Euskereak Ipar Euskal Herrian dauen egoerea aztertuko dabe

Bizkaie! 2024-06-10 09:40   Euskerea berbagai

Bagilaren 21ean, Baionako Herriko Etxean.

(Argazkia: Euskaltzaindia). | Ikusi handiago | Argazki originala

Jakina danez, euskerearen egoerea eskasa da Ipar Euskal Herrian. Euskaldunen kopuruak eusten diran arren (51.500 hiztun 2021ean), euskaldunen ehunekoa galtzen doa (% 20 2021ean - % 26 1996an), kanpotik datozen erdaldunen kopuru handiagatik.

Egoera konplexu eta aldakor horretan, jardunaldiak atondu ditu Euskaltzaindiak, Baionako Herriko Etxeagaz eta Euskerearen Erakunde Publikoagaz alkarlanean: euskerearen gaur egungo egoera eta bilakaera adierazotea eta ikertzea dau helburu, parametro danak kontuan hartuz (ezagutzea, erabilerea, transmisinoa eta bilakaera demolinguistikoa), ondoren diagnostiko partekatua aurkezteko.

Euskerearen alde lan egiten daben instituzino publikoak, alkarteak eta adituak batuz, bakotxaren lana, helburuak, emoitzak, garapenerako mugak eta oztopoak kaleratu nahi dira Baionako jardunaldietan. Diagnostiko horretatik, datozen hamarkadetarako helburuak atera nahi dira, euskerea bigarren mailako hizkuntza estatututik urten deian, euskerearen erabilera barpizteko.

Holan, bagilaren 21ean izango dira berbaldiak, Baionako Herriko Etxean. Hemen parte-hartzaileen zerrendea: Amande Anin (EEPko misino karguduna); Xabier Parrilla (Baionako auzapezordea eta hizkuntza politikaren arduraduna); Maider Behoteguy (Departamenduko kontseilaria eta EEPko lehendakaria); Andde Sainte-Marie (Akitania Barria Eskualdeko kontseilaria); Jon Sarasua (euskaltzain urgazlea eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea); Titto Betbeder, Elorri Arin Elizagoien eta Peio Jorajuria (Euskal Konfederazinoa); Eneko Bidegain (euskaltzain urgazlea eta Mondragon Unibersidadeko irakaslea); Eneko Gorri (Plazara kooperatibako kidea); Itxaro Borda (idazlea eta euskaltzain osoa); Marie-Andrée Ouret (euskaltzain urgazlea eta Bilketa atariaren arduraduna).

Izen-emotea hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu