'Klima' erakusketea Bilboko Azkuna Zentroan
2024-05-29 08:01 Kulturea2024ko bagilaren 20tik 2025eko urtarrilaren 6ra, doban.
Azkuna Zentroan ikusgai jarriko dau nazinoarteko arte garaikidearen erreferente diran Allora & Calzadilla artista bisualen bikote kolaboratiboaren lan barria, eskultura, performancea, bideoa, audioa eta fotografia buztartzen dituan lan esperimentala, hain zuzen be.
Hamarkadata bitan, Jennifer Allorak (1974, AEB) eta Guillermo Calzadillak (1971, Kuba) eskultura, performancea, bideoa, audioa eta argazkilaritzea buztartzen dituan lan esperimentala ondu dabe eta mundu osoko museoetan egon da ikusgai. Ikerketara bideratutako praktika gorabeheratsutik ekinez, Puerto Ricon bizi dan bikote honek modu kritikoan aztertzen ditu jazoera kulturalaren, historikoaren eta geopolitikoaren arteko alkarguneak eta konplizidadeak.
Honako hau bikote artistikoak Bilbon egindako lehen bakarkako erakusketea da eta jarraipena emoten deutso Zentroaren erakusketa-arloari, klimaeren eta ingurumenaren larrialdia jarri nahi baitau agirian artearen bidez eta gizarteari proponidu nahi baiteutso bere ekintzen hausnarketa kritikoa egiteko eta portaera jasangarriagoa izateko.
Erakusketearen titulua dan Klima kontzeptua greziarren garaietatik dator eta bizimoduak eguzkirantz bideratzeari egiten deutso erreferentzia. Azken data edegirik dauen asmo handiko kronologia honetako lan guztiek horixe jorratzen dabe, izaki bizidun guztiek hartzen daben eguzkirako norabidea. Erakusketako artelan bakotxak klima arraro bat eratzen dau eta danek batera azken 4.000 miloe urteak hartzen dituan alkargune kosmikoari emoten deutse formea.
Erakusketa honetan, nabarmentzekoa da, batetik, Allora & Calzadilla artisten jardun diziplinartekoa eta kolaboratiboa eta, bestetik, obra osoan dagozan gaiak: denpora geologikoa eta Lurreko bizitzearen bilakaerearen historia, izaera postkoloniala, ingurumen-justizia eta zor klimatikoa, geopolitikea eta energia-iturriak.
Erakusketa honetarako proponidutako instalazinoek, eskulturek, ikus-entzunezkoek eta soinu-performanceek erronkea egiten deutse publiko-komunidadeei beren esangurea topetako, irakurketa literal, metaforiko, erakusle eta politiko bat eginez, baina, aldi berean, hareetan parte hartzera bultzatzen ditue, sensibilidade estetikoa areagotzen dauen esperientziatzat hartuta.
Erakusketearen ibilbide laburra
Erakusketa honetako piezen artean, lanik barrienetako batzuk dagoz, besteak beste, Graft (2021), birziklautako polibinilo kloruroz eta pinturaz egindako 17.500 lore dituan instalazinoa, gogora ekarten deuskuna Karibeko basobakotze sistemikoa eta jatorrizko landarediaren eta faunearen amaierea, suntsipen kolonialaren ondare legez. Entelechy (2020) be ikusgai dago, tximistak jota eratsitako zugatz bategaz moldatutako ikatzezko eskultura monumentala, Montignac-eko basoko (Frantzia) pinu-zurez –Pinus sylvestris— sortua, hau da, Lascaux hatx-zuloa dagoan lekuko zurez.
Cadastre (2020) mihise gaineko burdinazko karrakez egindako pieza bat da eta Allora & Calzadilla bikoteak elektromagnetismoagaz egindako esperimentu artistikoak irudikatzen ditu. Printzipio formalen esplorazinoa da eta, aldi berean, sare energetikoa dan lotura konplexuari aurre egiteko modu bat.
Bestalde, erakusketan Lifespan (2014) soinu-performancea aktibauko da. Holan, hiru bokalistak David Langen konposizino bat interpretauko dabe, txistuka eta putz eginez 4.000 miloe urte dituan garai hadearreko hatx-lagin baterantz.
Penumbra (2020), eguzkiaren ibilbideagaz sinkronizautako eta itzalak dituan animazino digitaleko artelana, erakusketa-gune osoan proiektauko da. Aimé eta Suzanne Cesaire poeta antikolonialistek, 1941ean naziek okupautako Frantziatik igesi joandako artista eta intelektual batzuekaz, Martinikako Absalon haranean egindako ibilaldi mitikoetan inspirauta dago.
Era berean, The Great Silence (2014) proiektauko da Auditorioan, Areciboko irrati-teleskopioa eta inguruko Río Abajo basoa ardatz dituan bideoa. Puerto Ricon dago eta desagertzeko arrisku larrian dagoan Amazona vittata espezieko azken loro-populazinoaren bizilekua da.
Fernando Pérez da erakusketearen komisarioa.
Jennifer Allora eta Guillermo Calzadilla
1995ean alkarlanean hasi ziranetik, Allora & Calzadilla artistek bakarkako erakusketak aurkeztu ditue munduko museorik garrantzitsuenetako batzuetan, besteak beste, New Yorkeko Arte Modernoko Museoan, Portoko Serralves Museoan, Berlingo Neue Nationalgalerie-n, Houstoneko Menil Collection-en, Londresko Serpentine Gallery-n, Turingo Castello de Rivoli Museo d’Arte Contemporanea zentroan, Minneapolisko Walker Art Center-en, Erromako MAXXI-n, Bilboko Guggenheim Museoan eta Amsterdameko Stedelijk Museum-en.
2011n Amerikako Estadu Batuak ordezkatu zituen Veneziako Bienalaren Nazinoarteko 54. arte-erakusketan, asmo handiko proiektu bategaz: Glória, Estadu Batuetako nazionalismo politiko, kultural eta ekonomikoan gainjarten diran narratiben eta sinboloen kritika performatiboa. 2015ean, Puerto Rican Light (Cueva Vientos) site-specific instalazinoa egin eben, Dia Art Foundation-ek Puerto Ricoko hegoaldeko itsasaldean egindako enkargua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!