'Bakartutako hiria. 1874ko Bilboko setioa. 150 urte'

Bizkaie! 2024-06-12 09:35   Kulturea

Bagilaren 11tik garagarrilaren 9ra, Bilbon.





Museo bizkaitarrak —gaur egun ateak zarratuta ditu barriztetan dabizelako— erakusketa bat estreinau dau eta uriko zenbait puntutan kokatutako panelen bidez ikusteko aukerea egongo da.

Museoaren bildumako argazkien bidez —Charles Monney argazkilari frantziarrak eta Telesforo de Errazquinek ataratakoak—, Bilbo uriak jasandako setioaren nondik norakoak kontauko dira, 1873ko abenduaren 29tik 1874ko maiatzaren 2ra arte iraun baitzeban.

Kontuak kontu, Arriaga Antzokiko plazan dago erakusketea. Proposamena uriko zenbait puntutan dago ikusgai, eta setioaren 150. urteurrena gogoratzeko erabiliko da, era horretara, Bizkaiko erakundeak bere bildumearen bidez euskal kulturea zabaltzen jarraitzen dau, nahiz eta gaur egun egiten dabizen erabarritze integralaren ondorioz museoak ateak zarratuta izan.

Erakusketearen inaugurazinoan ondokoak izan dira: Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol diputadua; Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzia; Sorkunde Aiarza, Euskal Museoko zuzendaria; Josu Arambarri, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko ikertzaile laguntzailea; eta Aloña Intxaurrandieta, Euskal Museoko teknikaria.

Bilboko azken setioa, uriak XIX. mendean jasan zituan lau setioetan luzeena, azken Karlistaldiaren (1872-1876) giroan jazo zan. 1873ko abenduaren 29an hasi zan, karlistek, itsasadarreko zenbait puntutan kateak jarrita, ibai bidezko nabgazinoa bertan behera itxi eben egunean.

Setioaren garairik gogorrena zezeilaren 21ean, zapatuan, hasi zan, uria bonbardeau ebenean. Karlistek erraz egin eben Bilboren kontra, liberalen gudarosteak geldi baitzegozan Somorrostroko bataila ospetsu eta odoltsuetan.

Setioak 120 egun baino gehiago iraun eban eta tarte horretan 6.785 jaurtigai zenbatu ziran. Martiaren 23tik aurrera errazionamendua ezarri behar izan eben eta uriak gizakien eta materialen galera handia izan eban.

Jazoera horretan oinarrituta, erakunde bizkaitarrak honako proposamena dakar: sakabanatuta egongo diran argazkien bidez ibilbide historiko bat egitea, holan, aukerea egongo da Bilboko zenbait tokiren lehengo egoerea eta egungoa ikusteko.

Euskal Museoagaz batera, Euskalerriaren Adiskideen Alkarteko Josu Aramberrik be proiektuan parte hartuko dau bere proposamenagaz: Euskal Museoaren bildumako irudi-multzo bat Bilbon ikusgai jarri eta jazotakoa azaltzeko ibilbide bat egitea, hain zuzen be, bisita gidatuen bidez edo bakotxak bere kabuz egin ahal izango dauena. Gainera, webguneko informazinoaren bidez ezagutzak sakontzeko aukerea eskainiko da.

Edukiak

Charles Monney argazkilari frantziarrak zenbait argazki egin zituan 1974ko Bilboko setioan zehar eta Bilboko Euskal Museoan argazki horreen papel gaineko kopiak eta beirazko plakak dagoz. Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoak be egile beraren hiru argazki laga ditu.

Horreez gan, Telesforo de Errazquinek egindako argazkiak lagungarriak izango dira hilebete horreetan uriak bizi izan eban egoerea ulertzeko. Holan, bildumako parte diran zenbait irudi batu jakoz proposamenari.

Erakusketa honen bidez, Bilboko Euskal Museoaren bildumako argazki-multzo bat ikusgai jarriko da urian sakabanatutako zortzi paneletan; ganerako irudiak QR baten bidez ikusi ahal izango dira, jazoerea eta erakusketea bera ulertzeko interes historikoko argazkiak baitira danak.

Horrenbestez, Bilboko zenbait toki ikusi ahal izango dira, besteak beste, Zingira, San Frantziskoko zubia, Erribera, Arenala eta Iparraldeko geltokia.

Ibilbidea

Bilboko kaleetako zenbait puntutan kokatuko da erakusketea. Oinez egiteko moduko ibilbide erosoa dago bisitarientzat, lehengo eta egungo egoerea ikusteko aukerea emoten daben lekuetan, hain zuzen. Holan, errazagoa izango da jazotakoa ulertzea eta Bizkaiko uriburuak urteen joanean izan dauen aldaketea ezagutzea.

Erakusketearen ibilbidea

1. Marinaren Bateria (gaur egun, Bilboko Udaletxea dago bertan).

2. Zalditeriaren Kuartela (desagertutako Quintana jauregia, gaur egungo Erkoreka plazea).

3. Heriotzearen Bateria (Zingira kaia).

4. Bilboko Bankua (San Nikolas eleizearen ondoan).

5. Antzoki Zaharra, Arenala eta Bidebarrieta Kalea (Arriaga Antzokiaren ondoan).

6. Elisabet II. Zubia (Arenaleko zubiaren ondoan).

7. Geltokiko Bateria (egungo FEVE geltokiaren parean).

8. Plaza Zaharra (egungo Erriberako zubiaren eta merkatuaren ondoan).

Informazino Digitala

Panel bakotxak QR kode bat izango dau, informazioa eskuratu ahal izateko eta aitatutako ganerako irudiak ikusi eta horreen inguruko informazinoa jasoteko.

Erakusketeari buruzko informazioa Euskal Museoaren webgunean jasoko da (https://www.euskalmuseoa.eus/eu/hasiera).

Horrezaz gan, webgune honetan be badago informazinoa: https://bilbao.rsbap.org/s/1874/page/sitio

Modu horretan, nahi duenak informazio osagarria kontsultatu ahal izango du, eta erakusketa fisikoa eta digitala uztartzen dituen esperientzia bizi. Gainera, erakusketa aurrez aurre gozatu ezin dutenentzat, eduki digital hori oso lagungarria izango da erakusketa beste modu batera ezagutu ahal izateko.

Bisita Gidatuak

Euskal Museoak bisita gidatuak atonduko ditu Josu Aramberri adituaren eskutik. Doban izango dira eta ordu bi ingurukoak iragarri ditue..

Aldez aurretik izena emon beharko da, telefono-zenbaki honetara deituta: 94 415 54 23. Bisitak ondoko egunetan egingo dira:

2024ko bagilaren 20an, 11:00 – 13:00

2024ko garagarrilaren 4an, 11:00 – 13:00

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu