Belatxikietako ermitearen 75. urteurrena ospatuko dabe
2024-06-07 09:20 KultureaGanera, Juan Martin Iriondo idazleak 75 urte Zazpitxaboletan liburua aurkeztu dau.
Belatxikietako San Inazio baseleizeak 75 urte beteko ditu arten. Eraikin garrantzitsua da Amorebieta-Etxanon eta urteurrena ospatzeko hainbat ekintza atontu ditue, horreen artean 75 urte Zazpitxaboletan liburuaren aurkezpena. Horrezaz gan, mezak, omenaldiak eta kultur ekitaldiak be izango dira.
Aurkezpenean izan dira Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkatea, Jon Artabe Idazkaritza, Funtzino Publiko, Gardentasun eta Gobernu Oneko zinegotzia eta Juan Martin Iriondo, 75 urte Zazpitxaboletan liburuaren idazlea.
Alkateak aurkezpenean nabarmendu dauenez, Belatxikietako San Inazio baseleizea historia eta une garrantzitsu eta askoren lekuko izan da eta, beraz, geure nortasunaren oinarrizko zati bat da. Urteurren honek geure balore eta ohiturei bizirik eusteko garrantzia gogorarazoten deusku, berezi eta bakar egiten gaituana babesteko.
Gomutarako jarduerak
Urteurrena ospatzeko atondutako ekintzak hasi dira dagoeneko, bagilaren 6an, Zazpitxaboleta liburuaren aurkezpenagaz. Ondoren, liburuari loturiko erakusketearen bisita gidatua be eskaini dabe. Juan Martin Iriondok idatzitako liburu horrek baseleizearen eta inguruaren historiari begirada zehatza eskaintzen deutso, eraikin enblematikoa eta baseleiza jagoten lagundu daben personei omenaldia eginez.
Bagilaren 23an, domekan, mezea eta postontzi barriaren bedeinkapena egingo dabe 12:00etan eta segidan, Belatxikieta inguruan artzain lanetan ibili diranei omenaldia egingo jake, 13:00etan. Ohituraz, bagilaren 23a, San Joan eguna artzainen eguna izan da; halanda ze, Amorebieta-Etxanoko Udalak Belatxikieta inguruan artzain ibilitako petsonak autortuko ditu.
Garagarrilaren 31n, eguaztenean, mezea izango da 11:30ean, ondoren txistulari eta aizkolarien emonaldia egongo da 12:00etan, eta Pancho Balbuena mariatxiaren kontzertua 13:00ean.
Belatxikieta Alkarteak antonduta, ekitaldi guztiak, Belatxikietako historia eta ondarea balioan jartzen dabe.
Amorebieta-Etxanoko alkateak eskerrak emon deutsoz Juan Martin Iriondo idazleari, udalerriaren historiaren zati hau mimo eta kontu handiz jasoteagaitik.
Belatxikieta: nortasunaren eta tradizinoaren ikur
Belatxikietako ermitea 1949an eregi eben eta, hasieratik, eskualdeko artzainen topagune izan da. Jatorriz, artzainak domeketan mezatara joateko leku sakratu bezela eregi zan baina urteetan zehar, ospakizunak aurrera egin dau, zornotzarrentzat nortasunaren eta tradizinoaren ikur bihurtu arte. Emiliano Zuloaga jaunak sustatutako baseleizeak, artzainen behar espiritualei erantzuteko sortua, erreferentziako leku bilakatu da, batez be San Inazio egunean eta Gabonetako kirol-ekitaldietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!