Udalatxeko tontorretik, Anboto disfrutetan

Amaia Larruzea 2024-06-13 10:15   Ibilian-ibilian

Udala auzotik igongo dogu Arrasateko mendira.

Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugan, Euskadiko auzo polit ugari dagoz. Horreetako bat, Arrasateko Udala auzoa. Bertan, mundu bi alkartzen dira: batetik, betiko auzo txikia, etxez eta naturaz inguratua; bestetik, Uxarte tabernearen aurrean dagoan aparkalekua, mahaiak eta, beraz, mobimendua.

Auzora igoteko aukera bi dagoz; biak Arrasatetik. Lehenengoa, ohiko errepidetik igotea da, jente askok erabilten dauena. Bestea, Erguin auzoan hasten dan mendi bidea da. Bigarren aukera hori egiten badogu, lehen aitatutako Uxarte tabernearen ezkerraldera helduko gara. Beraz, aukera biak dira onak. Zeuek erabagi!

Udalan dagozen taberna biak, bereziak dira oso: lasaitasuna trasmitiduten dabe, baina, aldi berean, mendi giro sano aparta antzemoten da, izan be, bertatik Euskadiko mendi ugari ikusten doguz. Larrinetxe jatetxeaz eta Uxarte tabernaz nago berbetan. Eguerdi aldera edegiten ditue ateak, beraz, mendi bueltea egin ostean, akaso edegita egongo dira.

Hainbat aukera dagoz Udalatx edo Udalaitz mendira joateko. Bertikalena, kanpazarretik doana da. Beste aukera bat da, Elorriotik Besaidera joatea eta bertatik igotea. Aitatutako bi horrek, apur bat nahasgarriak dira, halanda ze, hirugarrena, bide zuzenena eta ohikoena da, Udalakoa hain zuzen be (5,10 km eta 598ko desnibela).

Udalako iturrian kantiplorea bete eta ibilbideari ekingo deutsagu. Hasierean, bide bi dagoz eta leku bardinera eroaten deuskue, beraz, ez kezkatu. Bideak alkartzean eta pista bidea amaitzean, tarte teknikoa hasten da.

Hemen, kontuz ibili behar gara, izan be, harri solte eta labankor asko dagoz. Ganera, oso ibilia dago bidea. Behin, arbolak atzean itxita, Uxarte tabernako ugerlekua, Arrasateko enpresak eta torreak, Murugain, Kurtzebarri eta beste hainbat toki eta mendi aurrez aurre izango doguz. Beraz, asko merezidu dau geratzea eta begiratzea.

Martxeari ekinez, azken aldapea igon eta lehenengo tontorrera helduko gara. Bertan, burua jaso eta alde batean Arrasate eta Debagoiena ikusiko doguz eta bestean, kresterioa, ahuntzez betea eta Elgeta eta Bizkaia. Kontraste polita.

Azken mendizerra horretatik gora eginez eta hankak non jarri ondo begiratuz, tontorrera helduko gara. Denporea hartu bertan, merezidu dau eta.

Disfrutau ikuspegiaz eta Anbotoko bistarik onenaz!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu