Umeen abesbatzen 'BBKantuz txiki 2024', Bilboko Koral Alkarteak sustatua, Bilbon egingo da
2024-05-23 09:04 MusikeaMaiatzaren 25ean, zapatuan, izango da, 12:00etan, Bilboko Arriaga plazan.
Bilboko Koral Alkarteak, BBK-gaz eta BAE - Bizkaiko Abesbatzen Alkartearekin alkarlanean, BBKantuz txiki 2024 ekitaldia atondu dau. Umeen abesbatzen topaketa hau maiatzaren 25ean izango Bilboko Arriaga plazan. Bertan, hainbat abesbatzatako 150 ahots gazte batuo dira komunidade osoari musika-esperientzia parebakoa eta aberasgarria eskaintzeko.
BBK banku-fundazinoaren babesari esker, ekitaldia lurraldean umeen musika korala sustatzeko oinarria izango da, BBK BBKantuz txikiren atonketan oinarrizko bazkidea izanik. Kultura eta hezkuntza-konpromiso horri eutsiz, talentu gazteek kantuaren aurrean sentiduten daben pasinoa konpartiduteko eta beren burua maila artistikoan jorratzeko plataformea izango dabe.
Topaketan, zenbait eskola-koruk hartuko dabe parte, Eskolan Kantariko hirugaz eta pianoan Miguel N’Dongegaz hasita. Deusto Eskolan koruak, Nora Francok zuzenduak, Roberto Goldarren Pobre mi sapito Tito abestuko dau, bai eta Giorgos Katsarosen eta Alekos Sakellariosen I like the flowers (tradizionala) eta zuzendariak berak moldatutako To petinari be. Ondoren, Basauriko Basozelai Gaztelu Eskola eta Tiboli Eskola taldeek, Sandra Calvo Abarzuzaren zuzendaritzapean, Xarmengarria euskal kantu tradizionalagaz eta Nachiko Terashimak moldatutako Cançó japonesa pieza japoniar tradizionalarekin liluratuko dabe publikoa.
Algortako Lilura Abesbatzak, Mariasun Yangüasek zuzenduta eta Borja Monterok lagunduta, A million dreams interpretauko dau, El gran showman obrearen soinu-bandakoa eta Greg Gilpinen Whisper be bai. Jarraian, Bilboko Koral Alkarteko umeen koruek, Jose Luis Ormazabalek gidatuta eta barriro be Miguel N’Dongek lagunduta, Tomás Garbizuren Intxauspeko alaba, Jim Papoulisaren Oye eta, Unax Pedrerok klarineteagaz, Silvia Malbránen Chacareando chacareras kantauko ditue, bai eta, amaitzekoo, Oskorriren Ponpiola be.
Kontuak ontu, ekitaldiari amaierea emoteko, abesbatza guztiak oholtzan batu eta "Tutira mai" (maori tradizionala), Xabier Sarasolaren "Uso zuria / Akerra ikusi degu" eta "Rock my soul - Bakea munduan" (tradizionala) batera abestuko ditue.
Abesbatzen topaketa honek, musikea eta kulturea ospatzeaz gan, lankidetzearen, alkarri entzutearen eta alkartasunaren balioak sustatuko ditu koruetako kantari gazteen artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!