Portugaleten 'Mundu Bat Bertso' umeentzako bertsolaritza jaia egin dabe
2024-05-22 07:50 Euskerea berbagaiEkitaldira sei ikastetxe eta 200 ikasle baino gehiago hurreratu dira.
Portugaleteko Merkatuan Mundu Bat Bertso umentzako bertsolaritzako ikasturte amaierako jaia ospatu da. Programan parte hartu daben ikastetxe guztietako 200 bat ume batu dira, ikasgelan ikasitakoa erakusteko. Programea Antonio Trueba, Ruperto Medina, Kanpazar, Gabriel Celaya, Maestro Zubeldia eta La Guía ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleakaz jorratzen da ikasturtean zehar eskola-orduetan.
Ikastetxeetako ikasleek euren talentua erakutsi dabe ikasgelan landutako bertsoak abestuz, emozinoz eta dibertimenduz beteta. Euskera zinegotzi Maria Jose Blancoren esanetan, Mundu Bat Bertso hezkuntza programea esperientzia ederra izan da, aukerea emon deutselako Portugaleteko ikasleei bertsolaritzea eta euskal kulturearen munduan sartzeko eta horregaitik, eskerrak emon deutsee parte hartu daben ikastetxe guztiei, irakasleei, ikasleei, bertsolariei eta artistei, sano aberasgarria izan dan hezkuntza esperientzia hau ahalbidetzeagaitik.
Festan Kerman Diaz eta Ander Anakabe bertsolariak eta Mikel Inuntziaga abeslaria izan dira. Jaiaren punturik gorenean María José Blanco eta Aingeru Fernández zinegotziek eta Portugaleteko Udaleko Euskera Zerbitzuko teknikariek diplomak emon ditue, parte hartutako guztien ahalegina eta dedikazinoa autortu nahian.
Mundu Bat Bertso hezkuntza-programea asteroko saio sorta bat da, ikastetxeetan bertan eta irakastorduetan abestiak, erritmoak, bertso zaharrak eta bertsolaritzearen historia ikasteko. Helburua da bertsolaritzea indartzea eta horretan sakontzea, euskerearen ezagutzak azpimarratzea eta ikasleen artean euskerearen erabilerea sustatzea.
Proiektu honek bertsolaritzea ikuspegi integrala ardatz hartuta planteetan dau eta lau arlo lantzen ditu: hizkuntzea, kulturea, musika (ahotsa) eta trebetasun personalak eta sozialak. Gainera, Bertsozale Elkarteak beregan hartutako balioak ikasketa prozesuaren oinarria izan dira: euskerea, feminismoa, aniztasuna, inklusinoa, kulturartekotasuna, lurraldetasuna, belaunaldien artekoa eta ingurumenagazko errespetua.
Bertsolaritzeak balioa emoten deutso eskolako lan pedagogikoari, izan be, ahozko komunikazinoa hobetzen dau, komunikazino-estrategiak erabilten ditu, hizkuntza-sormena sustatzen dau eta jentaurrean berba egiteko bildurra gainditzen, ideak ordenau eta sintetizetan eta, azken batean, komunikazino ezin hobea lortzen laguntzen dau. Azken idea ahozkotasuna lantzea eta euskerea erabilteko aukera ludikoak eskaintzea izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!