2024ko Dantz Festival-aren programea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2024-06-06 12:44   Musikea

Donostian, garagarrilaren 15etik 20ra arte izango da.

Dantz Festival-a garagarrilaren 15etik 20ra arte egingo da. Musika-jaialdiaren ekitaldi nagusiak barikuan eta zapatuan izan arren, astean zehar hainbat jarduera egingo dira. Festibalak, Ametsa gaiari eutsiz, publikoa tematika eta imajinario horretan sartzea nahi dau.

Jaialdiak irauten dauen bitartean, astelehenetik zapatura, jarduera paraleloak izango dira, horreen artean irratsaio bat, online eskainiko dabena Dantz-eko Youtube kanalean.

Astelehena, garagarrilak 15

Dantz Festival asteari hasierea emongo deutson opening-a Arteuparten izango da, artea eta kulturea zabaltzeko gunean, hiru zutabetan oinarritzen dana: alde batetik, arte-galeria bat, tokiko artisten eta artista globalen lan grafikoak erakusteko; bestetik, estudio grafikoa edo kultura-plataformea, tokiko artea eta kulturea zabaltzeko proiektuak proponiduten eta diseinetako; eta azken zutabea ehungintzako txokoa da, bertan, kulturearen eta artearen munduko produkzino iraunkorra eta espiritua partekatzen dituan hainbat markaz osotua.

Dantz Talk hitzaldiagaz hasiko da, 17:00etan jaialdiaren asteari hasierea emoteko, Jokin Telleria (Dantz-eko zuzendaria) eta Paul Lataburu (Arteuparte-ko zuzendaria) izango dira jarduera horren protagonistak. Los sueños tematikea dauen Pintura erakusketea 18:00retan inauguratuko da, Iker Garcia Barrenetxea, Maite Rosende, Txemy eta Paul Lataburu artisten eskutik. 18:00etan Telmo Trenor-en txandea izango da, musika baltza eta bere deribatuak maite dituan musikariaren Dantz Point setagaz.

Martitzena, garagarrilak 16

Martitzena Dantz Academy-agaz hasiko da, musika elektronikoko tresnak erabilteko eta disfrutetako hainbat elementu erabilten ikasteko. Martitzena, eguaztena eta eguenean eskainiko da goizeko 11:00etan Drunkaten eta 5 €-ko prezioa izango dau klase bakotxak.

Egun berean, Estudio Monitoreak + ARC klasea izango da. Bertan, monitore mota ezbardinei buruz berba egin eta benetako probak egingo dira zelan joten daben eta zelan erabilten diran ikusteko. Klasea, Costas artisteak emongo dau.

Dantz Radio be egongo da, 15:00etan, online, Dantz Youtubeko kanalean. Bertan, Dj System Update taldearen seta izango da.

Egunari amaierea emoteko, programearen zati bat Skate Shop dendan izango da. Jarduera horren zehetasunak aurrerago iragarriko dira.

Eguaztena, garagarrilak 17

Dantz Academyren eguazteneko prestakuntzan, Drunkat-en, 11:00etan eta Lagant lagun dala, DJ kontrolatzaileen marka onenen erakusketea egingo dabe, horreen bakotasunak eta birtuteak aztertuz. Pioneer, Denon, Numark, Hércules eta Native Instruments markak hautatu ditue horretarako.

Dantz Radio erreproduziduko da 15:00etan Dantz Youtubeko kanalean Elena Barkerren set bategaz.

17:00etatik aurrera, Sakana Gallery izango da kontuan hartu beharreko guneetako bat. Leku horretan musikea, argazkilaritzea eta pinturea buztartzen dira eta holan, erakusketa oroigarrien eta biniloen bilduma eklektikoaren bidez esperientzia artistikoa sortzen da. Ganera, 18:00etan Miqkael artistearen Dj seta izango da.

Amaitzeko, Ke Lepo eta Lluch artistak izango dira 20:00etan Kutxa Fundazioa Klubean (Tabakalera).

Eguena, garagarrilak 18

Dantz Academy-k Drunkat-en izango dan tailerrean Sintetizadoreak gaia jorratuko dabe. Bertan, sintetizadoreen ezaugarriak, akatsak eta birtuteak adierazoko dira, baita home studioan gehien erabilten diranak be.

Dantz Radio be erreproduziduko da Youtubeko kanalean, 15:00etan, online, eta seta Alairen eskutik izango da. 16:00retan, musikea eta psikologiari buruzko berbaldia The Social Hub-eko Mini Theaterrean (Loiolako Erriberako hotel barria). Dantz-ek EHUgaz egin eban ikerketa psikosozial bategaz dago atonduta egitasmo hori.

Saguesen, barriz, 18:00etatik 00:00etara eta doban, Dantz Point-a egingo da eta lau artistak parte hartuko dabe: NotEnoughSamples, This Ist, Rat Look eta Elena Barker.

Tabakalerako Patio Aretoan, 22:00etatik aurrera, Sonhar proiektua egingo da Xabier Erkiziaren eskutik eta Elías Querejeta Zine-Eskoleagaz lankidetzean. Erkizia soinu-artistea, ikertzaile independentea eta produktore artistikoa da.

Barikua, garagarrilak 19

Goizean, Dantz Talk gosaria eta berbaldia egingo da TABAn (Tabakalerako kafetegian), Sonhar-en bizitako esperientzia eta sensazinoei buruz berba egiteko.

Dantz Radioren azkenengo eguna izango da.

Ondoren, programazinoaren ekitaldi handienetako bat, Dantz Festival musika jaialdia Miramon Anfiteatroan, da 17:00etatik 01:00era:

Dubos hasiko da, 80ko hamarkadako elektro musikearen eta funky musikearen produktorea. Horren ostean, Gela artistea izango da funk kosmikoa, musika brasildarra, acid housea eta ambient doinuak buztartuz. Pional artista multi-intrumentistea be egongo da.

Courtesy-k jarraituko dau, dj, musikari eta daniar artista ezagunak, dance musikako selekzino bategaz. Ondoren, Dekmantel Soundsystem, kalidade handiko musika erreferentea. Taldearen sortzaileak, Casper Tielrooij eta Thomas Martojo dira. Eguneko azken artistea Avalon Emerson izango da. 2016an, Resident Advisorreko hamarkadako abesti onenetako bat atara eban, The Frontier izenekoa.

Euria egiten badau, ekitaldia Illunben izango da. Anfiteatroan jatekoa eta edatekoa egongo da, baita autobusak be.


Zapatua, garagarrilak 20

Goizean, 12:00etan, Dantz Family egingo da, Lalala Soinu Gela-ren kolaborazinoagaz, umeentzat egokitutako akademia Kutxa Fundazinoa Kluba-n. Bertan, M4, Iñigo Medina, musikari eta produktoreak parte hartuko dau.

Dantz Festival musika jaialdia Illunben izango da 15:30etik 06:00etara.

Illunben egondo diran artistak:

  • Apparat.
  • Palms Trax.
  • HUNEE.
  • Ian Pooley.
  • Call Super.
  • Kittin.
  • Jabier.
  • Carballo.
  • Topanga Kiddo.
  • LaMia Mari.
  • YX3.

Kontzertu eta ekitaldi guztietarako sarrerak hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu