'Euskara Ibiltaria' Mungian ikusgai
2024-06-12 08:31 KultureaBagilaren 11tik urriaren 24ra arte.
Euskara Ibiltaria erakusketa interaktiboa Mungiako Izenaduba Basoa zentroan izango da bagilaren 11tik urriaren 24ra arte. Erakusketearen estreinaldi ekitaldian parte hartu dabe, Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Álvaro Parro Laboral Kutxako Bizkaiko komunikazino-arduradunak eta Adolfo Arejita Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren zuzendariak.
Alaitz Erkorekak erakundeen arteko lankidetzak daukan garrantzia adierazo dau, ezinbestekoa baita danon indarrak batzea. Geroak zer ekarriko deuskun jakiterik ez dagoala be gaineratu dau: Orain dala ehun urte geure euskerak galdu zituan erabilera-esparruak irabaztea gura dogu (goi-mailako lanbideak, administrazinoa, irakaskuntza osoa…) eta, batez be, orduko bizi-indarra berreskuratzea eta gordetzea.
Andres Urrutia euskaltzainburuak be alkarlanaren garrantziaz berba egin dau: Euskaltzaindiaren izaeran bertan dago hori; gizarteagaz bat eginik jokatzea, alkarte, kultur eragile eta erakundeekaz batera hain zuzen be. Etorkizunean bide beretik jarraituko dogu, eginkizunak partekatuz, Akademiaren proiektuak plazaratuz, eta, ahal dan neurrian, euskal gizartearen eskuetan jarriz.
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura diputaduak esan dau, belaunaldien arteko, herrien arteko eta geure kulturarekiko maitasuna eta errespetua partekatzen daben guztien arteko zubiak eregiten dituan hizkuntzea dala euskerea. Mungiako Udalaren, Euskaltzaindiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Euskerearen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren arteko sinergia, argi eta garbi ikusten da erakusketean; izan be, erakundeen arteko lankidetzea ezinbestekoa izan da egitasmoa aurrera eroateko. Arrizabalaga diputaduak autortu dau, erakusketa ibiltariak geure lurraldea zeharkatzea ahalbidetu dauela, euskerearen aberastasuna guztioi hurreratuz, geure kultura-ondarea jagonez eta sustatuz.
Álvaro Parrok berbea hartu dauenean, Laboral Kutxaren eta Euskaltzaindiaren alkarlana aspaldikoa dala aditzera emon dau: 1977tik aurrera alkarlanean gagoz Euskaltzaindiagaz, hain zuzen be, Euskeraren Liburu Zuriaren argitalpena ondu genduanetik. Lauaxetaren itzala be gogora ekarri nahi izan dau Parrok, baita Mungiak euskereagaz eta euskal kultureagaz izan dauen lotura estua be: Hori guztia bultzatzen jarraitu nahi dau Laboral Kutxak. Geure hizkuntzearen alde egiten dogu, ez geure ondarea babesteko bakarrik, sustraitzea eta kohesinoa bultzatzeko be bai.
Mapak, jokoak, animazinoak, entzungaiak...
Erakusketa ibiltariaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta azken urteotan plazaratutako argitalpenak adierazo bezala, euskerearen ugaritasuna eta aberastasuna erakustea dau helburu. Holan, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi deutso atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.
Erakusketea bost atal nagusitan banaturik dago (Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Naturea, eta Bizitzea), eta atal bakotxa atlaseko mapen hautaketa batek hornitua da, holan, bisitaria, hizkuntza-aldaera horreen guztien jabe egingo da.
Zentzumenei eragiten deutsen erakusketea be bada Euskara Ibiltaria, gogorarazo dau Adolfo Arejita EHHA egitasmoaren zuzendariak. Bisitariak, euskerearen aberastasunaz ohartzeaz gan, hizkuntza-atlasa zer dan ikusteko aukerea izango dau, eta horren bidez, XIX. eta XX. mendeetako bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa. Arejitak bestelako kontuak be aitatu ditu jendaurreko agerraldian: 80ko hamarkadan, Hizkuntza Atlasa lantzen hasi genduanean, euskal hiztunek altxor hori emon euskuen, eta orain, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli nahi deutso. Hori da, besteak beste, erakusketearen helburua.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskararen aniztasunaren barri emoten dauen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratua eta dagoeneko hamaika liburuki dituana. Proiektua XX. mendeko 80ko hamarkadan hasi zan ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu ebezen (Araban herri bakarra, Bizkaian eta Gipuzkoan 36na herri, Nafarroa Garaian 27, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12 herri), 319 barriemaile eta 2.857 galdera; 1987. eta 1992. urte artean eginiko alkarrizketok, guztira, 5.000 ordutik gorako grabaketa-bilduma osotzen dabe.
Ordutegiak eta bisita gidatuak
Erakusketa Ibiltaria bagiletik urrira egongo da edegita. Bisita libreak bagilaren 15ean, 22an eta garagarrilaren 13an, 20an eta 27an izango dira, 11:00etatik 13:00etara. Dobako bisita gidatuak be atondu dira:
- Irailaren 13an (12:00etan).
- Irailaren 21ean (12:00etan).
- Irailaren 28an (12:00etan).
- Urriaren 5ean (12:00etan).
- Urriaren 12an (12:00etan).
Kontuak kontu, bertaratu nahi dauanak Mungiako Izenaduba Basoan emon beharko dau izena (946740061 telefono zenbakira deituz, edo izenaduba.basoa@gmail.com posta elektronikora idatziz).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!