XVII. Klasikoen Etenik Bako Irakurraldia upealakoa izan da

Bizkaie! 2024-06-06 13:39   Euskerea berbagai

Ia 200 personak parte hartu dabe.


Goizeko 08:00etan hasitako irakurraldiari Bilbao-New York-Bilbao eleberriaren egile Kirmen Uribek ekin deutso Antigua Urbieta idazlearen ama be tartean izan dalarik; irakurraldiaren amaierea be (14:00) Kirmen Uriberen ardurea izango da.

Kontuak kontu, atriletik pasau diranak euskal gizarteko arlo guztietako ordezkariak izan dira, besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Joxin Etxezarreta Deustuko Unibersidadekoa, Joseba Lozano herri administrazinoetan euskerea normalizetako zuzendaria eta Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

Zuzeneko irakurketea bideo-proiekzinoakaz buztartu dabe eta bideo horreetan, Bilboko institutuetako ikasleak agertu dira irakurten, baita diasporako kideak eta munduan zehar dagozan 50 euskal etxeetako euskera ikasleak be.

Ekitaldia zuzenean ikusi ahal izan da Arriaga Plazan jarritako pantaila erraldoi batean eta EITBren webgunean. Bestalde, Metroaren Abandoko eta Zazpikale geltokietan aurreko edizinoetako argazkiak eta kartelak jarri dira ikusgai egunotan.

Helburuei jagokenez, aurtengo aldarrikapena da euskal idazleak nazinoartean be badagozala eta horreen lanak hizkuntza askotan irakurten dirala gaur egun (Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao 13 hizkuntzatan irakurri daite).

Kontuak kontu, Bilbo Zaharra Euskaltegia da atontzailea eta daborduko XVII. edizinoan gabiz. Aurreko urteetan beste lan batzuk irakurri dira: Kristalezko begi bat (Miren Agur Meabe), Martutene (Ramon Saizarbitoria), Gero (Pedro de Axular), Peru Abarca (Juan Antonio Mogel), Haur besoetakoa (Jon Mirande), Hamaika pauso (Ramon Saizarbitoria), Zergatik panpox (Arantxa Urretabizkaia), Obabakoak (Bernardo Atxaga), Harri eta herri (Gabriel Aresti), Narrazio Guztiak (Joseba Sarrionandia), Metamorfosia (Franz Kafka), %100 Basque (Itxaro Borda), Kresala (Txomin Agirre), Otto Pette (Anjel Lertxundi), Ipuin hautatuak (Mariasun Landa) eta Linguae Vasconum Primitiae (Bernat Etxepare).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu