Ruben Ruiz: 'Biziteari aurre egiteko baliabidea da umorea'
2024-06-10 08:00 BarriketanRuben Ruizek idatzitako Pellokeriak ipuin-bildumeak irabazi dau 2024ko Mikel Zarate ume-literatura saria, 3.000 euroko saria. Holan erabagi dabe Leire Bilbao, Maribel Aiertza eta Xabier Mendiguren epaimahaikideek. Liburua, barriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko dau urte amaierean.
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu eben sariketea, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzatzaile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamaikagarren ekitaldia izan da aurtengoa.
Ruiz, 1973an Gasteizen jaio zan eta Nafarroako Basaburuan bizi da gaur egun. Irakaslea da lanbidez, eta hainbat libururen egilea, besteak beste Anekdotak ipuin-bildumea edo Beti mugan abenturea ardatz dauena.
1.- Zorionak Ruben, Mikel Zarete saria irabazi dozu. Zer moduz?
Oso pozik, egia esan. Ilusino berezia egin deust sari hau irabazteak. Holako barriek indarra emoten deutsue idazketearen jardunean jarraitzeko. Lana amaitutakoan pozik geratu nintzan, baina epaimahai batek (literaturan eskarmentu handikoak hirurak) zeuk egindako lana saritzeak ilusino handia egiteaz gan, bide egokian nagoala berresten dau.
2.- Pellokeriak hainbat ipuin laburrez osotutako kontakizuna da eta danetan Pello izeneko mutikoa da protagonistea. Ipuin horreetan hainbat gai adierazoten dira, esaterako eskolea, familia, bullying-a edo zahartzaroa. Beti be, umorea eta samurtasuna buztartuz. Zer gehiago adierazo zeinke liburuaren inguruan?
21 kontakizun labur batzen ditu liburuak. Ezer nabarmendu behar baneu, umorea aitatuko neuke. Istorio guztietan, gaia garratza izanda be, aititaren iktusa kasu, umorea gailenduko da. Azkenean, bizimoduari aurre egiteko baliabidea da umorea. 21 kontakizunetan Pello ezagutzeko aukerea izango dau irakurleak, mutiko apala, azkarra, lagunen laguna, bihurria... geure inguruko ume bat izan daiteke, izan be, umeek daben freskotasuna dario.
3.- Ogibidez, Lehen Hezkuntzako irakaslea. Idazle bezela, ume eta gazte literaturan sartua. Zeure pasinoa da?
Bai, esparru bietan disfrutetan dot, eta hori gauza handia da. Irakasle lanetan umeak egunero ikusten dodaz eta helduok pentsetan dogun guztia dagoalako erakusteko, baina asko dago horreetaz ikasteko. Adi egoten naz ikasleek ze berbamolde eta zetaz ibilten diran, izan be, gauza oso bitxiak entzun daitekez, askotarikoak. Halanda ze, literatur-lan baten hazia izan daitekez.
Beste alde batetik, literaturea dago, neure zaletasunetako bat da, asko gustetan jat istorioak asmau eta beste batzuenak irakurtea.
4.- Posible al dau ume eta gazte-literaturea lantzen dauenak horretaz bizitzea?
Oso gatxa begitantzen jat. Euskal Herrian oso idazle gitxi egongo dira literaturaz bizi diranak. Liburuak idatziz nekez biziko da bat, hori pentsetan dot. Akaso horretaz biziteko, literaturearen hariko bestelako lan batzuk egin beharko leukez: esaterako, berbaldiak han eta hemen emotea, eskoletara bisitak egitea edota literatur-tailerrak. Halanda be, gorriak ikusiko ditu balizko idazle horrek.
5.- 2002an argitaratu zenduan lehenengo obrea, Itsasoaren lezioa. Ordutik, 10 liburu kaleratu dozuz. Zelan aldatu dira 20 urte honeetan gazteak eta horreen kezkak?
Ez dakit, funtsean, pentsetan dot antzeko kezka edo ardurak izango dituela oraingo gazteek eta orain hogei urtekoek. Kezka unibersalez nabil. Egia da gizartea asko aldatu dala, erabat teknologizau da guztia, eta horrek eragina izan leike gazteen hartu-emonetako ohituretan, baina benetako kezkak, lehen eta orain, bardin antzekoak diralakoan nago.
6.- Azkenengo liburuan, Beti mugan hain zuzen be, gazte eta helduentzako lehen elebarria kaleratu zenduan. Orain, barriro bueltau zara ume eta gazteei zuzendutako literaturara. Esperientzia ona izan zan? Etorkizunean helduentzako beste liburu bat kaleratzea pentsetan dozu?
Beti gura izan dodaz gai horreek landu, izan be, kontrabandisten gaia oso erakargarria da neuretzat. Gero, Cometé Sarearen barri izandakoan, garbi izan neban liburuaren estrukturea eta istorioa jorratzeko modua. Oso esperientzia polita izan zan, kontzientzia handiagaz idatzi neban, eta oso jente intesgarria ezagutzeko aukerea emon eustan.
Ganera, istorioak ikertze-lana eskatu eustan, eta ordura arte ez neban holako dokumentazino lanik hartu sekulan. Lan handia izan arren, merezidu izan eban.
Istorio bakotxak luzeera eta estruktura bat dauka, ikusiko da hurrengo istorioak zer eskatzen dauen.
7.- Zelan ikusten dozu gaur egungo euskal ume eta gazte literaturea?
Publikazino kopuruaren arabera osasuntsu dagoala esango neuke. Horreen artean, urtero maila handiko aleak argitaratzen dira, beraz, horregaz geratzen naz, kaleratzen diran urrezko aleekaz hain zuzen be.
Akaso gazte-literaturea kategoria apur bat makalago dagoala esango neuke. Betiko gaiez iges egin eta bestelakoak jorratu behar doguzala uste dot. Hori egiten saiatu nintzan Beti mugan elebarrian.
8.- Ume eta gazte-literaturan, zeure liburuez gan, liburu gomendiorik?
Oraintsu argitaratutako bi aitatuko dodaz: gazte literaturan, Patxi Zubizarretaren Zerria (Erein, 2022), Euskadi Literatura saria eta Espainiako sari nazionala irabazit dituana; ume literaturan, barriz, Harkaitz Canoren Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez (Erein, 2023).
Horreezaz gan, aspaldiko liburu bat be nabarmenduko neuke, guztiz zoratu ninduana: Felipe Juaristiren Animalien inauteria, Erein, 1999.
9.- Mezu berezirik?
Gozau daigun txikientzat (eta ez hain txikientzat, ume zein gazte-literatureagaz, handiak baitira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!