EHU, 125 unibersidade gazte onenen artean

Bizkaie! 2024-05-14 13:21   Kulturea

Ranking horrek munduko goi-mailako hezkuntzearen barri emoten dau 1971tik.

Euskal Herriko Unibersidadea munduko 125 unibersidade gazte onenen artean dago (124.a da), gaur kaleratu dan THE (Times Higher Education) rankingaren 2024ko edizinoan. Ranking horrek munduko goi-mailako hezkuntzearen barri emoten dau 1971tik, eta sailkapenerako kontuan hartzen ditu, besteak beste, irakaskuntzea eta ikerketearen kalidadea, nazinoartekotasuna, jakintza transferientziagaitik eskuratutako baliabideak eta aldizkarietan izandako aitamenen indizea.

Times Higher Education Young University Ranking dalakoak erispide horreekaz aztertzen ditu munduko unibersidade gazteak. EHU Espainiako lehenengo hiru unibersidadeetako bat da, Kataluniako Pompeu Fabra eta Rovira i Virgili unibersidadeakaz batera. Aurtengo edizinoan euskal unibersidade publikoaren eleaniztasuna azpimarratu dau astekariak, euskeraz eta gaztelaniaz eskaintzen baititu ikasketak, ingelesaren presentzia gero eta handiagoagaz. Euskal Herriko Unibersidadeak titulazinoen sorta aberatsa eskaintzen dau: zientzia esperimentalak, injinerutzea, zientziak, osasun zientziak, ekonomia, artea eta arkitekturea. Ehun eta hogeita laugarren postu horretara igon izana oso aurrerapen nabarmena da, izan be, aurreko edizinoan 251-300 tartean kokatu eben. Sailkapeneko buruan Nanyang Unibersidade Teknologikoa dago, Singapurrekoa. 

EHUko errektore Eva Ferreirak oso ontzat jo dau nazinoarteko ranking garrantzitsuetako batean lortutako igoerea, are gehiago kontuan izanda lehia ikaragarri handiko espazio akademiko bat dagoala, globalizazinoa mugak lausotzen dagoz eta ikasleak, batez be graduondoko goiko mailetan, gero eta zorrotzagoak diran erakundea aukeratzeko orduan. Ferreirak gogorarazo dau, EHU 500 unibersidade onenen artean dagoala Shanghaiko rankingean, izen oneneko sailkapena munduan. Euskal unibersidade publikoak nazinoartekotasun maila handia lortu dau eta gero eta izen hobea dauka akademia eta ikerketa arlo garrantzitsuenetan. Helburuetako bat da geure unibersidade-komunidadeak garatzen dauen prestakuntza akademikoaren, ikerketearen eta ezagutzearen transferentziaren kalidade handia hobeto ikusarazotea. Edozelan be, uste dogu geure kokapen erlatiboa hobetu daitekela eta hobetu egin behar dogula, eta horretan jarraituko dogu lortu arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu