Korrikatik Euskaraldira, herritarren bultzadea euskerearen aldeko politikei
2024-05-15 13:29 Euskerea berbagaiAktibauta segiduteko dei egin dabe Euskalgintzako eragileek.
Ane Elordi, Idurre Eskisabel eta Irati Iciar.
Euskalgintzako eragile nagusien ordezkariek agerraldia egin dabe gaur goizean Baionan. Eguna eta lekua ez dira ausazkoak: Korrika amaitu zan herrian egin dabe, 2025eko Euskaraldia hasteko urtebete falta dala aprobetxauta. Holan, euskerearen aldeko ekimen jentetsuenak hizkuntza-politiketan eta euskerearen erabileran salto egiteko eta herritarren bultzada indartsua behar dauela aldarrikatuz.
Agerraldian izan dira euskerearen aldeko 30 gizarte erakundetik gora batzen dituan Euskalgintzearen Kontseilua eta euskalgintzako eragile garrantzitsuenen ordezkariak, besteak beste, AEK, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Konfederazinoa, Euskal Herriko Ikastolak, Euskal Hedabideak, Elkar, Berria, Elhuyar, Udako Euskal Unibersidadea, Euskal Herrian Euskaraz, Maizpide Euskaltegia, Hezten Aisialdi Euskaltzalea, Karmel Aldizkaria, Konkolotx, Biga Bai, Mintzalasai, Bai Euskarari eta Eusko Ikaskuntza.
Idurre Eskisabel Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi AEK-Korrika-ko koordinatzaileak eta Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko buruak adierazpen bateratua irakurri dabe, eta besteak beste, honako mezuak zabaldu ditue:
Idurre Eskisabel: Herritarren bultzadea ezinbestekoa da euskerearen normalizazino eta bizibarritzeak aurrera egingo badau, baina ez da nahikoa. Euskerearen normalizazinoan aurrera egingo badogu ezinbestekoa da hizkuntza politiketan salto egin eta euskerearen aldeko politika publiko sendoagoak indarrean jartea.
Ane Elordi: Euskal hiztun izan edo ez izan, harro zabaldu dogu lau haizetara ekosistema bat
eregi behar dogula euskerearen bueltan: euskal komunidadea, euskerea ardatz dauen komunidadea. Euskerearen etorkizun hobea eregiteko adostasun zabala dogu.
Irati Iciar: Euskal Herri luze zabalean euskeraz berba egiteko eta biziteko aukerak eta baldintzak biderkatzeko, gizarte aktibazinoa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira.
Adierazpen bateratuari jagokonez, oraintsu, milaka lagun batu ginan hemen bertan, Baionan, Korrikaren azken metroetan eta adierazo genduan euskeagaz bat egiten dopgula, euskeraz bat garela. Milaka lagunen artean baziran euskaldun eta euskaltzaleak, baziran euskerearen jaube izan ez arren hizkuntza bardintasunean sinisten dabenak. Herri harroa, gizarte adostasun zabala gorpuztu zan, euskerearen normalizazino eta bizibarritzearen alde. Beste era batera esanda: euskerearen normalizazinoan aurrera egitea hizkuntza eskubideetan sakontzea danez, justizia soziala, gizarte kohesinoa eta bizikidetzea indartzearen alde.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!