Néstor Basterretxea goretsiko da aurten
2024-06-03 07:45 MusikeaUrmugaren Urtanta, mendiak eta musikea batzen dituen musika jaialdia.
Oraintsu aurkeztu dabe 2024ko Urmugaren Urtanta eta bertan izan dira atontzaileak Migel Zeberio, Felipe Uriarte eta Maddi Arana, nahiz Et Incarnatus Orkestrako kideak. Horreekaz batera, aurkezpenean parte hartu dabe Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako sailburuordeak, Ortzi Alonso Hondarribiko kultura zinegotziak, Berriako Ainara Lasak, Laboral Kutxako ordezkariak, Baigorriko gaiteroen ordezkari Betti Bidartek, Joxe Azurmendi Katedraren Zuzendari Iñaki Zabaletak, EHUko ordezkari Antonio Casadok, Donostiako Orfeoiko buruorde Iñigo Vivancok eta Basterretxearen familiak.
Euskal Herri osoa mendebaldetik ekialdera zeharkatzen dabe urte birik behin, mendi tontor, herritxo eta bailaretara musikea eta natureagazko maitasuna ekarriz. Urmuga ekitaldi handia egiten ez dan urteetan, barriz, Urmugaren Urtanta atontzen dabe, laburragoa, baina goi mailako musikea eskaintzen dauena: 2022ko edizioan Elkanoren mundubirea omendu bagenduan, aurten Nestor Basterretxearen figurea da goretsiko doguna. Horretarako, lau kontzertu atondu ditugu, garagarrilaren 22tik 28ra, Et Incarnatus orkestra gidari eta euskal abeslari eta artista ezagunen parte hartzeagaz. Lehen biak Hondarribian eta Arantzazuko Basilikan egingo dira, garagarrilaren 22an eta 23an hurranez hurran: Donostiako Orfeoia, Maika Etxekopar, Et Incarnatus Orkestra, Titika Rekalt antzezlea, Iñaki Palaciosen txistua eta Xabier Lozanoren argiztapena batuko dira Jon Esnaola konpositorearen sei sorkuntza lan barrigaz eta Asisko Urmenetaren gidoiagaz landutako proposamen gogoangarrian.
Garagarrilaren 25ean eta 28an, barriz, natur paraje zoragarrietan eskainiko dira kontzertu berezi bi, Bakion eta Gaintzan (Nafarroa). Bertan, Et Incarnatus Orkestreak euskal kantari ezagunen kantuen egokitzapenak eskainiko ditu, Eñaut Elorrieta, Anje Duhalde, Idoia Asurmendi, Olaia Intziarte eta Xabier Leturiaren parte hartzeagaz.
Urmugaren Urtantak, beraz, Nestor Basterretxearen obrea eta bizitza omenduko ditu eta haren ibilbideaz gozetako aukerea eskainiko dau okasinorako sortutako lan barriak emonez: Basterretxearen bizitzan garrantzitsuak izan diran parajeetatik, Hondarribia, Arantzazu, Bermeo edo Bakio, haren lana modu hunkigarrian biziteko aukerea eskainiko dau: mendi ibilbideak eginez edo musika emanaldietara etorriz, bizipen ederra da guztientzat. Ikuskizunetara sartzeko ekarpenak egiteko aukerea egongo da eta horreek eskura garagarrilaren 1etik aurrera egongo dira, baita kontzertuen sarreretan be.
Urmuga Kultur Alkarteak eskerrak emon nahi deutsoz Urmugaren Urtanta posible egingo daben eragile guztiei. Eredu herrikoia dauen musika jaialdia alkarte eta boluntario ugariri esker egiten da. Horreekaz batera, babesleak eta erakundeak eskertu nahi izan ditue Urtantaren arduradunek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!