Hegoi Amabizkak jantzi dau 2024ko Arabako Eskolarteko txapela
2024-05-20 08:50 BertsolaritzeaHegoi Amabizka eta Iraide Oinaindia izango dira Arantzako Euskal Herriko Eskolartekoan kantauko dabenak.
Bertsolari gaztetxoen taldekakoagaz hasi da Eskolartekoa, Gorbeialdekoak kasimeta urdinagaz, Lautadakoak horiz eta Gasteizkoak baltzez.
Taldeko kideen artean erakutsi behar izan dabe errimea osotuteko trebezia eta 2 oinetan, 4 oinetan, amaiera eta 3 oin emonda, aurrekoak atzekoari eta ofizinotan koplaka ariketei erantzunez ibili dira. Kontuak kontu, Gasteizko taldeak irabazi dau.
Horren ostean, Bat-bateko saioaren unea heldu da. Gasteizko Hegoi Amabizka, Urko Lafuente eta Samuel Rodriguez, Trebiñuko June Astegieta eta Aramaioko Iraide Onaindia eta Anitz Abarrategi izan dira kantuan.
Zortziko handian bina bertso kantau behar izan ditue. Gaiei jagokenez, azterketak, lagun taldeak eta parrandak izan dira. Bakarkako puntuei azkar erantzun ostean, bertsoa botateko ordua izan da, gai eta helduleku askotatik eutsiz.
Oihane Perea, Irati Anda eta Peru Abarrategi epaileek emondako puntuazinoaren arabera, bagilaren 15ean Arantzan jokatuko dan Euskal Herriko eskolarteko finalean Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia ibiliko dira Arabako ordezkari lez.
Aroa Arrizubietak jantzi deutso txapela Hegoiri eta urtero txapeldunez txapeldun ibilten dan egurrezko mikrofonoa be jaso dau.
Ganera, atontzaileek eskerrak emon nahi izan deutsee Aramaioko Udalari eta Ikastolen Alkarteari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!