Javi Barrio: 'Erdi Arotik gugana'
2024-06-03 07:55 BarriketanAurten Solluben izango da Deiadar Mendien Eguna bagilaren 15ean. 20 urteko ohitureak 20 urte beteko ditu aurten.
Aurtengo mendi-martxeak ibilbide bi izango ditu: Nagusia Bermeoko Taraska plazan hasiko da, goizeko 09:00etan eta bigarrena, laburragoa, Arrietako udaletxearen parean hasita goizeko 10:00etan.
Deiadar Mendien Egunak hamarkada bi beteko ditu aurten. Bizkaiko Legebiltzarrak, bagilaren 15ean, zapatuan, Sollube mendian egingo dau Batzar Nagusietara hurreratzeko dei egiteko ohiko ospakizuna.
Zehaztasun guztiak Javi Barriok eskainiko deuskuz, historia kontuetan aditua, makinatxu bat ikerketa landu eta 11 liburu idatzi dituana, besteak beste, Los trazos de Ismael Fidalgo, Antonio de Trueba (1819-1889). Bizkaiko kronistaeta Memoria Histórica Balmaseda (1925-1940).
Gaur egun zuzendari tenbikoa da Enkarterri Museoan.
1.- Deiadar Mendien Eguna orain 20 urte hasi izan ospatzen. Klasiko bihurtu da daborduko. Igaz Kolitzan izan zan hitzordua. Zenbat lagun batu zinien?
Normalean, mila persona inguru batzen gara baina eguraldiak be agintzen dau eta euria, hotza eta bideak basaz beteta egoten diranean, jente gitxiago hurreratzen da. Igaz Kolitzan kristolako aroa izan genduan eta jente asko pilatu ginan.
Hogeigarren urteurrenaren harian, aurten ibilbide bi atondu ditugu: nagusia, goizeko 09:00etan Bermeotik urtengo dana eta laburragoa, barriz, Arrietan hasiko dana.
2.- Zergaitik eta zertarako egiten zan deiadar mendien eguna?
Hau guztia orain 20 urte sortu zan Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen ekinbidez. Atzera eginda, barriz, Batzarrok izan dira Bizkaiko egitura politiko zaharrenak eta ez da komenidu hori ahaztutea baina lehenengoetara joten badogu, deiadar-hotsak Gernikan XIV. eta XV. mendeetan egiten ziran batzarretarako deiak nabarmendu beharko geunkez.
3.- Normalean tontor batean batzen zan jentea. Aurten ibilibide bi izango dira: luzea eta laburra. Zeintzuk dira bakotxaren berezitasunak?
Bietan ez dago ezelako zailtasunik, gurea herri mendizalea da eta eguraldiak laguntzen badeusku egun ederra pasauko dogu. Beraz, mendiko bota edo trekkingekoak, mendiko erropak, ura eta jatekoa eroan eta disfrutau naturaz.
Goizeko 09:00etan hasiko dan ibilbidea luzeari jagokonez, klub anfitrioiak, Sollube 707, klubak ibilbide zirkularra atondu dau, hiru bat ordukoa: Bermeoko erdigunetik, Taraska plazan hasi eta Demiku auzorantz joango gara eta Katillotxu (336 metro) mendiaren magalean gora egingo dogu. Kostaldeko mendi txiki horretan multzo arkeologiko interesgarria dago. Handik Urdaibaiko itsasadarraren ikuspegi ederrak dituan bedartzatan zehar, ibilaldia Iturrietara (611 metroa) hurreratuko eta bertatik Sollubeko tontorrerantza joango gara.
Laburra, barriz, goizeko 10:00etan hasiko da Arrietako udaletxearen parean eta Mungiako Tallu taldeko kideek gidatuko dabe. Iturrieta mendira joango dira lehenengo eta handik Solluberantz egingo dabe.
Parte-hartzaileen artean, gurasoak seme-alabakaz, edadekoak eta gazte taldeak ikusten dira.
4.- Lehenengo deiadar hotsak noiz egin ziran?
Dokumentuak aztertuta, badakigu XIV. mendean edo baebizala eta adarrak baino metalezko bozinak erabilten zituela; sasoi horretan, Bizkaian hiru zati egozan: nuklearra, Gernika eta inguruetako herriak, Durangaldea eta Enkarterri. Durangaldekoak batu ziran Gerediagako Batzarrean, Enkarterrikoek Abellanedako Batzarretxean, egun Enkarterri Museoa dagoan lekuan.
Guk uste dogu tradizino honetan bost bozina joten zituela, Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza, Oiz eta Sollubeko tontorretan, sano praktikoa zan, herritarrak Gernikara hurreratzeko deia zalako. Esangura horretan, Antonio Truebak XIX. mendean idatzitako kroniketan nabarmendu zituan aitatu tontorrak.
5.- Aurten Adarra joko dauen protagonista berezirik izango ete da aurten?
[Barreka] Ez dakigu. Mendiko taldeetan beti dagoz batzuk lan handia egiten dabenak eta taldeari eusten deutsienak eta holakoak gogoan hartzea ondo dago baina ezin deutsut ezer aurreratu.
6.- Sollube 707 talde anfitrioia da aurten baina zeintzuk dira atontze lanetan ibili diran ganerako mendi taldeak?
Sollube 707 taldeaz gan, Mungiako Tallu, Balmasedakoa, Bilboko Gailurra, Lemoako Ganzabal eta Durangoko Tabira. Ibilbideak zehazten, baimenak eskatzen eta beharrezko kudeaketa lan guztiak egiten ditue guk danok egun ederra igaro daigun.
7.- Datorren urteko hitzordua atondu daian Sollube 707 taldeak nori emongo deutso lekukoa?
2025. urtean Durangoko Alpino Tabira taldeak izango dau ardurea Oiz mendirako igoerea atondu deien. Adarra Sollube 707 taldeko batek emongo deutso Alpino Tabirako beste bati eta holan gauzatuko da prozesua.
8.- Enkarterri Museoko zuzendari teknikoa zaitugu eta Museoak 90 urte beteko dituala badakigunez, gauza berezirik atondu dozue?
Aurten 90 urte beteko doguz, Bizkaiko zaharrenetakoa gara, 1933an ekin eutsen bideari eta gure asmoa da Enkarterriko kulturea zabaltzea eta ikerketa arloan be lan egitea, liburuak argitaratu, tailerrak eta mintegiak atondu eta holakoetan buru-belarri sartzea.
Edozelan be, erakusketa berezia atontzen gabiz, bagilaren 13an zabaduko doguna eta azken gorabeheretan zoratu beharrean gabiz; Jesus Muñiz Petralanda adituagaz luzaro ibili gara beharrean eta Enkarterriko arte gotikoari buruzko erakusketea inaugurauko dogu: Erdi Arotik gugana.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!