'Irailekoak' poesia-jaialdia Itsasun izango da
2024-05-17 12:02 KultureaIrailaren 28an eta 29an.
Igaz, Lekeition estreinau zan Irailekoak poesia-jaialdia eta aurten Lapurdin izango da, hain zuzen be, Itsasura. Euskaltzaindiak egun eta erdiko egitasmoa atondu dau, Itsasuko Herriko Etxeagaz, Euskal Kultur Erakundeagaz eta Euskerearen Erakunde Publikoagaz alkarlanean. Halanda ze, irailaren 28an eta 29an izango da Irailekoak festibalaren bigarren edizinoa.
Euskaltzaindiak, literaturari deutson atxikimendua adierazote aldera, poesiari eskainitako bigarren asteburua atontzea erabagi dau, igazko helburuei jarraituz. Holan, Euskal Herri osoarentzat atondu da Irailekoak, poesiak bere toki-denporak izan deian. Beraz, Euskal Herrian egiten diran literatur jardunaldien egutegia osotu nahi dau jaialdiak. Horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak nabarmendu eta aztertuko dira egun eta erdiko jaialdian.
Poesia-jaialdian euskal poeten lana gizarteratu nahi da, hitzaldien edo irakurraldien eskutik, errezitaldien bidez. Ganera, beste bazter batzuetako poetek be parte hartuko dabe. Poesiagaz batera, beste kultura-adierazpideak buztartuko dira, esaterako, musikea eta artelanak. Egitarauaren zehaztasunak irailean emongo ditu Euskerearen Akademiak.
Jarduera gehigarriak
Itsasun poesiari presentzia handiagoa emoteko, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantziko dira herriko erakusleihoak. Besteak beste, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik artisten bertsoak erakutsiko dira. Horreezaz gan, iraileko egun horreetan egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkaria plazaratuko da, oroigarri intelektual-poetiko bezela. Aldizkaria jaialdian parte-hartuko daben olerkari eta ikusleen artean banatuko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!