaztu dau Fernández de Gamboak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu