'Hamur Beroki', Laurita Silesen proiektua Islandian

Bizkaie! 2024-06-06 08:24   Kulturea

Elías Knörr eta Edurne González Ibáñez izan ditu lagun.

Gogotsu nago -Hamur Berokia- nire proiektuak Islandiako Djupavík uriko The Factory Art Exhibition antxinako sardinzar-fabrikan urtero egingo dan erakusketa kolektiboan parte hartzeko. Emilie Dalum komisario dauen erakusketa honek, Hendur á hreyfingu, ofin framtíð// Moving Hands, Weaving Futures izenekoak, munduko hainbat lekutako 10 emakume artistaren partaidetzea dau. Erakusketea udako hiru hilebeteetan egongo da zabalik.

Erakusketa kolektibo honetan parte hartzeko gonbidapena jaso ondoren, leku honen historiari buruzko ikerketa sakonean sartu nintzan. 1615eko apirilean, hiru euskal baleontzik jo eben Donostiatik Islandiara, bale-koipearen bila. Halan da be, Islandiako historiako krimen handienetako batean sartu ziran, 31 euskal herritar eskualdeko bertako nekazariek hil zituenean, gaur egun The Factory Art Exhibition arte-erakusketea dagoan lekuan.

Ikerketa horretan, Pasaiako Albaola Itsas Faktoria bisitau eta han topau neban XVII. mendeko ehungintzan ardi-artilearen eta baleen ehizearen arteko lotura estua. Garai haretan Espainiako urre zuria ezizeneko artileak jaboi kantidade handiak behar zituan prozesetako eta bale orioagaz egiten zan. Horri esker, eskultura bitxi batean islatzea erabagi neban: beroki bat. Mutur Beltz proiektuko nire ardien artilea erabili neban beroki hau diseinetako, bizkarrean balea baten isatsaren forma bereizgarria hartzen dauena. Aukeraketa estetiko honek, -isatsezko txabusina- gogorarazoten dauena, nire sustrai andaluziarrei gorazarre egiten deutsen soineko flamenko bereizgarria, mundu biren fusinoa be sinbolizetan dau: euskerea eta islandierea, gure garaikidetasunean beren kulturak edegiten dituen hizkuntza minorizatuak.

Esangura horretan, 2001etik Reykjaviken bizi zan Elías Knörr poeta eta itzultzaile galiziarrari eskatu neutson poema bat idazteko proiekturako. Elias eta biok Erasmus ikasle genbizanean ezagutu ginan uri honetan. Eliasek islandiar-euskal neo-pidgin bat sortzea proponidu eban, Islandiako lokalek eta euskal baleazaleek erabilitako XVII. mendeko pidgin batean oinarrituta. Djupavíkera heldu aurretik, Reykjavikeko Árni Magnússon Ikasketa Islandiarren Institutuko liburutegia bisitau genduan alkarregaz eta bertan, XVIII. mendeko eskuizkribu bateko esaldiak jaso genduzan, piezan brodatzeko, beste esanahi-maila bat erantsiz.

Edurne González Ibáñez nire lagun eta artistearen laguntzea be izan dot, abentura honetan lagundu deust eta prozesua argazki eta bideoaren bidez dokumentau dau.

Proiektu honegaz, lotura kulturalak arakatu nahi ditut eta gizateriaren eta naturearen arteko hartu-emonei buruz hausnartu, baita historiaren eta orainaren artean be. Hamur Berokia historia berbakaz brodetako saiakerea da, mugak eta denporak gainditzen dituan alkarrizketea sortuz. Gainera, balearen eta ardiaren arteko loturea nabarmentzen da, alkarregaz bizi garen animalien baliabideen aprobetxamendua azpimarratuz.

Islandiak oso leku berezia dau nire bihotzean, une erabagigarrien lekuko izan baita nire ibilbide artistikoan. Reykjavíken 2002an egin neban lehen bakarkako erakusketea, Listaháskóli Íslands arte eskolan Erasmus beka bat jaso neban eta hamarkada bat aurrerago, 2014ko udabarrian, Gullkistaneko egoitza artistiko batean parte hartu neban, Laugarvatneko etxalde sortzaile batean. Azken bidaia horretan, artilea iruten eta beste artisau-lan batzuk egiten ikasi eta esperientzia horreei esker sortu zan gure bizitza-proiektua, Mutur Beltz, euskal artilea ikuspegi artistikoa erabiliz berreskuratzean oinarritua. 2014an Islandiatik alde egiteko erabagia hartu nebanean, negar egin eta pentsau neban ez nintzala inoiz bueltauko, zorionekoa nintzela nire bizitzan bi aldiz leku magiko eta hezigatx hau bisitau nebalako. Horregaitik, gonbidapen hori jasotea opari bat izan da eta horri esker, ikertzen jarraitzen dot, inspirazino eta ikaskuntza-iturri etenik bakoa izan dan ingurune hori sortuz eta horretan sartuz.

Emilie Dalum Euskal Herriko artistei buruz ikertzen ebilela topau eban nire lana. Bilaketa hori The Factory Art-en eta Basque Association of Icelanden arteko lankidetza estuak bultzatu eban. Basque Association of Icelandek Djupavik-eko arrain-orioaren tanke zaharretan Euskal Erakusketa Zentro bat ezartzea aurreikusi dau 2025eko udarako. Hori dala eta, erakusketa honegaz batera, Basque Centre 1615 sinposio inagural bat egingo da Djúpavíken 2024ko bagilaren 6tik 9ra.

Euskal kultureagaz zerikusia eban nire lanaren buztarketeak eta Mutur Beltzetik artisautza lanetara bideratu neban ikuspegiak eragin eben Emili Dalum Djupavikeko hurrengo ekitaldi honetarako nire parte-hartzea baliotsua izango zala pentsetea.

Munduko hainbat lekutako artista ezagunek parte hartu dabe erakusketan: Jonna Jónborg Sigurðardóttir (Islandia), Kadri Liis Rääk (Estonia), Karni & Saul (Erresuma Batua), Kathy Clark (AEB/ Islandia), Katrín Þorvaldsdóttir (Islandia), Laurita Siles (Euskal Herria), Elías Knörr (Islandia) eta Edurne González Ibáñez (Euskadi), Nikki Ummel (AEB), Penelope Payne (Erresuma Batua), Raimonda Sereikait-kiziria (Lituania/Islandia).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu