Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketako sei finalistak aurkeztu ditue
2024-06-12 08:00 KultureaBotoa emoteko epea bagilaren 17an hasiko da.
Aste Nagusiaren 44. edizinoa gero eta gertuago dago; abuztuaren 17an hasiko da, zapatua, 25era arte, domeka. Beraz, betiko lez, Bilboko Aste Nagusiaren lehen mugarria kartela aukeratzea da; holan, bozka bagilaren 17an, astelehena, hasiko da.
Lehiaketara hainbat jatorritako diseinu grafikoko profesionalek (172) eta amateurrek (131) egindako 303 lan aurkeztu dira. 87 lan bilbotarrek aurkeztu ditue; 54 lan, Euskadiko gainerako lurraldeetakoak dira, eta 145, berriz, Estadukoak. Horreezaz gan, hainbat herrialdetako profesionalen 17 lan jaso dira, tartean ondoko herrialdekoak: Peru, Kuba, Errumania, Kolonbia, Mexiko, Argentina, Brasil, Ekuador, Bolivia eta Finlandia.
Kartel finalisten lehen hautaketea, ondoko honeek egin dabe: Itziar Urtasun Jai Zinegotzi eta Jai Batzordeko Presidenteak; Asier Abaunza eta Esteban Goti zinegotziek; Alicia Fernández Rekalde Aretoko Zuzendariak; Eder Aurre moda-diseinatzaileak; Elena Guerra sortzaile digitalak eta komunikazinoan eta marketinean adituak; Ibai Sánchez Telebilbaoko aurkezleak eta erreportariak; eta Bilboko Konpartsetako ordezkari bat. Ganera, aurtengo edizinoan, Borja Sanz Deustuko Unibersidadeko Injienerutza Fakultateko doktorearen adimen artifizialaren erabilerari buruzko aholkularitzea izango dau Epaimahaiak.
Honeek dira sei finalistak:
- Marijaia eta gehiago.
- Jaietara atera! / ¡Sal a las fiestas!.
- Síntesis.
- Azul agosto.
- Labios.
- GORA MARIJAIA.
Holan, astelehenean hasita, irabazlea aukeratzeko botazinoa egingo da, hilaren 23ra arte. Modu bitan emon ahal izango dabe herritarrek eretxia. Batetik, boto presentzialaren bidez, Euskal Museoan. Bestetik, interneten, hedabide laguntzaileen bidez edo Udalaren webgunean. Behin betiko erabagian, % 66ko pisua izango dau herritarren botoak (% 33 modalidade bakotxak). Ganerako % 33 epaimahaiaren eretxia izango da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!