Ume Hezkuntzarako eraikin barria egiteko erabiliko dau San Nikolas ikastoleak Getxon batutako dirua
2024-05-27 07:40 Euskerea berbagaiEskerrik asko, Algorta, eskerrik asko, Getxo!
Milaka euskaltzale hurreratu dira Getxora ikastolan, euskeran eta euskal kulturan txonbo egitera. San Nikolas ikastolako komunidadea eta Ibilaldia Kultur Alkartea oso pozik dagoz herritarren erantzunagaz. Eguna biribila izan da, eta eskerrak eman nahi deutsegu San Nikolas ikastolako komunidadeari, eurekaz batean auzolanean ibili diran Getxoko herritar eta alkarteei, eta Bizkaiko ikastoletatik etorri diran boluntarioei. Guztion artean egun gogoangarria atondu eta aurrera eroan dogu. Zorionak danoi.
Nabarmendu nahi dogu, intzidentzia edo jazoeren arloan, eguna oso lasaia izan dala eta hori pozgarria da guretzako. Eguna biribila izateko osogai ugari izan ditugu: egitarau zabala (ikuskizunak, tailerrak, artistak...); Ikastolen Erronka eta Topaketea (1.000 ikasletik gora hartu dabe parte); hasiera ekitaldian izandako giro ona, eta 1963tik hona igarotako belaunaldiak bertan presente egotea. Eguraldia be lagun izan dogu, epela, ibilbideaz eta ikuskizunez nahiz tailerrez gozetako primerakoa. Euria egin dau tarteka, baina gitxi, eta ez dau eragotzi Getxora etorri diran milaka lagunentzako ikastolen, euskerearen eta euskal kulturearen jai handi honetako egitarauko ekintzak aurrera eroatea.
Egunean zehar lortutako dirua Ume Hezkuntzarako eraikin barria egiteko erabiliko dau San Nikolas ikastoleak
Goizeko hamarretan emon jako hasierea Ibilaldiari: San Nikolas ikastolako eta Ikastolen Alkarteko ordezkariek eta Getxoko Udaleko, Hezkuntza Saileko eta Bizkaiko Aldundiko ordezkariek egin dabe berba.
Ondoetorria emoteagaz batera, San Nikolas ikastolako buru Unai Arzubiagak ikastolako lau oinarriak aitatu ditu: bihotza (ikastola), herria, tradizinoa eta barrikuntzea. Ikastolearen ibilbidea azaldu dau: 1963an bederatzi familia izan ziran sorrerako prozesuan eta egun 1.100 ikasletik gora, 700 familia aktibo eta 140 langile inguruk osotzen dabe San Nikolas Ikastola kooperatiba alkartea. Euskerearen transmisinoa eta bizibarritzea be izan ditu berbagai ikastolako buruak.
Ibilaldia Kultur Elkarteko buru Josune Bañalesek, euskerearen ezagutzan eta erabileran emondako aurrerapausoak nabarmendu eta hori ikastolei esker izan dala azpimarratu dau, Euskal Herri osoan baitabiz ikastolak umeak, nerabeak eta gazteak hezten. Ikastolen helburua zein dan gogorarazo dau: ikastoletan gazte euskaldun konprometiduak nahi ditugu, eraldatzaileak, ekintzaileak, arduratsuak, bihotz onekoak eta zoriontsuak. Gizarte hobea nahi dogu eta hori lortzen ahalegintzen gara egunero.
Kontuak kontu, jentea gogotsu dabil jaia ospatzen eta ikastolei bultzadea emoten. Baina daborduko erreleboa hartu dau Galdakaoko Eguzkibegi ikastolako komunidadeak, bihartik ekingo baiteutso 2025eko Ibilaldia atontzeari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!