Dom Campistron: 'Ez gara isilduko, ezta geldi egongo be'
2024-05-27 07:55 BarriketanHilebete eskas falta danean, Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak kartel ofiziala aurkeztu dau. Indar bisual handiko ilustrazinoa da eta, markautako trazuaren eta kolore-blokeen bidez, jaialdiak 2024ko edizinoan queer utopiaren idea gorpuzten daben persona bi erakusten deusku.
Dom Campistron (Aldude, 1994) izan da egilea, Alduden (Nafarroa Beherea) dauen estudiokoa. LGTBIQ+ kolektiboaren parte izateak dakarzan konplexutasunak zuzenean ezagutzen ditu, Bekatorosak lanean jasoten dauen lez eta artisteak bizipen horreek guztiak sormenaren zerbitzura jarten ditu, irudimen bisual bizia eta oso indartsua sortzeko.
Artisteak kartela egiteko orduan izan dauen inspirazinoa eta haren ibilbideari buruz berba in dau Bizkaie!-gaz.
1.- Zorionak, Zinegoak 2024ko kartela egin dozu eta. Zer moduz?
Bikain. Oso pozik nago kartelagaz, baita izan dauen harrereagaz be; uste dot gustukoa izan dala eta hori beti da ona artistearentzat.
2.- Azaldu eiskuzu ze erispide erabili dozuzan kartela egiteko?
Kartela egiteko neure ohiko lan prozedurea erabili dot, hau da, arkatzagaz kalko batean. Horren ostean, eskaneau egiten dot eta ordenadorera pasau. Bertan, kolorea emoten deutsat irudiari.
Inspirazino bezala, barriz, queer mundutik burura etorri deusten artistak eta lanak hartu dodaz.
3.- Kartelak, queer utopiaren ideia gorpuzten daben pertsona bi erakusten deusku. Zelan ikusten dozu gaur egun LGTBIQ+ mobimentua? Gizartean onartuago dagoala sentiduten dozu?
Datuen arabera, gero eta jokaera homofobo gehiago salatzen dira. Beraz, biktimek aurre egiten deutse egoereari. Halanda ze, oihartzun gehiago gagoz emoten eta hori ona da.
Gero, homofobia beti dago hor, baita transfobia be, baina gero eta indartsuagoak gara, izan be, gauzak egiten saiatzen eta erakusten gagoz, gizarteak ikusi deian zer dan Euskal Herritar eta queer izatea. Halanda ze, burrukatzen gagoz.
4.- Kartelerako ideia zinema-areto batean sortu zan, jarraitzailea zara? Zein ikus-entzun gomendauko zeunke mobimentu edo errealidade hori ondo islatzen dauena?
Kartela egiterako orduan, Sex Education seriea izan dot buruan. Ikus-entzunezko horretan utopia bat ikusten dogu, izan be, queer-ak libreak dira. Asko maite dodan seriea da, gai danak jorratzen ditue eta personaien jantzak, makillajea edo uleak oso originalak dira.
Serie horrek arnas lako zerbait emoten deust eta inspirazino izan dot kartelean.
5.- LGTBIQ+ kolektiboaren parte zara, izan be, esaterako, 2021ean Bekatorosak liburu ilustratua argirau zenduan. Beraz, ez da izan gai barria zeuretzat ezta?
Bai, hori da. Hamazazpi urte nituala emakume bategaz maitemindu nintzan. Pentsau, Aulestin, garai horretan, lesbiana berbea ez jala existiduten. Beraz, bertatik iges egin eta uri batera joan nintzan neure mundua edegitera.
Bekatorosak liburuan, neure kasuan bezela, Aulesti inguruko zazpi personen testigantzak hartzen dodaz. Persona asko lez, bakartasun handiz bizi izan dot neure nortasuna, eta liburuan hori ulertzeko konbita egiten deutset irakurleei.
Horren ostean, LGTBIQ+ gaia oso garrantzitsua bilakatu da neure obran, izan be, mobimentu horretan antzemoten dodan edertasunak bete egiten nau.
6.- Idea feministetan eta LGTBIQ+ gaietan segiduteko asmoa dozu?
Segiduteko asmoa dot eta ez gelditzekoa be [Barreak]. Burruka bat da, bai maila personalean, baita profesionalean be.
Ganera, sano garrantzitsua iruditzen jat desbardintasunak, emakumeen gorputzak, gorputzen aniztazunak, ideak emakumeen eta queeren ganean edo gorputz ez normatiboak erakustea irudien bidez. Gustuko dot eta beharrezkoa da jenteak hausnartzea eta poliki-poliki geure egunerokotasunean sartzea.
7.- Horreezaz gan, gai ugari landu dozuz: esaterako, Berria egunkarirako jersea, Bertsoaroa 2024ko kartela edo eskola bateko mural bat umeakaz egina. Artista lez, zer gustauko jatzun egitea?
Dana egitea gustuko dot. Oraintsu, muralak egiten gagoz umeakaz ikastola batean eta oso goxoa da hori. Ganera, proiektu berezia da, izan be, umeakaz feminismo edo sexismoaren kontrako gaiak lantzea sano garrantzitsua da.
Maite dodazan lanak jorratzen ditut, maite dodazan lagunakaz lan egiteko. Beraz horretan jarraituko dot, subertez denpora luzez.
8.- Zinegoak lako jaialdiek ohiartzuna emoten deutse LGTBIQ+ kolektiboari. Baina asko dago egiteko ezta?
Bai, duda barik. Ikasten gagoz gizarte bezala holako gaiak onartzen edo integraetan. Baina, oraindino be, zinema gaietan betiko arazoak begi bistakoak dira: gizon heteroek produziduten dabe ia dana, emakume gitxi ikusten dira eta queer personak oraindino gitxiago. Ez bakarrik euskarri horretan, musikan be, gizonak dira nagusi.
Espero dot egoerea aldatzea eta mundu barri bat ikustea justizia gehiagogaz.
9.- Mezu berizirik?
Altxa Lili taldean egiten doguna. Altxa Lili Euskal kabaretea da, baserrikoa eta lagun batzuekaz sortua. Hori da egiten dodan beste gauza bat, eszena ganean perfomancea. Asko disfrutetan dogu, baita publikoak be.
Horretan sinisten dot, aniztazuna erakustea espazio publikoetan eta artea tresna bezela erabiltea jentearen mentalidadea edo ikuspuntuak aldatzeko eta erakusteko betidanik hor gagozela. Ez gara isilduko, ezta geldi egongo be.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!