Euskal Sagardaoa Jatorri Deitureak 2023ko uztea aurkeztu dau

Bizkaie! 2024-05-29 09:21   Jan edanak

Guztira, 48 sagardaogileen 85 Euskal Sagardao.

Euskal Sagardaoa Jatorri Deitureak 2023ko uztako sagardaoa aurkeztu dau, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian. Euskal Sagardaoa Jatorri Deiturako 48 sagardotegiek 85 produktu aurkeztu ditue. Guztira, 6 miloe kilo batu dira eta 4 miloe litro Euskal Sagardao egin ahal izan dira.

Aurkezpenean jatorri-deiturea sustatzen daben erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariek parte hartu dabe: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, Bittor Oroz; HAZI Fundazinoko zuzendaria Peli Manterola; Basquetourreko zuzendaria, Daniel Solana; Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendaria, Arantza Ariztimuño; Gipuzkoako Foru Aldundiko Mobikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputadua, Azahara Domínguez; Euskal Sagardaoa Jatorri Deiturako presidentea, Oihana Gaincerain; Euskal Sagardaoa Jatorri Deiturako koordinatzailea, Unai Agirre; Sagardaoa Route Euskal Sagardaoaren Ibilbideko arduraduna, Amaia Zubeldia; Albaolako buru Xabier Agote; eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Sagargile eta Sagardaogileak.

Jatorri Deiturea urte askotako lanaren emoitzea eta etorkizuneko apustua dala nabarmendu dabe sustatzaileek. Erakunde publikoek eta sagar eta sagardao sektoreak alkarlanean osotzen dabe Kontseilu Arautzailea eta etorkizunerako apustua. Euskal Sagardaoa zigilua daben sagardaoek ezaugarri nagusi bi ditue: % 100 bertako sagarragaz eginak eta kalidade-bermea dabe. Ganera, dibersifikazinorako aukerea zabaltzen dabiz.

Sagardao sektoreak hainbat alkarlan ditu Albaolagaz; San Joan baleontzia Kanadara abiatzen danerako sagardaoa zelan eroan aztertzen dabiz eta Euskal Sagardaoaren Ibilbideak esperientzia jarri dabe martxan.

Itsasoa eta sagardaoa alkarren lagun izan dira Euskal Herrian, marinelen eta inguruko langileen edaria izan baita sagardaoa mendeetan zehar. Horrek, besteak beste, sagardao industria indartsua sortzeko baliabidea jarri eban mende luzetan Euskal Herriko baserrietan, baita paisajea sagastiz beteteko interesa be. Bestalde, marinelek beren sustenguaren oinarri nagusietako bat izan dabe sagardaoa, eta hamarkada askotan, izurriterik txarrena izan zan Eskorbuto gatxaren kontrako antidoto naturala. Euskaldunok izan dogun ezinbesteko sinbiosia irudikatzeko balio izan dau aurkezpenak.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturea 2016an sortu zan, eta ordutik ibilbide luzea egin dau, baita sagastietan, komerzializazinoan eta produktuaren kalidadean be.

2024 sagardaotegi denporaldia

2024ko sagardaotegi denporaldia positiboki balorau dabe sagardogileek: giro atsegina eta lasaia nabarmendu da aurtengo denporaldian geure sagardaotegietan. Pandemiaren osteko jokereari eutsi deutso aurtengo denporaldiak be. Zapatu eguerdirako eta gauerako izan dira eskari gehienak. Domeka eguerdietan edegita dagozen sagardotegiek be monimentu handia izan dabe. Oro har igon egin dira sagardaotegietan erreserbak menuari eta txotxari jagokenez.

Ganera, probetako edota bisita gidatuak aurten be gora egin dabe % 40. Horrezaz gan, Sagardaotegietan sagardaoa online erosteko aukerea emon da eta salmentak % 33 igon dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu