Bagilean, antzerki amateurreko bederatzi proposamen, Bilboko Pabilioi 6 Aretoan
2024-05-23 12:26 KultureaJaialdia maiatzaren 31tik bagilaren 16ra egingo da.
Bagila antzerki amateurraren hilebetea bihurtu da Pabilioi 6an. Ikasturtearen ondoren, talde antzerkizaleek urtean zehar preparautako antzezlanen emoitzak ikusteko garaia da.
Oraingo honetan, Antzerki Amateurraren Jaialdia maiatzaren 31ean hasi eta bagilaren 16ean amaituko da eta 3 astegoien horreetan Bizkaiko antzerki amateurreko eskolea eta konpainien 9 pieza ikusi ahal izango dira.
Sol Maguna zuzendari dauen La Trascienda Teatroren Okupame piezea izango da lehenengoa eta eta horren ondoren etorriko dira, Hamaika Teatroren El Triunfo eta Koral taldearen Lo raro de esto, Von Hippel Lindau sindromeari buruzkoa. Bigarren astegoienean, Edición Limitada konpainiak Reza lana aurkeztuko deusku, Yasmina Reza egilearen 4 obrari buruzko ikuskizuna; Dantzertik sare sozialen testuinguruan intimidadea galtzeari buruzko jantza-piezea eskainiko dau, Show; eta Kai Erreak Javier Liñerak zuzendutako Homeroren La Odisea-ren proposamena oholtzaratuko dau. Azkenik, hirugarren astegoienean, BAI Barakaldoko antzerki eskolako ikasleek La casa de Bernarda Alba-ren bersino bat aurkeztuko deuskue, patriarkatuagaz kritiko eta zeozelako genero ikuspegiagaz; Zenbatu antzerki talde komunitarioak zuzeneko musikea dauen La tarara izeneko lana, osasun mentala eta genero bardintasuna lako gaiak jorratzen dituana; eta amaitzeko, Agatha Christie-ren obra ospetsua, Itxartu Taldearen La ratonera.
Eguen, bariku eta zapatuko hitzorduak arratsaldeko 19:30ean izango dira eta domekatakoak 19:00retan. Ikuskizun guztietarako sarrerak www.pabellon6.org webgunean dagoz.
Teatro Foro
Tailerra atondu dabe La Rueda Teatro Social taldeko Laura Presa eta Sandra Arparen eskutik. Ikastaroa bagilaren 14, 15 eta 16ean izango da eta interpretazino profesionalei eta gaian interesa daben personei zuzenduta dago. Foro Antzokia Teatro del Oprimidoren barruan sortutako antzerki-teknika bat da, Augusto Boalek Sao Pauloko Teatro de Arenan landu eta bultzatutakoa. Antzerki sozial garaikidearen munduko hainbat profesionalek barrikusi dabe eta eboluzionetan joan da, gure gizartean gaur egun bizi ditugun gatazka askori antzerkiaren praktikatik erantzun ahal izateko.
Foro Antzokiaren helburua ikuslearen rola ikusle-aktore bihurtzea da, hau da, antzerki-ekintzearen bidez gizarte-ekintza eraldatzaile batera igaroteko prest dagoan publikoa sortzea. Era berean, alkarrizketa, taldeko eztabaidak eta gatazken eraldaketak sustatzeko formula artistiko barriak eskaintzea.
Tailerrean parte hartzeko plazak mugatuak dira eta ikastaroaren xehetasunak eta izen-ematea www.pabellon6.org webgunean konsultau daitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!