'El viaje de SiO2' eta 'Txantxangorri kuantikoa eta bestelako izaki magikoak' bideoek jaso ditue sari nagusiak
2024-06-10 07:50 KultureaZientzia eta teknologiari buruzko bideo labur onenak saritu ditue.
Zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak produzidutea eta zabaltzea dau helburu On Zientzia bideo-lehiaketeak, Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) urtero atontzen dabena, Teknopolis telebista-saioaren barruan. Egunotan emon ditue aurtengo sariak, hamalaugarrenak daborduko, Tabakaleran.
Aurten 100 lan jaso dira eta parte-hartzaileen artean genero-orekea egon da. Bideo gehienak euskeraz aurkeztu dira, baina badira gaztelaniazko bideoak be, parte- hartzaileen artean mundu osoko jentea baitago, izan be, lan gehienak Euskal Herritik aurkeztu badira be, hainbat bideo jaso dira Argentinatik, Mexikotik edota Txiletik besteak beste. Aurkeztu diran bideo guztiak ikusgai dagoz lehiaketearen webgunean.
Epaimahaikideek ondoko lana saritzea erabagi dabe, kategoria bakotxean:
Dibulgazino bideo onenaren saria (3.000 €) Paula Alonso eta Pablo Fernández bikote madrildarrak irabazi dau, El viaje de SiO2 bideoagaitik. Epaimahaiak nabarmendu dauenez, Hurbileko adibide baten bidez, hondartzan familia-ikerketa bat atontzekoo atxakia eskaintzen dau, zientzia bikain azalduz, geologiari eta haren oinarrizko kontzeptuei buruzko azalpen apartak ditu.
Euskerazko bideo onenaren saria (2.000 €) Jon Puignau donostiarrak jaso dau, Txantxangorri kuantikoa eta bestelako izaki magikoak lanagaitik. Epaimahaiaren eretxiz, meritu handiko lana da, hain urrun dagoala emoten dauen mundu bat hurreratzen deuskulako naturako elementuen bidez. Formula matematikorik barik azaltzea ezinezkoa zala emoten eban kontzeptuakaz ausartu da, maila estetikoan oso ederra dan lan baten bidez.
Gazte Saria (1.000 €) Errenteriako Miren Ayerdi Suarez, Arhane Torres Redondo eta Malen Irurzun Alzualde ikasleek jaso dabe, Dolly ardia lanagaitik. Epaimahaiaren ustez, ikono historiko bat berreskuratuz, gaurkotasunezko eta oinarrizko gai bat oso modu atseginean aurkezten dau, umore eta guzti.
Era berean, epaimahaiak aitamen berezi bi emon ditu aurten: Maddi Piris Otaegui ikasle donostiarrak jaso dau, Adimen Artifiziala: funtzionamendua eta erronkak bideoagaitik. Epaimahaiaren esanetan, egunerokotasun handiko gai bat adibide oso errazen bidez azaltzen asmau dau, sopresa-elementuak erabiliz eta gaiak dituan erronkak eta zailtasunak ondo azaleratuz.
Bigarren aitamen berezia Patxi Juaristi Azkue azpeitiarrak jaso dau, Korronte ozeanikoez bideoagaitik. Klima aldaketearen testuinguruan, gaurkotasun handiko gai bat oso ondo azaltzen asmau dau,
nabarmentzeko moduko irudien eta errekursoen bidez, epaimahaiak azaldu dauenez.
Epaimahaiaren sariez gan, www.onzientzia.tv webgunean aldeko boto gehien jaso dituen bideoak irabazi dau publikoaren saria: Noa Manso Curros eta Lydia Duro Ermua ikasle bizkaitarren Minaren sekretuak ezagutzen dituzu? bideoak garaikurra eskuratu du.
Sariak emon ditue dituzte Adolfo Morais Ezquerrok, Unibersidade eta Ikerketa sailburuordeak; Jon Abril Olaetxeak, Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak; eta Ricardo Díez Muiñok, DIPCko zuzendariak.
Epaimahaikideei jagokienez, ondokoak izan dira bideo laburrak epaitu dituenak: Marian Iriarte Ormazabal, UPV/EHUko Kimika Fakultadeko dekanoa eta zientzia-dibulgatzailea; Onintze Salazar Perez, Euskalmeteko fisikaria; Jon Mattin Matxain Beraza, UPV/EHUko ikertzailea eta DIPCko alkartua; Itxaso Azcune, DIPCko komunikazino-teknikaria; eta Nagore Rementeria Argote, Elhuyarreko kidea eta Teknopolis programako zuzendaria.
Saio berezi batean emongo dau Teknopolis telebista-saioak sari-banaketea, bai eta saritutako lanak eta saridunen adierazpenak be. Bagilaren 15ean 13:30ean izango da ikusgai saioa ETB1en, eta bagilaren 16an 11:30ean ETB2n.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!