Hemen da 52. Musikaste, Euskal Musikearen Astea
2024-05-14 08:40 MusikeaMaiatzaren 17tik 25era.
Eresbil – Musikearen Euskal Artxiboaren urrezko ezteien ospakizun betean dator jaialdia. 1974an sortutako erakundea da Eresbil eta gure konpositoreen obrez hornidutea izan eban jatorri, musika astean interpretetako. Erabagigarria izan da astearen bilakaeran, euskal musika-ondarea babesteko lan handia egin baitau. Bien jarduereak aukerea emoten dau jaialdiaren helburuak beteten jarraitzeko, besteak beste, sortzaileei eta interpreteei laguntzea, euren musikea deskubridutea eta egungo konpositoreei laguntza berezia emotea.
Musikaste maiatzaren 17an hasiko da Panpin Orkestra izeneko ikuskizunagaz, Idoia Hernández HATXEren konposizinoak oinarri hartuta. Errenteriako musikariek eta poetek, Herri Arte Eskolako orkestreagaz batera, beren ikuspegi musikal eta artistikoa eskainiko dabe.
Zapatuan, hilak 18, jantzak izango dira protagonista eta Kukai Dantza Taldearen ikuskizuna eta Txalaparta izeneko ikuskizun barriaren aurkezpena ikusi ahal izango ditugu. Jesús Rubio Gamoren koreografiagaz, Jon Mayaren zuzendaritza artistikoagaz batera, taldeko kideek sustraiko jantzearen eta haren ikuspegi garaikide barriaren artean nabegauko dabe.
Domekan, barriz, Errenteriako Udal Txistulari Bandearen ohiko Dianea izango da, eta ondoren kontzertua eskainiko dau. Parrokian, Ignacio Arakistainek organo kontzertua interpretauko dau eta, ondoren, Errenteriako Andra Mari abesbatzagaz batera, José Mª Goicoechea eta Pedro Aizpuruaren obrak interpretauko ditu. Goizeko saioari amaierea emoteko, Errenteriako Musika Bandeak Luis Fraca, hil barriaren oroimenez, Luis de Aramburu eta José Luis Marcoren obrak joko ditu. Arratsaldean, Lekuona Fabrikan, Koloreka kantari izeneko umeentzako abesbatzeari buruzko jardunaldia egingo da. Herriko bost ikastetxek kontzertua eskainiko dabe alkarregaz.
Hurrengo astean, hilaren 22ko eta 23ko jardunaldi pedagogikoak nabarmendu behar dira. Perkusinoari buruzko ikuskizuna eskainiko da, Living Room Music izenekoa eta txikienen gozamena ekarriko dau.
Maiatzaren 22an musika garaikidearen txandea izango da. Jon Ansorenak, txistuak, Gorka Catedianok, perkusinoak, eta Maria Zubimendik, eskusoinuak, osotzen dabe Trío Zukan hirukotea, eta Miren Lizeaga jantzariagaz batera, besteak beste, Zuriñe F. Gerenabarrena, María Eugenia Luc, Juan José Eslava eta Francisco Domínguezen obrak joko ditue, besteak beste.
Ganbera musikeak hartuko dau lekukoa hilaren 23an, eguenean, Tomás Garbizu, P. Donostia, Félix Lavilla, Jesús Guridi eta Maurice Ravelen lanen egitarau potoloagaz, Pavel Gomziakovek txeloan eta Josu Okiñenak pianoan interpretautakoak.
Barikuan, hilak 24, kontzertu bi izango dira egun berean: Lehenengoa herri musikeari buruzkoa izango da, Alain Griffin instrumentista zana gogoratzeko: Irati Irizarrek (biolina), Arkaitz Minerrek (gitarra) eta Herri Arte Eskolako dultzaina-taldeak Halfway to hell izeneko liburutik aukeratutako errepertorioa eskainiko dabe. Bigarren kontzertua, barriz, musika koralari eskainia izango da eta Euskal Herriko hainbat lurraldetako taldeak izango dira bertan, besteak beste, Baiona Euskal Herriko Abesbatza sortu barria, Bihotz Alai Algortako (Getxo) abesbatza beteranoa, Easo Emakumeen Abesbatza donostiarra eta Errenteriako Landarbaso Abesbatza. Formazino horreek izango dira bertan eta errepertorio ugaria interpretauko dabe, J.C. Arriagaren, Vicente Goicoechearen, José Domingo de Santa Teresaren, Javier Bustoren, Jesús Guridiren eta José de Olaizolaren obrakaz.
Amaitzeko, kontzertu sinfoniko-koralak zarratuko dau edizino hau: Euskadiko Orkestreak eta Andra Mari Abesbatzak, Baldur Brönnimannen zuzendaritzapean, Ramon Lazkano, Itziar Viloria eta Pascual Aldaveren obrez osotutako errepertorioa aurkeztuko dabe. Gainera, Pascual Aldave jaio zaneko mendeurrena ospatzeko aukerea izango da ekitaldian.
Kontuak kontu, kontzertuak Errenteriako Niessen Kulturgunean, Madalena ermitan eta Lekuona Fabrikan izango dira. Sarrerak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!