Ubidestroi, bizi eta koloretsua
2024-05-28 09:06 Ibilian-ibilian28 km eta 2000 metroko desnibela dauen ibilbidea.
Arratiako bailaran gagoz, geure Ibilian-ibilian ataleko txoko kuttunetako batean. Gaur, barriz, Araba alderantz egingo dogu: Bizkaitik hasita, Barazarera igongo dogu, herri txiki eta bizian barrena, hain zuzen be.
Urtero lez, hementxe gara Ubidestroi lasterketean. Urtean zehar, milaka hitzordu eta erronka dagoz, baina duda barik, maiatza erdialdeko honek kutsu berezia dauka. Herri txikia oso, halanda be, bertan bizia egiten dauena eta giroa izan badauena.
28 km eta 2000 m desnibeleko igazko ibilbideari eutsiz, Gorbeiako ingurua ezagutuko dogu. Polita da Ubideko plazea kolorez ganezka ikustea, izan be, egungo arropa teknikoak koloretsuak dira oso. Horrezaz gan, bertaratutakoen irribarreak eta gogoak kutsagarriak dira.
Kontuak kontu, ibilbideari ekin eta Harrikurutz tonterrerantz egingo dogu. Behin hori pasauta, Muruako harrobi inguruetara helduko gara eta bertatik, Zubialde errekearen paretik, aldatzean gora, hainbeste abesti, liburu eta kondaira dituan Mairulegorretako koban azalduko gara.
Basoetatik aurrera eginez, Gorbeiako nagusitasuna eta desnibela sentiduko dogu, izan be, 15 km inguru daukaguz hanketan. Erronkea ez da hor geratzen, halanda ze, Aldamin (1373 m), Arralde (945 m) eta Enaebe (782 m) mendien gorabeherek hankak dardarka jarriko deuskuez.
Hori bai, helmugara heldu bezain pronto, talo, txorizo eta sagardao usain parebakoa jatorku. Ganera, eguraldiak sekulako lasaitasuna emonez, Ubideko plazea, betiko lez, jentez bete zan. Sari banaketearen ostean, txiki zein nagusientzat jantzaldi bikaina atondu zituen, herriko jai giroa zabalduz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!