'Mundu bat bertso' topaketea egin dabe

Bizkaie! 2024-05-28 12:27   Bertsolaritzea

Bertsoen eta euskerearen bueltan alkartu dira gazteak.

Zornotza Aretoan alkartu dira Amorebieta-Etxanoko bertsolari gazteak Mundu bat bertso ekimenaren barruan urtero atontzen dan bertso topaketan.

Amorebieta-Etxanoko Udalak, herriko ikastetxeegaz lankidetzan, Bizkaiko Bertsozale Alkartearen bidez eskainitako programea da, eta gazteak bertso mundura hurreratzea eta euskerazko ahozko adierazpena sustatzea dau helburu.

Programan, herriko ikastetxe guztietako LH5 eta DBH1 bitarteko 11-13 urte arteko ikasleek hartu dabe parte (Andra Mari Ikastola, Larrea Eskola, Urritxe Institutua, Karmengo Ama Ikastetxea, El Carmelo Ikastetxea eta Lauaxeta Ikastola), eta ikasturtean zehar bertsotan ikasitakoa jentaurrean erakusteko aukerea izan dabe Zornotza Aretoan.

Bertso-irakasle izan daben Xabi Irakulisek gidatu dau saioa, eta Iruri Altzerreka eta Maite Sarasola bertsolariak izan ditue konbidadu. Horrezaz gan, Mikelot musikariak giroa alaitu dau.

Emonaldiaren amaieran, Jon Artabe, Idazkaritza, Funtzio Publikoa, Gardentasuna eta Gobernu Onaren zinegotziak eta Sonia Cabezas, Gizarte Ekintza Komunitarioko eta Herritarren Arreta Zerbitzuko zinegotziak, diplomak banatu deutsee ikastetxeei egindako lan eta eskainitako ekitaldi bikainean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu