600 lagun ikasturte amaierako bertso topaketan

Bizkaie! 2024-06-05 12:26   Bertsolaritzea

Bilboko Campos Eliseos Antzokian izan da ekitaldia.

Betiko lez, Bilboko ikasturte amaierako bertso topaketea egin dabe, Campos Eliseos Antzokian. Hamaika ikastetxetako seirehun gaztetxo inguruk hartu dabe parte bertan. Ikastetxeek urte biko zikloetan hartzen dabe parte, eta aurten, Luis Briñas- Santutxu HLHI, Gabriel Aresti HLHI, Cervantes Eskola Publikoa, Kirikiño Ikastola, Zurbaran HLHI, Deustu HLHI, Artxandape Ikastola, Txurdinaga HLHI, Intxixu Ikastola, J.R Sanchez Marcos HLHI eta Abusu Ikastola ikastetxeetako ikasleen txanda izan da.

Bertsozale Alkarteko Jone Larrinaga eta Josu Telleria irakasleek Euskal Herrian zehar egin dabe bidaia Bilboko bertsolaritzako ikasleakaz. Horrezaz gan, bertso tourra eginez, gazteek alkarri bertso bidez galderak eta erantzunak bialdu ditue. Bilboko ikasleakaz batera, Gipuzkoa, Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa eta Arabako bertsolaritzako ikasleek hartu dabe parte.



Bat-bateko bertsoak be izan dau bere lekua. Hasierako agurren ostean, bertso ikasleek egindako aurkezpenei erantzun behar izan deutse bertsolariek. Aurten Oihana Bartra, Haizea Telleria eta Nerea Ibarzabal bertsolariak izan dira topaketan.

Bilbon, bertsoko hainbat talde (bat-bateko taldeak - BBT) dagoz, besteak beste, Kirikiño ikastolako BBT, Deustuko BBT, Solokoetxeko BBT, eta Kafe antzokiko BBT. Taldeak bertso bidez aurkeztu ditue ekitaldian, bidaiatzeko beharrezkoak diran kontuei buruzko adierazpenak emonez.



Ekitaldiaren beste momentu garrantzitsuetako bat kantaldia izan da Mikelot musikariaren eskutik. Kalian gora eta kalian behera ibili dira gaztetxoak eta beste abesti askoren artean, Mundu bat bertso proiektuaren abestia be kantau dabe.

Kontuak kontu, ikasturteko lanaren erakusgarri dan diplomea jaso dabe ikastetxeek. Banaketan, Bilboko Udaleko Eider Inunciaga eta Mari Jose Arrieta zinegotziak eta David Rosales euskera teknikariak hartu dabe parte eta Bizkaiko Bertsozale Alkarteko zuzendaritza kide Idoia Anzorandiak eta Alkarteko koordinatzaile Ione Narbaizak.

Topaketak

Bilbokoa ez da, barriz, ikasturte amaierean egiten dan topaketa bakarra. Bizkaia osoan zehar herri askotan egiten dabe: esaterako, Abadiñon, Abanto-Zierbenan, Arratian, Balmasedan, Barakaldon, Basaurin, Durangon, Enkarterrin, Erandion, Ermuan, Galdakaon, Gernika-Lumon, Mungian, Muskizen, Ondarroan, Txorierrin, Uribe-Kostan eta Zornotzan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu