'Kaka' proiektuak irabazi dau II. AEK-Korrika Kultur Sorkuntza Bekea

Bizkaie! 2024-05-30 13:35   Euskerea berbagai

Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola aktore protagonistek hartu dabe parte agerraldian.

Xanti Agirrezabala, Ane Elordi eta Erika Olaizola. | Ikusi handiago | Argazki originala

AEK-Korrikako II. Kultur Sorkuntza Bekako irabazlea aurkeztu dabe, Bilboko Bira Kulturgunean. Beka horrek taiutzen dau Korrika Kulturalaren egitasmo nagusia, 23.000 euroko aurrekontua dakarrena. Horren bidez, euskal kulturatik sortutako euskerazko produkzinoak bultzatzea da helburua.

Kaka-ren ordezkari Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola aktore protagonistek hartu dabe parte agerraldian, Ane Elordi Korrikako arduradunagaz batera. I. Bekearen irabazleak gogorarazo ditu Elordik: Balorazino positiboa egin dogu, izan be, milaka herritar gerturatu dira -Badon- ikuskizun barritzailea ikustera, eta aurrerantzean be seguru ibilbide oparoa izango dauela.

Epaimahaia Lutxo Egiak, Gari Garaialdek, Izar Mendigurenek, Oier Zuñigak eta Maia Muruagak osotu dabe eta, Elordik adierazo dauenez, ondoko honeek izan dira, aurkeztutako 14 proiektuen artean, Kaka saritzeko arrazoiak: Euskal Herri osorako ikuskizuna izatea, euskeradunentzat zein ikasten dabizanentzat; hizkuntzearen erabilereari emon jakon garrantzia; moldagarria izatea, formatu, espazio eta baliabide aldetik; eta, azkenik, sormen-lana izanda, oraindik sortu bakoa izatea.

Agirrezabalak eta Olaizolak emon ditue komediaren inguruko zehaztazunak, besteak beste, aurreratu dabe ganberroa, jostaria zein probokatzailea izango dala. Korrika Kulturalaren barruan, 2025eko zemenditik 2026ko apirilera bitartean antzeztuko da, Euskal Herriko hainbat eszenatokitan.

Sinopsia

Euskal kulturearen oholtzan kaka mokordo bat agertu da. Kaka azaleratu da eta egoerearen analisia egin behar da. Nork egin dau? Noiztik dago hor? Zer adierazoten dau? Eta orain, zer egiten da kaka horregaz? Noren ardurea da? Nori toketan jako marroia argitzea? Garbitzea? Kakak kaka dakar eta pentsetan jarrita... Mundua zelakoa izango zan bakotxak bere kakaren jaube egingo balitz?

Kaka

Kaka antzezlana Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabalaren proiektua da. Sortzaileek, euskal herriko beste hainbat diziplinatako artistakaz osotuko dabe proiektua. Euskal herriko aretoak zirikatu nahi dituan komedia ganberro, jostari bezain probokatzailea izango da.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu