Hogeita bost nerabe bizkaitarrek euren belaunaldia islatzeko antzezlana sortu dabe

Bizkaie! 2024-05-21 10:22   Kulturea

SELFI. Ser joven en la sociedad del espectáculo antzezlana Bilbon, maiatzaren 25ean.





Juan Ayala eta Miguel Oyarzunek diseinautako proiektua Madrilen, Bartzelonan eta Porton egin da dagoeneko, eta oinarrizko egiturea izan arren, ex profeso sortzen dabe antzeztuko dan uriko gazteek.

Zer esan nahi dau gaur egun nerabe izateak, ikuskizunaren soziedadean? Zer dakigu helduok gazteei buruz? Zer jazoten da, 12 urtegaz, institutura heltzen diranean? Zelan ikusten dabe euren burua? Ondokoak dira antzezlanak erantzun nahi dituan zenbait galdera. Eta ez bakarrik proiektu bitxi honen ideologoen lanari esker, Juan Ayala eta Miguel Oyarzun sortzaile madrildarrak, hain zuzen, baita 11 eta 16 urte arteko 25 bizkaitarrek gidoiari egingo deutsen ekarpenari esker be.

Bilbo eta Barakaldoko zenbait ikastetxetatik datozen gazteek osotutako taldea aurretiko tailerrak lantzen ibili da eta lanketa horretatik etorriko da antzezlanaren bersino bizkaitarra maiatzaren 25ean, zapatuan eta horixe izango da aukera bakarra, Bilboko BBK Salan. Sarrerak salgai dagoz (12 euroan) BBK Salaren txarteldegian eta webgunean.

Gazteen jardun artistikoen aurreko loturea sustatzeko helburuari eutsiz, Madrilgo Reina Sofía Museoaren bultzadea jaso eban proiektu honen lehen bersinoa orain urte bi egin zan, Madrilgo pinakotekatik hur dagoan institutu bateko DBHko 1. mailako klase baten eskutik. Ondoren, El Prat de Llobregat (Bartzelona) eta Porton be egin eben; beraz, muntaiaren laugarren bersinoa izango da Bilbokoa: Nerabeak kulturan sartzea izan da beti BBK Salaren intereseko lan arloetako bat, BBK Gizarte Ekintzaren esparruan, adierazo dabe Bilboko espazio horretako arduradunek: horregaitik ekarri dogu Bizkaira proposamen berezi hau, gazteei sormenezko plataforma bat eskaintzeko aukeraz gan, helduok belaunaldi hori hobeto ezagutzeko balioko baitau, zer pentsau eta zer sentiduten daben eta euren burua zelan ikusten daben jakiteko. Hori izan zan, hain zuzen be, proiektua martxan jarteko arrazoia: Reina Sofíagaz lanean hasi ginanean”, gogoratu dau Oyarzunek, “konturatu ginan beren funtsen artean gazteek egindako koadroak bazirala, baina ez ziran inoiz autorretratuak. Hori garai guztietan hartzen da faltan: zelan ikusten dabe nerabeek euren burua? Zelan berba egiten dabe euren identidadeari buruz?.

Gaia arakatzeko hasierako saioetan, 2022an, Oyarzun eta Ayalarentzat deigarriena izan zan, nerabeei gaur egun 12 urteko bateren bat izateko jarraibideak eskatzean, guztiek aiatu ebela eskuko telefonoaren jaube izatea oinarrizkoa zala: harritu egin ginan ikustean edade horretan dagoeneko kontrolik bako sarbidea ebela mundurako leiho ahaltsu horretara; oso baliogarria dana, baina, era berean, baita problematikoa be, hor baitagoz menpekotasunak, bullyinga, gizarte sareetako esposizinoa, pornografiarako sarbidea.... Ondorioz, argi ikusi eben nerabezaroari begiratzeko ikuspuntua teknologiagazko eta pantailakazko erabateko esposizino hori izango zala, errealidade bat dalako eskola barruan -ikasketa tresna lez-, baita handik kanpo be -beren bizitzetako nongurako elementu lez-. Abiapuntu horregaz, SELFI. Ser joven en la sociedad del espectáculo antzezlana formea hartzen joan zan eta, Madrilgo 29 nerabegaz 16 lan saio egin ondoren, helduok hausnartzera gonbidatzen gaituan gazte horreen bizitzako momentu horri buruzko argazkia, erretratu erkidea eta tutoriala zana eskaini eben.

SELFI. Ser joven en la sociedad del espectáculo

Bizkaiko kasuan, aurretiko tailerrak 10 jardunaldi izango ditu, hautatutako 25 gazteek antzezlana muntau deien, euren esperientzia, sentimentu eta pasinoa oinarri hartuta eta sorkuntza eta entseguen prozesuaz gozauta, olgetako eta libre adierazoteko espazio segurua baita, zehaztu dau Oyarzunek. Egon diran beste uri batzuetan, ikusi dogu zeozelako aurretiko ikerketa laborategi hori bidaia eder bihurtzen dala amaieran, euren gidaritzapean, eta eraldatuta eta pozarren urtetan dabela handik. Sarritan esan izan deuskue bizitzan pasau jaken onena izan dala; berez, Porton, gazteetako bik antzezlanean armairutik urtetea erabagi eben, sormen prozesuak emon eutsen askatasun eta ahalduntzeari esker. Maiatzaren 25ean, zapatuan, Bilboko BBK Salan, ikusiko dogu Bizkaiko neska eta mutil gazteek eurei buruz kontau nahi deuskuena, eten barik nerabe honeen errealidadearen eta fikzinoaren artean ibiliko dan antzezlanean. Gainera, emonaldiaren ondoren, barriketaldia egongo da sormenezko prozesuan parte hartu daben gazteakaz, eszenatokian ikusitakoan sakontzeko.

Erretratuak: Jose Caldeira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu