Batera Jauzi dinamikea herriz herri abiarazoko dabe

Bizkaie! 2024-05-17 08:27   Euskerea berbagai

Arrigorriagan (Bizkaia) hasiko dau bere bidea euskerea bizibarritzeko prozesu komunitario eraldatzaileak.



Batera Jauzi dinamikearen helburua, lekuan-lekuan komunidadearen parte hartzea aktibau eta euskerearen erabilerea handitzeko akordio eraldatzaileak sustatzea da. Euskerearen erabileran salto egiteko asmoz jarri eban martxan Euskaltzaleen Topaguneak Batera Jauzi jentarte laborategia 2023an. Hainbat sektoretako eragileakaz alkarlanean jorratutako prozesu horren emoitzak, erakundeak igaz egindako III.Kongresuan ikusi eban argia, mobimendu euskaltzalearen arlo estrategikoa onartu eta erabilerearen arorako norabidea finkatu zan.

Herriz herri Euskal Herri osora zabaldu nahi dau Topaguneak orain dinamika hori, lekuan-lekuan euskerearen aldeko sarea zabaldu, komunidadegintzan sakondu, akordio barriak adostu eta erabileran salto bat emon eta oinarriak sendotzeko.

Arrigorriagan hasi dau bere ibilbidea Batera Jauzik jentarte laborategiak. Euskarri euskera alkarteak, Arrigorriagako Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak alkarlanean martxan jarritako prozesua maiatzean hasi eta zemendira bitartean jorratuko dana.

Bost laguneko talde motorra gidari dabela, herriko sektore askotako 13 personek osotu dabe Elkarrizketa Talde eragilea; tartean, ekarpenak ahalik eta aberatsenak izan daitezan, herriko talde esanguratsuenakaz kontraste batzarrak egingo ditu Elkarrizketa Talde Eragileak.

Zemendiaren amaierarako hizkuntzearen egoerearen diagnosi komunitario bat adosteaz gan, Arrigorriagan euskerearen erabilerea hauspotzeko epe luzeko gidalerroak zehaztuko dira.

Euskararen bizibarritze prozesuak euskalgintzan dabizen eragileez gan bestelako bultzatzaileak be behar dituala kontuan hartuta (euskeratik urrunago bizi diranak, esaterako), prozesu komunitarioak sustatzearen balio eraldatzailea azpimarratu nahi du Euskaltzaleen Topaguneak.

Helburu horren bila, Batera Jauzi jentarte Laborategiak Euskal Herrirako lehenetsitako eraldaketarako baldintzak herriz herri eta gobernantza partekatuan oinarrituta landu nahi ditu Euskaltzaleen Topaguneak.

Arrigorriagako Aniztasuna Kulturalaren II. Jardunaldiak maiatzaren 20tik 26ra

Udalak eta Zubietxe eta Arrigorriaga Harrera alkarteek astebeteko jardunaldiak atondu ditute aniztasun kulturalari buruz, hartu-emon komunitarioak sustatu eta estutzeko helburuari eusteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu