Joan Mari Torrealdairen zentsureari buruzko tesia, eskuragarri
2024-05-15 08:38 Euskerea berbagaiIkusi eta deskargau hemen.
Joan Mari Torrealdaik 1991. urtean defendidu eban zentsureari buruzko doktorego tesia Deustuko Unibersidadean. Orain, unibersidade berean aurkeztu dabe tesiaren liburua: La censura gubernativa y el libro vasco (1936-1983). Análisis de los informes del Lectorado. Aurkezpenean, zentsureari buruzko jardunaldia egin dabe Lorea Agirre eta Xabier Eizagirre Jakineko kideek, Josu Bijuesca Deustuko Unibersidadeko ikertzaileak eta Mari Jose Olaziregi EHUko MHLI Ikertaldeko zuzendariak.
Elixabete Perez Gaztelu (Deustuko Unibersidadeko Euskal Gaien Institutua), Mari Jose Olaziregi (EHUko Hizkuntzalaritzea eta Euskal Ikasketen Saila) eta Joan Mari Larrarte (Jakin Fundazinoa) bat etorri dira alkarlan horren aberastasuna nabarmentzen, nahi baino ezohikoagoa baita unibersidadeek alkarregaz jardutea antolakuntzan. Perez Gazteluk adierazo dauen bezela, lankidetzearen erantzule Joan Mari Torrealdai da, berbearen esanahi bietan. Larrartek, Torrealdairen nahia bete dala adierazo dau.
Zentsurea Torrealdairen ibilbidean
Lorea Agirre Jakineko zuzendariak Joan Mari Torrealdairen obrea errepasau dau, haren hiru lan arlo nagusien artean, euskalgintzeagaz eta liburugintzearen azterketeagaz, zentsurea kokatuz. Horrezaz gan, Torrealdairen ereduak itxitako hamar lezino gogorarazo ditu Agirrek, horreen artean talde lanaren garrantzia, azpiegituren beharra eta profesional militantearen figurea azpimarratuz.
Xabier Eizagirre Jakineko erredakzino buruak ikerketeari ekin aurretik Torrealdaik bere larruan bizitako zentsureari lotutako esperientziak gogorarazo ditu, izan be, zentsurea aztertzea aurreko belaunaldiei justizia egiteko modu bezela ikusten ebala aitatu dau.
1984. urtean (Orwellen urtea) editore eta argitaletxeei bialdutako galdetegi bategaz hasi zan doktore tesia, Eizagirrek adierazo dauenez, eta Alcalá de Henaresko artxiboa ikertzen pasau zituan hurrengo lau urteak. Irakurleen arrazoi eta txostenak irakurten jardun eban, eta Eizagirrek horreetako zenbait adibide landu ditu. Ganera, irakurleak sarean eskuragarri dagozan tesiaren dokumentuak idazleka bilatzera konbidau ditu, harrigarri suertatzen baita lanek jasotako erantzuna. Amaitzeko, azken asteotan gune ugariek jasotako lawfare eta kantzelazinoaren kulturea aitatu dau, tesia adibide, aspaldi ezagun diran praktiken inguruko erabilerea ezagutarazoz.
Zentsurea ikergai
Josu Bijuesca Deustuko Unibersidadeko ikertzaileak Torrealdairentzat zentsurea, kezka intelektuala izateaz gan, esperientzia zuzena be izan zala gogorarazo dau, izan be, 1969an Fragak Jakin aldizkaria debekau eban. Zentsureak eragindako isiltasun ozenak eroan ditu gogora, Torrealdaik jaso lez, euskal kulturearen lerroa ezingo baita grafikoetan lerro zuzen bezela adierazo. Bijuescak nabarmendu dau geure buruari zor deutsagun memoria ariketea ezinbestean izango dala traumatikoa, eta horren osogai nagusia dala liburua argitaratzea.
Mari Jose Olaziregi EHUko MHLI Ikerketa taldeko zuzendariak ondo ezagutzen dau Torrealdairen tesia eta horri buruz argitarautako liburuak oinarri izan dirala euren zentsureari buruzko ikerketarako. Mugarritzat jo dau tesia, bakarra izateaz gan, sistematizazino lanean egindako ekarpenari esker: Robert Escarpit soziologo frantses entzutetsuaren metodologia aplikau ebalako euskal literaturan lehen aldiz, eta literatura lanen kontestualizazinoagaz. Torrealdairen lanak bizirik jarraitzen dauela gogorarazo dau, ez ezagutzen ebalako, baizik aintzat hartzen dabelako eta ha erabiliz lan barriak egiten diralako.
Ordutik MHLI Ikertaldean egindako lanaren barri emon dau Olaziregik, Torrealdairi eskuratzeko geratu jakon txostenak eta kasuak aztertuz. Horreetan, nabarmena da frankismoa amaitu barritan umeek eta gazteek literaturara jo ebela. Ikerketa horreen emoitzak eta dokumentuak sarean ikusgai dagoz. Ganera, euskal editoreei eskainitako atala sortu dabela aitatu dau. Sareko autortza hori baino, haren obreari egiten deutsagun autortzea haren lana aintzat hartu eta oinarri lez erabiliz ikerketeari jarraipena emotea dala nabarmendu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!